Kolpez kolpekako lehia

Boxeo lehiaketa

Sestao

Boxeo erakustaldia izango da bihar Sestaon. Hain zuzen, 2012ko boxeo olinpikoaren Bizkaiko lehiaketarako kanporaketa txapelketa egingo dute Benedicta kiroldegian. 18:00etan abiatuko dute norgehiagoka, eta irabazten dutenak hurrengo asteko finalerdietara pasatuko dira. Han nagusitzen direnek finala jokatuko dute otsailaren 11n.

Gizonezkoak ikusteko aukera izango da bihar. Emakumezkoek, lehiatzeko prest egon badauden arren —hiruk eman dute izena— , ez dute euren mailetan borrokatzeko aurkaririk. Beraz, zuzenean Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako boxeolarien norgehiagoka hartzen duen txapelketara pasatuko dira, Carlos San Jose Bizkaiko Boxeo Federazioko presidenteak jakinarazi duenez.

‘Superwelter’-ekoak gehienak

Gizonezkoei dagokienez, bestalde, superwelter deritzon kategoriakoak —66,678 eta 69,853 kilogramo artekoak— izango dira lehiakide gehienak. San Joseren arabera, lehenago “luma-pisukoak eta arinak ziren. Orain, ordea, gazteak gehiago hazten dira, eta pisu gehiago hartzen dute lehen baino elikadura hobea dutelako”, argitu du.

Bestalde, faborito batzuk egon badauden arren, ez du esan gura izan nor ikusten duen garaile, “besteekiko mespretxurik ez egiteko”. Hala ere, uste du berak garaile ikusten duen gizonezkoa Espainiako lehiaketara iritsiko dela. “Eta handik bueltan —apirilean—, profesionalen mailan sartuko da”, iragarri du.

Bizkaian boxeolarien maila goraka doala deritzo Carlos San Josek. “74 urte dauzkat. Nire sasoietan zapatu guztietan egoten ziren boxeo erakustaldiak. Boxeoa ez da elkarri jotzea soilik, arau eta teknika batzuk daude”, zehaztu du.

Halere, garai batean PSOE alderdiak kirol hori debekatu egin gura izan zuela ekarri du gogora, eta ondorioz praktika horrek eta haren jarraitzaileek “behera nabarmen” egin dutela esan du.

Dena den, “apurka indarra berreskuratzen” ari direla dio, baita lehiaketetara ikusle asko joaten direla ere: “Sestaon, 600 eta 800 bitarte izaten dira”. Bihar txapelketa ikusi gura duenak hamar euro ordaindu beharko du sarrera.