Menpekotasun arineko eskaera berriak, aldundiaren ardurapean

Estatuaren gastua eta defizita gutxitzeko, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak hainbat neurri hartu ditu joan den abenduan kargua hartu zuenetik. Besteak beste, iragarri du ez dituela onartuko menpekotasun arina duten herritarrek diru laguntzak jasotzeko aurten egingo dituzten eskaera berriak. Alegia, orain arte eskaera onartuta zutenei baino ez die ordainduko 2013a bitartean. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du bere gain hartzea aurten aurrenekoz laguntza eskatuko dutenei ordaintzea. Gizarte Ekintzako Sailak egindako kalkuluen arabera, 1,5 milioi euroko kostua ekarriko dio horrek aldundiari.

Gaur egun, Bizkaian 2.000 herritar inguruk jasotzen dute laguntza menpekotasun maila hori dutelako. Batez beste, espero dute aurten beste 1.800 bizkaitarrek eskatuko dutela, denek aurreneko aldiz. Alegia, Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren arabera, ez dute ezer jasoko.

Laguntzak zabaldu

Espainiako Menpekotasun Legea 2006an onartu zuten Espainiako Gorteek. 2007ko urtarrilean hasita, menpekotasun handia (hirugarren gradukoak) dutenek izan dute diru laguntza eskatzeko eskubidea. Hurrengo hiru urteetan, bigarren gradukoei ordaintzen hasi ziren. Iaz eta aurten eskuratu dute maila arinekoek kobratzeko eskubidea. Eskubide hori bermatze aldera hartu ditu ordainketak bere gain aldundiak.

Foru Aldundiak ezagutzera emandako datuen arabera, Bizkaian laguntza jaso duten herritarren artean 38,4 milioi euro banatu dira legea indarrean sartu zenetik. Laguntza horiei esker, menpekotasuna dutenek hainbat laguntza jaso ditzakete; besteak beste, etxean zainduak izateko laguntza, diru laguntzak edo egoitza batera joan ahal izatea. Aurreneko urtean, Bizkaian 20 bat lagunek jaso zuten laguntza, eta gaur egun, menpekotasun maila guztietakoak zenbatuta, 10.695 herritarri ematen zaizkie laguntzak. Aurten onartzekoak diren 1.800 kasu berriekin, menpetasuna duten 12.000 herritarri baino gehiagori lagunduko zaiela espero dute.