Aldundiak dio Bizkaia aurrera doala garapen iraunkorrerako bidean

Bizkaia garapen iraunkorrerako bidean doala ondorioztatu du Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, zenbait adierazleren eta bizi-kalitatearen azterketan oinarrituta. Iosu Madariaga Ingurumen diputatuak azaldu duenez, aztertu diren iraunkortasun adierazle gehienek mende honen lehenengo hamar urteetan “joera positibo argia” azaldu dute bilakaeran.

Hain zuzen, Biztanleen II. Mahaiari buruzko datuen arabera, “bilakaera hori positiboa izan da arlo ekonomikoan, ingurumenaren alorrean, baliabideen erabilerari dagokionez eta garapena gizartean barneratzearen alorrean”.

Aztertutako adierazleei dagokienez, ekoizpen prozesuetan baliabide gutxiago erabiltzen direla erakusten duten datuak jaso dituzte. Beraz, Bizkaian, azken hamarkadan, lan ekoizpenean egin diren hobekuntzak etengabeak izan direla ondorioztatu du aldundiak egindako ikerketak.

Bestalde, 2001az geroztik ekoiztutako BPG barne produktu gordinaren unitate bakoitzeko gero eta energia kontsumo intentsitate gutxiago behar da. Horrek agerian uzten du, aldundiaren ustez, “kontsumo eredu arduratsuetarako bilakaera”. Bestetik, zaborrari dagokionez, biztanle bakoitzak etxean sortzen duen hondakin kopuruak beherakada nabarmena egin du 2008. urtetik aurrera, datuon arabera.

Horrez gain, Bizkaiko ekonomiak sortutako BPG unitate bakoitzeko karbono dioxido isurketa gero eta txikiagoak sortzen ditu. Horrek, epe luzera lurralde historikoaren garapen ekonomikoaren ereduaren iraunkortasuna hobetu egingo dela prentsarazten du aldundiak. Bestalde, airearen kalitate mailak ere egonkortzeko joera erakutsi duela jakinarazi dute.

Bizi-kalitatearekin, pozik

Uraren kalitateari dagokionez, 1985az geroztik, Bizkaiak garapen positiboa izan du. 2007rako —urte horretan argitaratu zuten azkenengoz adierazle hori— bizkaitarren %97,2k kalitate egokiko ura zeukan eskura.

Lan horrek beste helburu bat ere bazeukan. Hain zuzen, garapen iraunkorrak lortutako mailari buruz eta horrek bizi kalitatean daukan eraginari dagokionez herritarren pertzepzio maila neurtzea. “Kopuru handi bat pozik dago daukan bizi-kalitatearekin eta berau determinatzen duten alorrekin”, adierazi du Madariagak. Horrez gain, “bizi-kalitatean eragina duten alde guztietatik familia arteko harremanak dira bizkaitarrak gehien asetzen dituztenak. Horrekin batera, daukatenaz gozatzeko duten gaitasuna eta gainerako pertsonekin dituzten harremanekin ere pozik” ageri direla azaldu du Ingurumen diputatuak.

Populazioa hezkuntza eta osasun mailekin, etxebizitzarekin eta garraio publikoekin “oso pozik” daudela erantzun dute. Bizkaia 21 programaren eta Iraunkortasunerako Hezkuntzarako Ekintza planaren esparruan egiten den bigarren ikerketako datuak dira horiek guztiak.