Azken txanpa indartsua sanbizenteak bukatzeko

Joan den asteburuan hasi ziren Barakaldon San Bizente jaiak ospatzen. Hala ere, igandean da santuaren jaieguna eta ordura arte asteburu indartsua dute aurretik. Gaur bertan, kasurako, Mozorro Eguna ospatuko dute, Horterak vs Fashion Victims lelopean. 20:00etan dute mozorroak erakusteko ordua barakaldarrek. Jai batzordeko txosnatik abiatuko dira, rally paseoa deitu duten ekimen batean. Etxean gordetako trapu zaharrak hartu eta aldean jantzita kalera irteteko deia egin dute. Ordu berean hasiko da, Laguntasuna elkartekoek antolatutako lagunarteko kantaldia.

Gauean, berriz, musika izango da nagusi. 22:00etan hasiko da Habeas Corpus, Itziarren Semeak eta Rocjkskull taldeen kontzertua. Ordu berean ekingo diote bertso afariari San Bizente garagardotegian. Kantuan Julio Soto eta Onintza Enbeita bertsolariak arituko dira.

Umeei eskainitako eguna izango da biharkoa. Goizean hasita, hainbat ekintza izango dituzte eurentzako beren-beregi prestatuta. 09:00etan eskubaloian aritzeko aukera izango dute, Alkartu ikastolan. 11:00etan, berriz, areto futbol txapelketako finala jokatuko dute leku berean. Kirola ez diren bestelako jolasak nahiago dituztenek, Velazquez plazan izango dute aukera.

Arratsalderako, berriz, makina bat kontu jaso ditu egitarauak. Kasurako, Laguntasunako fanfarreak eta txistulariek kalejira nagusia egingo dute, Elizatearen plazan hasita. Gauean, Laket taldearekin erromerian dantzatzeko aukera egongo da, San Bizente parkean. Gazte Eguna ere bada biharkoa. Herri bazkaria, esate baterako, 14:30ean egingo dute.

Igandean bukatuko dira Barakaldoko San Bizente jaiak. 10:00etan hasiko da San Bizente parkean egingo den nekazaritza eta artisautza azoka. Leku berera bildu beharko dute tortila eta bakailao txapelketetan parte hartu gura duten herritar guztiek ere. 13:00etan, berriz, harri zulatzaileen saioa izango da, parkean bertan. Ondo bazkaldu eta musean aritu ostean, 20:00etan bukatuko dira aurtengo San Bizente jaiak, traka zaratatsu batekin.

SAN BIZENTE JAIAK

Non. Barakaldon.

Noiz. Igandera bitartean.