Erosketen aroak ez du etenik: Gabonak pasata, merkealdia iritsi da. Joan den larunbatean hasi zen, eta hiru hilabetez arropa eta oinetakoak merkeago erosteko aukera izango dugu gure herri eta hirietako dendetan. Oro har, Eguberrietako kanpaina motela izan bazen ere, larunbatean Bilboko dendak jendez lepo zeuden. Zazpikaleetan, kasurako, ez zegoela ia ibiltzeko lekurik dio auzoko merkatarien elkarteko buru Jon Aldeiturriagak. “Goizean ere bai, baina arratsalde partean, batez ere, sekulakoa izan zen. Aspaldiko jendetsuenetakoa”.
Udazkenetik kexu agertu dira dendariak. Izan ere, urtaroak ez zituen eguraldi aldetik zegozkionak bete. Lehorretik eta epeletik jo zuen urrian eta azaroan. Gabonetako opariak erosteko garaia iritsi zenean, ordea, haizeteak eta euri zaparrada mardulak izan genituen. “Azken urteetako Gabonetako kanpainarik txarrena izan da aurtengoa”, gogoratu du. Horri krisi ekonomikoak eragindako diru falta eta gastatzeko beldurra gehituz gero, horra Aldeiturriagak salmenten hotzaldiari aurkitutako arrazoiak.
Merkealdian salmentak hobetuko diren esperantza badu, baina, hala ere, argi utzi nahi izan du horrek ez duela neguko kanpaina salbatuko. “Egin kontu merkealdian irabaziak gutxitu egiten direla, dendariari erosketa eta salmenta prezioen artean geratzen zaion tartea gutxitu egiten delako”. Hala ere, egoerari eusten laguntzeko besteko salmentak izatea espero du. Adibidez, Bilbo Erdiguneko Dendarien Elkarteak jakinarazi du kide diren dendetan salmentek %25 egin dutela gora lehen bi egunetan.
Krisi ekonomikoa bukatzea ezinbestekotzat jotzen du Aldeiturriagak. “Askok ez du dirurik, eta izan badutenak gastatzeko beldur dira, garai latzagoak etorriko direla esan eta esan ari zaizkigulako”. Baina, horretaz gain, merkataritzak bizi duen gaixoaldiak bestelako sendagaiak behar dituela irizten dio. “Ez da erraza. Berrikuntza izan daiteke, adibidez, lagungarri izan dakigukeen beste faktoreetako bat. Kontu korapilatsua da”. Hala ere, ekaitzari aurre egiteko, argi dauka ezinbestekoa dela batak bestea babestea. Horretarako, Zazpikaleetako Dendarien Elkartearen eta antzeko elkarteek izan dezaketen garrantzia azpimarratzen du.
Hain zuzen, iaz bete zituzten hamar urte elkarlanean Ondarroako merkatariek. 2001ean sortu zuten Zatozte deritzon dendarien elkartea, eta 2003an Salda Badago ostalarien elkartearekin bat egin zuten. Zatozteko teknikaria da Eva Aranbarri: “85 kide gara gau egun; horietatik 70 dendak dira, eta 15 taberna edo jatetxeak. 9.000 biztanleko herri baterako, ez dago batere gaizki”.
Eurenean Gabonetako kanpaina ez dela hain kaxkarra izan dio, nahiz eta urrian eta azaroan larri ibili ziren. “Udazkenean ondarroar asko hondartzara joan da”, gogoratu du; “zertarako nahi zituzten neguko botak edo jakak?”. Baina abenduarekin batera, egoera apur bat arteztu da, Ondarroan behintzat: “Opariak egiteko orduan jendeak herrian erostea hobesten du. Gertutasunagatik, oparia itzuli behar bada ere, erosoagoa da Ondarroako denda batean itzuli behar izatea”, azaldu du arrazoia. Hala, hain zuzen, hori da Ondarroako dendetan salmenta gehien pilatzen den sasoia.
Gainera, elkarte gisa erosketa txartelak oparitzen dituzte bezeroen artean, herrian geratzeko joera hori indartze aldera. Dendako ehun euroko bina erosketa txartel banatu dituzte oraingoan, kasurako. “Osotara, ia 9.000 euro banatu ditugu bezeroen artean, eta horrek asko erakartzen du”. Horiek hala, kanpaina horiek ezinbestekotzat jotzen ditu.
