Iraganaren lekuko

Bisita gidatua

Bilbo

Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoak bisita gidatuak antolatu ditu aurrenekoz. Asteartero, gidari batek lagunduta, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean dagoen eraikinaren barrunbeak ezagutzeko aukera egongo da. Horretarako, aurretiaz hitzordua eskatu behar da agiritegian bertan. Bisitan gehienez hamar lagunek parte hartu ahal izango dute.

Foru Agiritegi Historikoak gordeak dituen dokumentu guztiak ilaran jarriz gero 20 kilometroko lerroa osa daitekeela diote bertako arduradunek. Horiek guztiak nola gordetzen diren erakutsi eta azalduko zaio bisitariari. Gainera, etengabe dokumentu berriak iristen dira. Hala, agiri bat artxibora sartzen den unetik artxibatuta eta ikertzaileen erabilerarako prest geratzen den unera bitartean jarraitzen duten prozesua zein den ere azalduko zaio bisitariari.

Agiritegian dauden dokumentu gehienak XIX. mendekoak dira, baina badira XVI. mende hasierakoak ere. Gehienak, gainera, publikoak dira; alegia, instituzioek sortutako dokumentuak: Batzar Nagusietakoak, foru aldundikoak, Bizkaiko Jaurerrikoak, diputazio probintzialekoak, udaletakoak zein epaitegietakoak. Pribatuei dagokienez, familia batzuek gorde dituztenak eta enpresetakoak daude. Batez ere, horiek hasi dira ugaritzen aspaldion, agiritegiak berak hainbat enpresatara jo duelako agiri eske, euren dokumentuok gordetzeari interesgarri iritzi diotelako. Agiri guzti-guztiak Bizkaikoak dira.

Erakusketa

Bisita gidatua beheko solairuan dagoen Ondare aretoan hasten da. Egun Bilboko Kontsulatuaren V. mendeurrenari buruzko erakusketa dago ikusgai bertan. Kontsulatua sortu zeneko agiriekin batera, euskal kostaldeko lehen irudikapen kartografikoak, grabatuak, mapak, liburuak, argazkiak, tapizak eta margolanak ere ikusgai daude.

BISITA GIDATUA

Non. Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan (Maria Diaz de Haro kalean).

Noiz. Asteartero, 18:00etan.

Izena emateko. 94-406 77 37; ondarearetoa@bizkaia.net.

Sarrera. Doakoa da.