ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta (ESK-k ere bat egin zuen), ehunka lagunek protesta egin zuten domekan Bilboko Kale Nagusian jaieguna izanik ateak zabaldu zituen denda baten aurrean. Sindikatuek salatu zuten domekaz dendak zabaltzeak ez duela sortzen “ez kontsumorik eta ez lanpostu gehiago”. Horrez gain, esan zuten denda handiei baino ez diela mesede egiten Jaurlaritzaren neurriak, urteko zortzi igande edo bestelako jaiegunetan ateak zabaldu ahal izatekoak. Astean erosketak egiteko 72 ordu daudela ekarri dute gogora, “nahiko ordutegi zabala”. Protesta denda aurreko espaloian egin behar izan zuten, eta debekatu egin zieten informazio oharrak banatzea.