Kolosala

Norbaitek eskatzen zizun izena emateko. Gatazka inoiz konpondu zedin, konponduko ote zen esperantzan, zure izena behar zutelako, izena eta abizena. Ematen zenuen, beraz, ondotxo zenekielako herri baten potentzialik handienetakoa, baldin eta herririk bada, baldin eta hitz hori hain modu alegeran erabil badaiteke, elkartasuna dela, izen bat bestearen ondoan pilatzea, sorbalda bat bestearen ondoan.

Baina zure izenak mila arrakala ditu. Izen bat eta bi abizen, arrakalaz eta zalantzaz betetakoak, edozein unetan apurtu daitezkeenak erabiliaren erabiliaz. Eskatzen dizute eta ematen duzu, eta periodikoan ikusten duzu zure izena gero, eta inguruan beste ehun izen eta abizen; akordatzen izen-abizenek orrialde osoak hartzen zituztenekoa? Bi, hiru, lau orrialde izenez beteta: munduak pitzadura gutxiago zuen orduan, dena ulertzen zen hobeto, zalantzarik ez buruan ez izenean. Sasoi hartan, astero edo hilero ematen zenuen izena harako edo honako, baina izenak zurekin jarraitzen zuen, soinean, bidean galdu gabe, beroki xume baina eraginkorra, zure gorputzari epela eman eta beste inorentzat ere baliagarria izan zitekeena.

Gero zalantzak etorri ziren. Bati ematen zenion, baina uste zenuen besteari ere eman behar zeniola. Bati ematen zenion, esaten zituen gauza guztiekin ados egon ez arren. Edo besteari ez zenion ematen, bestea zelako. Eta zure izenak jada ez zuen balio ezeren ordezkari izateko, kasik zeure buruaren ordezkari ere ez zelako. Zure izen-abizenak, letra biribil batzuk baino gehiago, arrakalak ziren. Kausa onak mila ziren, baina zuk ehunentzat ematen zenuen izena soilik, eta arrakalak gero eta handiagoak ziren: lehen ura zinen %70ean, orain zalantza zara bete-betean edo huts-hutsean. Gero alderdi politiko batek, beharbada zureak, eskatu zizun bere zerrendetan agertzeko, eta ez zenuen onartu. Gero beste alderdi bat etorri zen eta beste bat, hiru alderdi guztira, bakoitza bere kolorearekin, izen-ehizan, eta ez zenuen larrua saldu. Erabaki zenuen inoiz gehiago ez ematea izena ezertarako, nahiz eta gero zu ere manifestazio horretan egon, nahiz eta gero zuk ere alderdi horri botoa eman. Izenik eman gabe, sorbaldaz sorbalda, lasaiago sartzen zara jendetzaren erdian, pentsatuz hori dela eman dezakezun atxikimendurik onena.

Orain, urte zaharra aldatuta amaitu den honetan, zalantza bat gutxiago buruan, erabaki duzu berriro hasiko zarela izena ematen eskatzen dizunari, eskatutakoarekin bat zatozenean, jakina. Munduari aldaketak eskatzen badizkiogu, beste hainbeste mundutarrei ere; eta zorretan sentitu zara zeure buruarekin eta munduarekin, eta urtero bezala kalean egoteaz gain, atxikimendua eman diozu biharko manifestazioari, batzuek pausoa eman duten moduan zeuk ere eman behar duzulako pausoa, egun handiagoren baten bila. Eta ez egun hori kolosala izango delako, baizik eta kolosala izan dadin.