Bizkaiko Foru Aldundiak gogortu egin ditu gizarteratzeko laguntza berezia jasotzeko bete behar diren baldintzak, abenduaren 21ean argitaratutako 207/2011 Foru Dekretuaren bitartez. Horrenbestez, Gizarte Ekintza Sailak diru laguntza hari adjudikatutako aurrekontua %80 gutxituko du, 2011 urteko 3,6 milioi euroetatik 2012rako aurreikusita dauden 737.000 euroetara.
Hala, joan den urtean hilero laguntza jasotzen zutenen kopurua zeharo murriztuko da. Izan ere, abenduan onartutako dekretuan laguntzak jasotzeko baldintza berri ugari ezarri dute. Alde batetik, lehen Bizkaian sei hilabetez erroldatuta egotea nahikoa zen laguntza jasotzeko, baina orain gutxienez hiru urte egotea eskatuko dute. Bestetik, dekretuak laguntzak jasotzeko gehienezko epea ezartzen du, 30 hilabetekoa. Horrez gain, diru laguntza eskuratzeko ezingo da inolako ondasun higiezinik eduki. Orain arte, etxebizitza eta lantokia ez ziren kontuan hartzen gizarteratzeko laguntza ukatzeko orduan.
Eusko Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko ematen duen errenta (DSBE) jasotzeko baldintza guztiak betetzen ez zituztenek gizarteratzeko laguntza jaso zezaketen orain arte. Orain, berriz, aldundiak onartzen duen salbuespen bakarra honakoa da: laguntza jasotzeko gutxieneko adina ez izatea. Jaurlaritzak DSBEa eskuratzeko baldintzak gogortu ostean, gizarteratzeko laguntza jasotzeko eskariak gehitu zitezkeela adierazi du aldundiak, eta horrek “egoera ekonomiko eramanezina” eragingo liokeela foru administrazioari.
Salaketa kanpina
Bizkaiko zenbait gizarte eragile foru jauregiaren aurrean kanpatu dira asteon, “aldundiaren gizarte zerbitzuak eraistearen aurka” egiteko: Argilan, Ikusezinen Asanblada, Berri-Otxoak, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Danok Lan, Elkartzen, Munduko Emakumeak, Posada de los Abrazos eta SOS Arrazakeria. Berrogei pertsona inguruk kanpadendak, mahaiak, aulkiak eta lo zakuak atera zituen Bilboko Kale Nagusian, “gizarte murrizketak eta hilaren bukaerara iristeko arazoak dituzten familien beharrizanak zaintzeko aurrekontuen gabezia salatzeko”. Gizarte zerbitzu duinen alde. Murrizketa gehiagorik ez pankarta ere zabaldu zuten.
Eragileen izenean, gizarteratzeko laguntzaren aurrekontua murriztu izana kritikatu du Patxi de la Fuentek, laguntza eskuratzeko baldintzak “inolako eztabaida sozialik gabe eta isilpean” gogortu dituztelakoan. Neurriak Bizkaiko familia eta banako behartsuei eragingo dien kaltea nabarmendu du: “Kontuan hartu behar da laguntza aldundiak daukan baliabide bakarra dela herrialdean dauden pobrezia egoerak leuntzeko”.
EAJren jardun politikoa “bitxia” da, eragileen ustez. “Eusko Legebiltzarrean, Jaurlaritzaren esku dauden laguntzak lortzeko baldintzak gogortzeak ekartzen duen eskubide sozialen murrizketa salatu du, eta Bizkaian murrizketa berberak martxan jarri”. Gainera, elkarteek iritzi publikoari “era lotsagabean gezurra esatea” leporatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari.
Izan ere, erakundeak sarritan nabarmendu du bere aurrekontuaren %51 gizarte ekintzara bideratuta dagoela, eta hori ere “gezurra” da, gizarte eragileen irudiko: “Berezko kudeaketaren aurrekontuari Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza eta diru sarrerak bermatzeko errentaren osagarriak kendu behar zaizkio, eta aldundiak bazekien aurten ez zegokiola horiek kudeatzea”. Ondorioz, Bizkaiko aurrekontuaren %36,61 baino ez dago gizarte ekintzari zuzenduta, eragileek emandako datuen arabera.
Horrez gain, “gizarte murrizketen ingurukoak” aldundiko 68 goi kargudunen “abantailekin” alderatu dituzte, horiek Bizkaiko ogasunari eragindako urteroko gastuak 5,3 milioikoak baitira. Galdera ironikoa ere plazaratu dute: “Norentzat ez dago dirurik?”. Gogorarazi dutenez, egunero lau familiari etxea kentzen diete Bizkaian.
Laguntza kobratu ahal izateko 30 hilabetez Bizkaian erroldatuta egon beharraren aurka ere agertu da De la Fuente: “Jende asko inolako laguntzarik gabe geldituko da hiru urte pasatu arte. Horrek ez dauka inolako zentzurik, hain justu, urte horietan, krisiaren ondorioz, jendeak laguntza gehiago beharko duelako”. Azkenik, aldundiaren menpeko Foru Merkataritza Elkarteen zor publiko gehiena “mega azpiegitura defizitarioek” eragin dutela dio.
Murrizketen diru irizpidea
De la Fuentek berba egin du murrizketek kalte egindako pertsonen kopuruaz ere, kezkatuta. “Caritasek duela gutxi atera zituen datuen arabera, 3.000 pertsona baino gehiago inolako laguntzarik gabe geldituko dira”. Kontuan hartu behar da datu horietan Bizkaiko Caritasek zerbitzu egiten dien jendea baino ez dela aintzat hartu.
Gizarte eragileen bozeramailearen iritziz, “askoz jende gehiago geldituko da laguntzarik gabe”, baina “ezinezkotzat” jo du orain datu zehatzik ematea, “murrizketak bi aldetatik izan direlako: alde batetik, baldintza berriak jarri dira [Jaurlaritzak ematen duen DSBEa jasotzeko], eta, bestetik, foru aldundiak aurrekontua murriztu du. Horrek esan nahi du diru kopuru horretara heltzen denean ez dela laguntza gehiagorik emango”. De la Fuentek esan duenez, “murrizketen auzian salagarriena da ez direla egiten gizartearen premiei begira edo horiek aintzat hartuta. Alde ekonomikoa baino ez dute kontuan hartu. Ez dute pentsatu zer gertatuko den laguntzarik gabe geratuko den jendearekin”.
Bizkaiko herrietan gertatzen ari den egoerari ere erreparatu diote elkarteotako ordezkariek, kezkatuta: “Udaletako gizarte zerbitzuak inolako tresnarik gabe gelditzen ari dira euren lana egiteko”. Halaber, zerbitzu horietako langileek, arazoaren neurria zein den jakinda ere, ezer gutxi egin dezakete. “Badakite jendea gosea pasatzen ari dela, ezin duela etxea ordaindu, kalean gelditzen ari dela… baina gizarte langileek ezin diete inolako laguntzarik eman; ezin dituzte bermatu arazoak dituztenen gizarteratze prozesuak”.
Orain, gizarte elkarteek “murrizketak nola aplikatzen diren” ikuskatuko dute, De la Fuentek adierazi duenez. “Joan den urtean, 3,6 milioi euro behar izan bazituzten laguntzak emateko; aurten, krisia aurrera egin duen heinean, normalena litzateke diru gehiago behar izatea”. Haren ustez, orain arte familiaren babesa izan du jende askok, baina hori ere bukatzen ari da: “Iaz baino jende gehiagok du laguntzaren beharra”.