Erlijio Katolikoa ikasgaia aukeratzerakoan

Urtarrilaren 30etik otsailaren 10era ikasleek datorren ikasturterako izena emoteko epea zabaltzen dala-ta, preminazkotzat joten dot eskolako irakaskuntza erlijiosoaren gaur egungo egoereaz hausnarketa egitea. Irakaskuntza erlijiosoa, izatez, zabala eta anitza dala eta kulturak, jakintzak, gaitasunak, giza balioak eta gizarte kezkak buztartzen dituala sinistuta egiten dot.

Familia eta ikasle guztien aukerak errespetatuta, erlijinoko eskola europar legediaren esparru legalaren, espainiar Konstituzinoaren, Hezkuntzarako Lege Organikoaren eta Euskal Eskola Publikoaren Legearen barruan gauzatzeko eskubidea da, eurok bermatzen eta arautzen dabelako dalako eskubide hori.

Erlijinoa irakasgaia eskolako ikasgai lez kokatzeko eta argitzeko lagungarri izan daitekezan kontu batzuk aztertu gura dodaz:

Ba ete dau gaurkotasunik eta etorkizunik erlijinoko eskolak?

Hezkuntza erreferente bezala hartu (esate baterako, Hezkuntzarako Europar Batzordea) eta Europari begiratzen badeutsagu, zera ikusiko dogu: behin eta barriro aitatzen dabela ezinbestekoa dala kultura erlijiosoa geletan. Europar alkarteko herrialde gehienetan egiaztatu daikegu hori, erlijinoa hezkuntza sisteman txertatzen dabelako eta akordioak daukiezalako erlijino sinismen desbardinekin, aukera anitzekin.

Maila zehatzagoan, familia askok eta ikasleek eurek erlijinoa ikasgaia eskatzen dabe eskola publikoan zein kontzertatu ez konfesionalean.

Eskubide hau errespetatu egin behar da eskolan bertan. Ikastetxeak legez derrigortuta dagoz Haur Hezkuntzan, hiru urtekoen geletan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan —18 urtera arte— erlijinoko eskola eskaintzera. Zoritxarrez, irakaskuntza erlijiosoak era askotako presinoak jasaten ditu leku askotatik, hezkuntza esparru publikotik kanpo iztea edo gurasoei euren seme-alabak ikasgai horretan apuntatzea burutik kentzea helburutzat hartuz, sinisgarriak ez diran argumentuak —askotan ideologiko samarrak— erabiliz eta, batez be, familiei jagoken funtsezko eskubide hau askatasunez betetea galarazoz. Administrazino desbardinek eta ikastetxeek eurek arreta eta ardura jarri behar dabe legaltasuna bete daiten eta, batez be, gure funtsezko ordenamentu juridikoan jasoten danaren arabera, familiek euren uste sendoetan oinarritutako hezkuntza jakin bat aukeratzeko askatasuna gauzatu daien.

Zer eskaintzen deutso erlijinoa ikasgaiak ikasleari eta eskoleari?

Esan daigun, lehenengo eta behin, erlijinoa ikasgaia, abagunea dala, kristinau mezuak eta bere kulturak, beste jakintza eta bidezko aukera batzuekin batera, honeekaz alkarrizketan, eskaintzen daben alderdi pertsonal eta sozialeko hezkuntzaren aldeko aukerea. Eskoleak, laikoa edo konfesionala, publikoa edo kontzertatua izan, jakintza eta balioak, ezagutzak eta gaitasunak buztartu behar ditu, bere baitan onartu behar ditu guztiak, erlijinoen eta euren kulturen munduagazko alkarrizketa eta bizikidetasunean, gaitasun espiritualean hezi behar dau, osoko hezkuntzari begira.

Euren seme-alabak erlijinoa ikasgaian matrikulatzeak daukan garrantzia gogorarazo gurako neuskie kristinau familiei. Benetako hezkuntza, gizakiari errealidade oso-osoa eskaintzea da eta, horregaitik, nahitaezkoa da harek gizakiaren alderdi guztiak bere gain hartzea. Zalantza barik, erlijinoak asko aberasten dau hezkuntza arloa. Erlijinoaren irakaskuntzak berezkoa dauan alderdian hezten dau umea eta gaztea, gizakia ez dalako arrazionala eta soziala bakarrik, alderdi erlijiosoa eta transzendentea be osagaitzat ditualako. Hezkuntza erlijiosoak gure bizitzako eta gure izatearen azken zentzunari buruzko galderarik sakonenei erantzuten laguntzen dau: nondik nator, ze zentzun dauka nire bizitzak, zer itxaron daiket, zer da maitatzea, zergaitik parkatu behar dot, ze zentzun dauka gaixotasunak, zer esan gura dau heriotzak, zelan egin gizarte zuzen eta solidarioa, egian eta guztion ongizatean sustraitutako gizartea, giza bihotzaren guraririk sakonenekin bat datorren gizartea. Gure bizitzari zeru-muga barria dakartsan Nazaretheko Jesusegaz bat egitean eta Bera ezagutzean aurkituko doguz galdera honeei erantzuteko funtsezko giltzak.

Gainera, irakaskuntza erlijiosoak ikaragarri eragiten dau hazkunde pertsonala, eta egian eta onbidean, alkarrenganako errespetu eta tolerantzian, maitasun eta parkamenean, alkartasun eta doakotasunean, zuzentasun eta bakean, erruki eta gupidan, behartsuenenganako laguntasunean eta makalen babes eta tutoretzan sustraitutako gizarte eta munduaren eraikuntzan erabagigarria da. Ekarpen guztiz positiboa dau oinaze eta bidebakokeriak sortzen dituan eukite, menperatze eta aginterako grinan hainbestetan jausten dan mundu hau gizatasunez beteteko.

Era berean, kristinau sustrai sakonak dituan gure kultura baloratzen laguntzen deusku eta, maila pertsonalean zein sozialean, gure izatasuna itxuratu dauan eta kristinautasunaren erreferentzia barik erraz ulertu ezin daiteken gure zibilizazinoaren zutabeetako bat izan dan legaduan parte izaten.

Beraz, arrazoi honeek eta beste batzuek bideratuta eta suspertuta, guraso kristinauek Erlijinoa ikasgaian matrikulatu behar dabez euren seme-alabak.