Udaberrian hastekoak dira Gobela ibaiko lanak, Errekaganeko tartean

Uholdeetako Batzorde Bereziak hartutako erabakiaren arabera, udaberrian hastekoak dira Getxoko Gobela ibaiko lanak, Errekaganeko tartean. Izan ere, Ura ur agentziak tarte horretarako aurkeztutako alternatibetan bigarrena aukeratzea erabaki du batzordeak. EAJren eta Bilduren aldeko botoak, PPren kontrakoa eta PSE-EEren abstentzioa jaso zituen proiektuak martitzenean.

Adostasun horri esker, orain, Urak jendaurrean zabaldu beharko du proiektua, eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko da, Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Jardunbide horri udalbatzak onespena eman beharko dio ostean. Udalak jakinarazitakoaren arabera, izapide horien guztien ondoren, lanak aurtengo bigarren hiruhilekoan hasiko dituzte, eta bi urte iraungo dute gutxi gorabehera.

Udalaren pabiloiak, eraitsi

Urak aurkeztutako aukeretatik batzordeak hautatutako alternatibaren arabera, tarte horretan dauden pabiloi pribatuak dauden bezala utziko dituzte, eta udalarenak, ordea, bota egingo dituzte. Udalaren pabiloiak eraitsita, ibaiak, gaur egun duen sei metroko zabalera barik, hamaika metrokoa izango du.

Imanol Landa Getxoko alkatearen esanetan, pabiloietako lanak bigarren mailakoak dira, erabaki garrantzitsuena proiektuaren hirugarren faseko lanak direlako: Leioako zubitik eta Valdesko gainezkabidera arteko tartean egingo direnak. Hain zuzen, Landak azaldu duenez, “lan horiei esker ibaiak ondo erantzungo du euriteengatik gainezka egiteko arriskua dagoen bakoitzean”.

Udal gobernua pozik dago batzordeko kideen artean sortu den eztabaida “aberasgarria” izan delako, “iritzi desberdinak” egon diren arren. Horrez gain, pabiloiak erabiltzen dituzten gazteen jarrera ona ere nabarmendu du.