Hipoteka bai, baina etxerik ez

Ziur aski, beren etxetik bidali dituzten pertsonena da egungo krisialdi ekonomikoak eragindako errealitaterik gordinena. Beste leku askotan gertatzen ari den moduan, Bizkaian ere azaleratu da hipoteka ordaindu ezin eta kalean gelditzen direnen zorigaitza. Espainiako Konstituzioak etxebizitza duina herritar guztien eskubidea dela zehaztu arren, legea eta errealitatea ez datoz bat. Bada, gizarte bidegabekeria horren ondorioak sufritzen dituzten pertsonak elkartu, eta aspaldian dabiltza euren arazoari ahalik eta oihartzunik handiena ematen.

Joan den ostegunean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako justizia arloko buruzagiekin bilera egin zuen Marta Uriartek, Bizkaiko Stop Desahucios plataformako ordezkariak. Etxeak husteko kontrako mugimenduaren kide Rosa de la Fuentek azaldu du zer jazo zen bileran. “Iritzien trukea egin dugu, [EAEko] Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra, Eusko Jaurlaritzako Justizia zuzendari Marta Higueras eta Justizia sailburuorde Maria Victoria Cintorekin. Sailen arteko zeharkako plana egin nahi dutela adierazi digute, hipotekak betearazi eta etxeak husteari dagokienez bitartekaritza arautu bat zehazteko”. Aurrerantzean bilerak egiten jarraitzea adostu dute, eta agintariei euren eskaerak egin dizkiete: “Ordaindu ezin dutenei hirutik bost urtera bitarteko ordainketa atzerapenak [kaleratuko dituzten] ordaindu ahal izateko, eta, etxea kentzeaz gain, zenbaitetan familiei zorra barkatzea”. Ibarrari gaur egun dauden kasuak azaldu dizkiote. “Doako justizia, laguntza, baliabideak eta bitartekaritza proiektua berehala abian jartzea behar dugu”.

Hitzetatik ekintzetara

Onartu dutenez, EAEko justizia arloko agintarien eskumenak mugatuta daude, eta ez dira nahikoak euren eskariak asetzeko. Dena den, kaltetuen egoera hobetzeko proiektua garatu gabe dago, eta, oraingoz, ez dute dokumenturik jaso. “Jaurlaritzan bilerak egiten dabiltza, baina elkarrizketak lehen fasean baino ez daude”. Hala ere, plan horren garapenean parte hartzeko eskaria helarazi diote gobernuari. “Aldeko jarrera agertu dute, eta hori positibotzat jotzen dugu. Arazoa da gure eguneroko errealitatea oso zaila dela. Ekintzak behar ditugu”. Amaia Goikoetxearen kasua mahaiaren gainean jarri du, haren etxearen enkantea egin baitzuten Barakaldoko epaitegian joan den ostiralean. “Bost urteko ume batekin eta zor izugarriarekin gelditu da kale gorrian. Hori pertsona bat bizirik ehorztea da; are gehiago, umetxo bat duen emakume dibortziatu baten kasuan. Pobrezia larrian erortzea da, drama bat”. Bizkaian egunero etxeak husten diren arren, aurrerantzean egoera larriagoa izango dela ziurtatu du. “Orain artekoa izozmendiaren erpina baino ez da. Ez dut nik esaten: aurreikuspenek diote, argi. Krisia hasi eta lanpostuak urritzen hasi ziren. Orduan, kaleratzeek gizarteko sektorerik ahulenei kalte egiten zieten: guraso bakarreko familiak, adinekoak… baina orain beste soslai bat duten pertsonak hasi dira kalteak jasaten; besteak beste, autonomoak, klase ertainekoak edo enpresaburuak”. Auzi honen inguruan bankuek “jarrera guztiz itxia” izan dutela salatu du: “Bankuek, eta aurrezki kutxek, ez dezagun ahaztu”.

