Lokarria eztula lotzeko

San Blas

Abadiño

Abadiñok harrera egingo dio gaur urteko jai nagusiari. San Blas eguna ospatuko dute bertan, Euskal Herri osoan ezagun bihurtu den azokarekin. Eztarriko gaitzak uxatzeko bedeinkatutako lokarri eta erroskillaz haratagoko jaialdi bihurtu da, dagoeneko, gaurko ospakizuna. Edozelan ere, horiek ere tartea izango dute.

Ganadua, baserrirako tresnak, burdineria, ortuariak, fruituak, gazta, txakolina, ogia, eztia, artisautza eta landareak aurkituko ditu gaur Abadiñoko azokara biltzen denak. XX. abelburu erakusketa ere izango da.

09:00etan, Txanbolin taldeak alaitutako kalejirak girotuko du herria. Umeek euren txokoa izango dute Txanporta kultur etxeko arkupean, eurentzako tailerrak antolatu dituzte-eta bertan.

12:00etan, bertsolarien txanda iritsiko da. Xabier Amuriza, Garikoitz Sarriugarte eta Eñaut Uruburu ariko dira bertsotan Gogaikarri bertso eskolako ikasleekaz batera, Ferialeku plazan.

Probalekuan herri kirolak izango dituzte 12:30ean, eta, gero, nekazaritza produktuen sari banaketa egingo dute. Eguneko ospakizunei bukaera emateko, Lotxo taldearen erromeria izango da Ferialeku plazan.

Dena dela, idi probek ere lekua izango dute San Blas egunean, eta baita datozen egunetan ere. Gaur, 17:00etan eta 22:00etan egingo dituzte. Bihar ere, ordu beretan izango dira, eta domekan, berriz, 18:00etan. Hurrengo astean ere egongo dira.

San Blas txiki

Etxeko txikienak izango dira bihar Abadiñoko protagonistak, San Blas txiki egunean. 11:00etan eskola arteko krosa jokatuko dute Traña-Matiena auzoan. Bidezabal atletismo taldeak antolatutako txapelketa da hori. Kirolarekin jarraitzeko, 14:30ean, V. Eskola Igeriketa liga izango da udal igerilekuetan.

18:00etan, Tor magoaren magia erakustaldia izango da kultur etxean. Gero, txokolate jana prestatuko du Txirikilla aisialdi taldeak.

Egunari bukaera emateko txosnetan rock jaialdia antolatu dute. Hiru talderen musika zuzenean entzuteko aukera izango da 23:00etatik aurrera: Kruders, Arkada Social eta Itziarren semeak.