Inauteriak iristeko hilabete baino gutxiago falta dela, Bilboko Euskal Museoak giroa berotzeko aukera eskaintzen du. Martxoaren 4ra bitartean, Inauteriak, Europako errege izeneko behin-behineko erakusketa ikusi ahal izango da. Izenak berak dioen modura, Euskal Herriko inauterietako figurez gainera, Europako hainbat herrialdetako aratusteak ere Bilboratu dituzte. Besteak beste, Italia, Eslovenia, Errumania, Polonia, Bulgaria eta Mazedoniako inauteriak nolakoak diren ezagutzeko parada eskainiko zaio bisitariari.
Inauteria nekazaritzari eta lurrari lotutako aroa da, nahiz eta gerora Eliza Katolikoak ospatzen duen garizumari atxiki zaion. Hala, betidanik, neguko egunetan udaberriari dei egin izan zaio, oparotasunari, uzta berriari. Horretarako, maskarak eta pertsonaia sinbolikoak erabili izan dira, aztikeriari lotutako errituak sortuz. Aztikeria horien bidez, uztak ugaritu nahi ziren, herrikoen sexualitatea piztu, orientatu eta emankor bihurtu, eta, gainera, aro emankorrera itzultzen lagundu eta denboran berritu.
Egitasmoaren helburu nagusia Europako herri guztien sustrai kultural komunak hobeto ezagutaraztea da, eta Europako museo etnografiko nagusietako batzuen arteko lan sarea sortzea ere bai. Josu Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak azaldu duenez, erakundeen arteko lankidetzari esker antolatu da erakusketa, aurrerantzean jarraitu beharreko lan egiteko modu baten abiapuntu modura.
Orain arte, Europa osoan 200.000 bat lagunek ikusi dute erakusketa hau. 2007. urtean sustatutako Carnival King of Europe proiektuaren barruan dago. Museo Degli Usi e Costumi della Gente Trentina de San Michele all’Adige Italiako museoaren egitasmoa da. Harekin elkarlanean, kontinente osoko hainbat museo etnografikok lagundu dute erakusketa osatzen eta aberasten. Eta herrialdez herrialde osatzen joatea da arduradunen asmoa.
Bakoitzetik zerbait
Europako hainbat inauteritako 70 objektutik gora ikus daitezke egunotan Bilboko museoan. Euskal Museoko zuzendari Amaia Basterretxearen arabera, batez ere maskarak izango dira ikusgai. Erakusketak hiru sail espezializatu ditu. “Atalek ez dituzte edukiak gaika antolatzen; inauteriaren pauso ezberdinak azaltzen dituzte”, dio Basterretxeak. Aurrenekoak inauteriaren lehen edo hasierako fasea lantzen du, beldurrari lotuta dagoena. Ondoren, bigarrenean, zeremonia edo erritua nolakoa den azaltzen da. Azken atalean, inauteria edo hura ordezkatzen duen ikurra nola hiltzen den deskribatzen da. Ez alferrik, ia inauteri guztietan ikurra erre egiten dute azken egunean, festari edo aroari bukaera emateko asmoz.
Hori ez da erakusketan bildu dituzten inauteriek duten elementu komun bakarra. Basterretxeak dio antzekotasunak nabarmenak direla. “Funtsean ez dago ezberdintasun handirik Euskal Herriko eta Errumaniako edo Italiako inauterien artean. Pertsonaiak ia berdinak dira”. Hartzaren adibidea jarri du: ia leku guztietan agertzen dela azpimarratu du. “Baita heriotza eta agureak ere”. Animalien gorputzen parteak sarri agertzen direla ere badio; bereziki, larrua eta adarrak. “Oro har, naturako elementuak erabiltzen dira inauterietan”. Hala, desberdintasuna herri bakoitzean erabiltzen den mozorroak ordezkatzen du: “Arlo horretan, herri bakoitzak berezko jantziak ditu”.
Euskal Herrian inauterietan erabiltzen direnak, adibidez, askotarikoak direla dio Basterretxeak. Halere, ezin denak bildu. “Erakusketan Euskal Herriko jantzi eta pertsonaia asko daude ikusgai, baina ez denak”, ohartarazi du. Ez dira gutxi, dena den. Museoak zituen guztiak jarri baititu bisitarientzat agerian: Ziripot, Lantzeko herritarrek egindako Miel Otxin, Unanuko mozorroa, Katilungorri, Zamaltzain, Lesakako inauterietako pertsonaia bat, joalduna, Markitos eta Mundakako atorrak, besteak beste.
INAUTERIEN ERAKUSKETA
Non. Euskal Museoan (Bilbo).
Noiz. Martxoaren 4a bitarte. Ordutegia. Asteartetik larunbatera, 11:00etatik 17:00etara;
igandeetan, 11:00etatik 14:00etara. Astelehen eta jaiegunetan, itxita.
Sarrera. 3 euro; ikasleek eta taldeek, 1,5 euro pertsonako; 10 urtetik beherakoek, doan.