Gizarte ekintza, susmopean

Azken asteetan egin dituzten elkarretaratzeetan, Kutxabankek gizarte ekintzari zuzendutako saila izatea eta aldi berean kaleratzeak egiten jarraitzea bateraezina dela salatu dute. “Alde batetik, argi dago gizarte ekintza bertan behera utzi nahi dutela. Gizarte ekintza jorratu nahi badute, has daitezela ordaindu ezin daitezkeen hipotekak negoziatzen”. Krisialdi ekonomikoa bankuek eragin dutela ohartarazi du. “Herritar guztien diruarekin bankuei bermeak eman dizkiegu, eta haiek ez digute herritarrei ez luzapenik, ez likidotasunik ematen. Bitartean, bankuek Europako Banku Zentralean dirua %1ean erosten dute, gero estatuari eta autonomia erkidegoei %5 eta %7 artean saltzeko”.

Gobernuek kredituak eskatzeko beharra dutenez, “bankuek ez dute herritarrei dirua mailegatzeko beharrik”, De La Fuenteren esanetan. Salatu duenez, eraikuntza enpresa handiek bankuekin duten zorra familiena baino askoz handiagoa da; “hala ere, haiei zorra barkatzen diete, eta guri ez digute inolako aukerarik ematen. Familiei zorra barkatzeak eragin txikia izango luke, eraikuntza enpresa eta sustatzaileek duten zorra barkatzeak duen eraginarekin alderaturik”.

Diruaren zikloak

Ikuspuntua aldatuz, eta atzera begira, 1980ko hamarkadan izandako krisi ekonomikoa eta gaur egungoa alderatu ditu, baikortasunari tarterik utzi gabe. “Duela 30 urte jendeak lanpostua galtzen zuen, baina etxea mantentzen zuen. Orain, ostera, lanpostua eta etxea galtzen dugu. Hori da krisi honen benetako aurpegia”. Europako herrialde askotan, etxebizitza bahitu ezin den ondasuna dela gogorarazi du. “Europako legegintzak oztopatuko lukeena gertatzen da hemen: bankuak zure etxea kendu arren, errekan egon arren, ez dizute zorra barkatuko”.

Gaur egun, banakoek bankuen kredituak jasotzeko zailtasun handiak dituzte. Orain dela hamar bat urte, berriz, erraztasun handiz lortzen ziren kredituak. De La Fuenteren iritziz, bankuek etxebizitzekin egindako negozioaren alde garrantzitsua izan da. “Krisia dela eta, errentagarriagoa da bankuentzako pisuen negozioa. Orain, etxearekin geratzen dira, bermea eman dutenek ordaintzen jarraitzen dute, eta etxea beste pertsona bati saltzen diote”. Enkantean saltzen ari diren etxeak “sekulako pagotxa” dira. “Horren bitartez merkatua lehertu dute, eta, hala ere, saldu gabe gelditzen da etxe ugari. Bitartean, gero eta jende gehiago dago kalean”. Etxeak enkantean ez erosteko deialdia egin du Stop Desahucios plataformak. “Gutako edozeini gerta dakioke. Beste pertsonen etxeak enkantean ez erostea da etikoena”.

Gizarte mobilizazioa

Etxebizitzaren eta kaleratzeen auziek hartu duten neurriaren ondorioz, gizarte mobilizazioa “gero eta handiagoa” dela dio De La Fuentek. Alta, pertsona askorentzako arazoa jendaurrean onartzea ez da erraza izaten. “Estigma bat dago. Bazterketari eta txirotasunari buruz ari gara”. Aitortu duenez, plataforman parte hartzen duten pertsona gehienak “zuzenean kaltetutakoak” dira, baina elkartasuna adierazi dieten beste asko ere badago.

Euren pairamendua nork sortu duen argi dauka plataformako kideak: “Bankuek eragindako krisiaren ondorio bat da kaleratzeen arazoa”. Horrez gain, bankuek botere publikoen babespean jokatu dutela ohartarazi du. “Gobernuak ez du ekiten jakin, ez du merkatuak kontrolatzen jakin. Gobernatzen dutenak merkatuak dira”.