“Gure erronka nagusia parte hartzea sendotzea izango da”

Hondartza izan ohi da Sopelako argazki tipikoaren protagonista nagusia: Atxabiribileko iluntzeak, Barinatxeko surfistak, itsas-labarrak… Sopelako udaletxeko balkoitik, baina, ez da olatu edo bainujantzirik ikusten. Balkoiak beste edozein herritan topa daitekeen ikuspegia eskaintzen du: dendak, frontoia, liburutegia, autobus geltokia, tabernak… eta, noski, turismo bulegoa.

Turismoa eta herriaren bizitasuna, alderdi biak uztartu behar direla iritzi dio Saioa Villanueva alkate sopeloztarrak: “Apurka, lo egiteko herria bihurtzen ari zaigu Sopela. Hori ikusita, denda txikiak bultzatu behar ditugu”. Baina horrek ez du esan nahi turismoa albo batera utzi behar dutenik: “Turismoa bultzatzea ere oso garrantzitsua ikus- ten dugu, baina ez hondartza bakarrik: Munarrikolanda ingurua, aztarna arkeologikoak, ibilbideak eta beste hainbat elementu”.

Udaletxeko balkoiak eskaintzen duen ikuspegia ohikoa bada ere, balkoira irteten den alkatea ez da batere ohikoa Sopelan. Izan ere, Villanueva da Uribe Kosta eskualdeko lehen alkate ezkertiar eta abertzalea. Gainera, Sopelan aginte makila hartu duen lehenengo emakumea da. “Oraindik ez dut neure burua politikari moduan ikusten”. Izan ere, 34 urteko sopeloztarrak ez du harreman askorik izan orain arte bulegoko politika delakoarekin. “Beste ikuspegi bat dudala iruditzen zait, herritarraren ikuspegia, eta hori zaintzen saiatuko naiz, lagungarria delako”, egin du gogoeta Villanuevak.

Herritarrak izan dituzte ardatz, hain zuzen ere, udal aurrekontuak prestatzeko orduan. Euskal Herriko beste hainbat herritan legez, Bilduk aurrekontu parte hartzaileak bultzatu ditu Sopelan. “Herria denon parte-hartzeagaz egin behar dugu. Funtsezkoa da aurrekontuak zer diren eta zelan osatzen diren azaltzea eta hori guztia herriari gerturatzea”.

Helburu horrekin, auzoetan bilera irekiak antolatu dituzte, herriko eragileekin batu dira eta herritar guztiei inkesta banatu diete, haien iritzia gertutik ezagutzeko asmoz. “Galdetu dugu ea zer-nolako herria nahi dugun, zeintzuk diren haien lehentasunak azpiegituretan, gizarte ekintzan, kulturan eta beste hainbeste arlotan”.

Parte hartzeko ohiturarik ez dagoen arren, pozik agertu da alkatea sopeloztarrek emandako erantzunarekin. “Jendeari parte hartzeko aukera ematen zaionean, parte hartzen du, gero eta gehiago, gainera. Izan ere, herriak berak erabakitzen badu zer egin bere diruarekin, identifikatuago sentituko da bere herriarekin”. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 20an jarri dute, 19:00etan, Kurtzio kultur etxean. Bertan, parte hartze prozesuaren balorazioa egingo dute.

Herri eredua eztabaidagai

Baina aurrekontuetan ez ezik, udaleko sail guztietan parte hartzea sustatzeko asmoa du udalak: “Parte hartzea ez dagokie aurrekontuei bakarrik: gure lan metodologia izango da, zeharka landutakoa. Orain, gure erronka nagusia herritarren parte hartzea sendotzea da”.

Parte hartzea lantzea ez ezik, Sopelako Udalak hainbat proiektu jarri ditu abian azken sei hilabeteetan. Adibidez, Sopelbus zerbitzua luzatu egin du udal gobernu berriak: “Herria nahiko sakabanatuta dago, eta garraio publikoaren bidez guneak elkartzea oso garrantzitsua iruditu zaigu”. Egun, herri barruan mugitzeko autoa erabiltzen dute sopeloztar askok. Hori saihesteko alternatibak eskaini gura ditu udalak, auto gidariei kalte egin barik: “Bidegorri sarea indartu eta ibiltarientzat herria erosoago bihurtu nahi dugu”.

Izan ere, ingurumenaren aldeko politika izango da Sopelako Udalaren ildo nagusietako bat hurrengo lau urteotan. Alkatea aditua da arlo horretan; Geologia eta Ingurumen Zientziak ikasi eta Ingurumen hezkuntzan, parte hartzean eta komunikazioan espezializatu zen. “Ingurumena gizarte baten antolakuntza eta horrek naturan duen eragina da. Natura errespetatzen dugunean, gizakia bera errespetatzen ari gara; geure burua errespetatzen dugu”.

Proiektuak aurrera eramateko, baina, herriko beste alderdi politikoekin adostasuna lortu beharko du Bilduk. Izan ere, koalizioak gutxiengoan gobernatzen du Sopelan: Bilduk zazpi zinegotzi ditu, EAJk beste zazpi, PSEk bi eta PPk bakarra. Beraz, alderdi politikoek euren artean akordioak lortu behar dituzte proposamenak onartzeko: “Bai, hala da, zorionez! Alde batetik, zaila izango da, baina, bestetik, erronka handia izanda, emaitza handiak lor ditzakegu”.

Agintaldiaren hasiera ez da erraza izan udal gobernuarentzat. Oposizioak atzera bota ditu Bilduren hainbat proposamen. “Herria denon artean egin behar dugu, berba egin eta ados jarrita. Ez da utopikoa: errealitate bihurtu behar den erronka bat da”. Baina gai batzuetan akordioetara heldu, eta itxaropentsu agertu da alkatea: “Agintealdi hau beste modu batean amaituko dela pentsatu nahi dut; ez hasi zen bezala, baizik eta modu emankorrago batean. Azkenean, hori eskatzen ari zaigu herria”.