Merkealdian mugimendu gehiago espero dute, hala ere. Askok eta askok prezio txikiagoei itxarotea hobetsi baitu, diru apur bat aurrezteko. “Krisia izugarri nabaritu dugu. ‘Ahal den bitartean, iazko jakarekin eta iazko botekin jarraituko dut’, pentsatzen du orain jendeak. Merkaturatu den azken arropa eskuratzea dagoeneko ez da hain garrantzitsua”. %30 eta %50eko beherapenak egin dizkiete prezioei. “Guk ezin dugu egin denda handiek egiten duten modura, %70eko beherapenik; bestela, itxi egin beharko genuke. Horrekin ezin dugu lehiatu”.
Denda handi horiek, gainera, bezero mordoa kentzen dizkiete. Urte osoan asko dira erosketak egitera herritik kanpora joaten direnak. Duela bost urte egindako azterlan baten arabera, %60 inguru. “Eibar eta Durango oso gertu ditugu, eta, autobusari esker, berehala eta ia doan Bilbon egon zaitezke”. “Eta urtez urte zenbateko hori ugarituz joan den irudipena dute dendariek”.
Hiriburuarekin lehian
“Joan den astean Bilbora joan nintzen, eta sekulako ilara zegoen Antonio Lopez margolariaren erakusketa ikusteko. Mungiar asko zeuden tartean. Horietako askok gero arratsalde-pasa egiteko aprobetxatuko zuten, eta, seguruenik, erosketaren bat edo beste ere egingo zuten”, dio Elena Viteri Mungiako Merkatarien Elkarteko zuzendaritzako kideak. Hala, Bilbok Mungiarekiko gertutasun fisikoa ez ezik —autobusez hogei minutuko bidea—, bestelako erakarpen indar bat ere baduela iruditzen zaio. Alegia, museo, erakusketa areto eta antzoki eskaintza zabal horrek ere indartzen duela merkataritza.
Mungian oraindik ez dute merkealdiaren olatua nabaritu. “Herrietan motelagoa izaten da, eta ez da lehen egunetan igartzen. Hasieran jendeak Bilbora jotzeko ohitura du, mauka bila. Gero jotzen du guregana, aurrez ikusita duen arropa edo oinetako horren bila, orain merkeago eskuratzeko asmoz”.
Horri lotuta, Viterik merkealdiaren legea aldatzeko beharra nabarmentzen du. “Zaharkituta geratu da”. Hasteko, urtaroa merkealdiarekin hasteari ez dio zentzuzkoa irizten. “Abenduaren 21ean hasi zen negua, eta urtarrilaren 7an merkealdia hasi? Horrek ez du ez hanka ez buru. Urtaroan saldu ez duguna stocketik kentzeko izan behar du merkealdiak”. Denda handiek merkealdirako beren-beregi ekoizten dutela salatu du. Eta legeak ez du halakorik onartzen: “Argi dio gutxienez merkealdia hasi baino hilabete lehenago dendan salgai egon diren produktuek izan behar dutela merkatu direnak”. Denda txikiak ezin direla horren aurka lehiatu iruditzen zaio, eurek zazpi edo zortzi hilabete lehenago erosi behar dutelako arropa.
Bidenabar, ez du begi onez ikusten neguko merkealdiarekin batera udako denboraldiko lehen arropak saltzen hastea. “Ez da saltzeko egiten, saltzen den arren, salmenta horien pisua oso txikia baita. Denda handiek test modura erabiltzen dute. Aurreratutako produktuotan arrakasta handiena duten horiexek dira gero asko ekoizten dituztenak merkealdia datorrenerako”.
Horiek hala, Viteriren ustez, eurek bestelako baliabide batzuk erabili behar dituzte jendea erakartzeko. “Batez ere, gertutasuna eta konfiantza saldu behar ditugu, gure ezaugarri nagusi modura. Soilik horrela lortuko dugu irautea”. Eta oraingoz eusten diote. Herrian merkataritzak ez duela behera egin azpimarratu nahi izan du. Krisiagatik hainbat dendak ixteko erabakia hartu behar izan duten arren, berriak neurri berean zabaltzen ari omen dira. Dena den, badira batzuen eta besteen arteko aldeak: “Lekukoa hartzen duten dendak txikiagoak dira, lagun bakarrak lan egiten dutenak, gastu gutxiagokoak”.