Sefanitro ongarri lantegiak Lutxanako auzoaren (Barakaldo) eta Rontegiko zubiaren arteko eremu zabala hartzen zuen, 2006an ateak itxi zituen arte. Bada, fabrikak utzitako hutsunean zabalgunea eraikitzeko proiektuak aurrerapausoa eman du, orubea deskutsatzeko lanen bigarren fasea hasi baita. Lanek 27.560 metro koadroko eremua hartzen dute, eta babes ofizialeko 700 etxe egitea da asmoa —kooperatiba erregimenean 206— , eremua hornitzeko ekipamenduez eta saltokiez gain.
Etxebizitzak erosteko kooperatiba osatzen duten 600 familiek obren atzerapena jasan behar izan dute. Izan ere, duela urtebete hasi zen deskutsatze prozesuaren lehenengo indusketen txanda, 26.145 metro koadroko lur sailean lan eginez. Eusko Jaurlaritzak ateratako lurren analisian ondorioztatu zuenez, garbiketa sakonagoa egin beharko da bertan. Barakaldoko Hirigintza Planak zehazten duenez, babes ofizialeko 700 etxebizitza egingo dira guztira, eta beste 1.200 etxebizitza libre. Horrez gain, 80.000 metro koadroko parkea, eta ekipamenduak egingo dituzte. Fertiberia enpresak, lantegiaren jabea zenak, Afer taldeari saldu zion orubea, proiektuaren alde pribatua eraiki zezan, baina deskutsatze lanak bere gain hartu zituen. Garbiketaren bigarren fasea gutxienez bi hilabetez luzatuko da, “baina horrek ez du ezer esan nahi” Barakaldoko Udaleko komunikazio arduradun Jon Fernandezen iritziz. “Lehenengo fasean ikusi dugun bezala, deskutsatze batean, aurreko analisirik ez dagoenez, ezinezkoa da aurkituko dena jakitea”.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak deskutsatzea nahikotzat joko ez balu, beste indusketa bat egin beharko litzateke. Prozedura material kutsatuak desagertu arte behin eta berriz errepikatu egin beharko litzateke. Fernandezek esan duenez, Sefanitrok betetzen zuen lur sailean “era guztietako metalak” daude. Bi enpresa kimiko lan egiten egon ziren orube horretan urte askotan. “Hala ere, ez dira material arriskutsuak, berez; ez dago lindanorik, baina, hainbesteko nahasketa egonda, kontuz ibili behar da”.
Proiektuaren alde pribatuari dagokionez, hirigintza planean kristalezko bi dorre eraikitzea aurreikusten da. 150 eta 120 metro izango lituzkete, eta elkarri konektatuta egongo lirateke. Afer taldeak ekonomia eta zerga aldetik hainbat arazo izan zituenez, BBK-k eta La Caixak bere gain hartu zuten zati pribatua eraikitzeko ardura, euren eraikuntza enpresen bitartez. Fernandezek argitu duenez, “hirigintza planak bi dorreak eraiki behar direla ezartzen du. Gero, promotoraren eskuetan dago, baina udalean ez dugu aldaketak egiteko eskaririk jaso”. Egun, Udalak hasierako proiektua betetzea nahi du, baina “justifikatutako aldaketak” onartzeko prest agertu da.
Arriskua eta alternatiba
Barakaldoko Eguzkikoek azaldu dutenez, orubeko lurzoruan “metal astunak, amonioa eta konposatu organokloratuak daude”. Lurpeko uretan, ostera, “metal astunak, trikloroetenoa zein tetrakloroetenoa aurki daitezke”. Aipatutako substantziek ingurumenean eta gizakien osasunean kalteak eragiten dituztela informatu du Eguzkik. Hala ere, euren ustez, “oso zaila” da kutsatzaileen eragin zuzena zehaztea. “Izan ere, eraginak luzera nabaritzen dira”. Gai kimikoek inguruko herritarrengan izan duten eragina zehazteko, analisi epidemiologikoa egitea eskatu dio Eguzkik Udalari “askotan”.
Proiektua bera kolokan jartzen du erakunde ekologistak. “Barakaldon 2.000 etxebizitza baino gehiago hutsik daude; beraz, ez dago berriak eraikitzeko beharrik”. Bi eskari egin dizkiete udalari eta orubearen jabe pribatuei: “erabateko deskutsatzea aurrera eramatea eta eremua Lutxanako auzokideen beharrak asetzeko erabiltzea”. Eremuan aisialdirako gune berdeak eta eraikin publikoak egitea proposatu du Eguzkik.