Historian, euskarak egoera zaila pasatu behar izan du Ezkerraldean. Berez, galtzeko zorian zegoen eskualdean, eta XIX. mende bukaeratik Bilboko industriaren altzoan bizimodua ateratzera Iberiar penintsulako herrietatik etorritako langileek ez zuten euskara ikasi. Izan ere, ez zien inork irakatsi. Gero, Francoren garaipenak itzalpean utzi zuen hizkuntza, eta diktaduraren politika ekonomikoak ahaztutako lurraldeetatik behargin andana heldu zen Ezkerraldera.
Frankismoaren azken urteetan, euskalgintza berpiztu zen Ibaizabalen ezkerreko ibarrean. Diktadorea hil ostean, eta erregimen politikoaren erreformarekin batera, euskarak aurrera egiteko aukera eskuratu zuen berriz ere. Harrezkeroztik, pertsona askok ia hutsetik hasitako lanari eta ilusioari esker, astiro handitu da euskaldunen kopurua Barakaldon, Sestaon, Portugaleten eta Santurtzin. Hala ere, euskarak bere argi-ilunak ditu oraindik ere herri jendetsu horietan.
Mariano Bellosok 33 urte egin ditu irakaskuntzan lanean. Gaur egun, euskara irakasten du Barakaldoko Beurko institutuan. 1970eko hamarkadan hasi zen euskara ikasten. “Garai hartan, ilusio handia zegoen Barakaldon euskara berpizteko eta euskal kulturan murgiltzeko”. Haren esanetan, dantza taldeek bideratu zuten ilusio hura: “Han hasi ginen euskara eskolak antolatzen”. Irakaskuntzan sartu zen belaunaldi euskaltzale hartako jende asko. “Euskara ikasi genuen, irakatsi egin genuen eta gero etxean transmititu genuen”.
Hizkuntza ereduen bilakaera
1983an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza ereduen dekretua martxan jarri zenetik, irakaskuntza arautuan ere bidea egiten hasi zen euskara. Arlo horretan, Portugaleteko Kanpazar, Sestaoko Kueto eta Barakaldoko Ibaibe ikastetxe publikoak izan ziren eskualdeko aitzindariak. Bellosok oroitu duenez, plataforma inprobisatua sortu zuten irakasleek, Berritzeguneko kideekin batera: “Hitzaldiak antolatzen genituen matrikulazio garaian, B eta D ereduak zer ziren azaltzeko”.
Haren ustez, irakaskuntzari esker gora egin zuen Ezkerraldeko euskaldunen kopuruak. Erabilerak ere aurrera egitea falta da, baina, eta hori da etorkizunerako euskarak duen erronkarik garrantzitsuena. “Euskara ez bada erabiltzen, bereak egin du”. D ereduko ikasleek euskaraz hitz egiteko gaitasuna badutela uste du: “Kontua da praktika falta zaiela, eta batzuetan ez dutela euren ahalmenean sinesten”. Ikasleek euskararen erabilera bizitzaren beste esparruetan eraman dezaten, arazo handi bat ikusten du: “Kalean ez dago giro egokirik”. Irakaslearen irudiko, “herri bat ezin da euskaldundu bakarrik irakaskuntzaren bitartez”. Barakaldoko paisaia linguistikoa “eskasa” da, eta udalak euskararen arloan egiten duen lana ere “ez da oso nabarmena”; hizkuntza sustatzeko egindako ekintzak “oso zehatzak” dira. Izan ere, Kontseiluak 2010ean kaleratutako Udaletako hizkuntza-politikaren neurketa txostenean, oso kalifikazio txarra izan zuten Ezkerraldeko udalen euskara politikek. 66 udalen artean, Santurtzi 46. postuan geratu zen, Sestao 47.ean, Barakaldo 58.ean eta Portugalete 60.ean. Euskara ofiziala ez den eremuetako zenbait herri ere Barakaldo eta Portugaleteren aurretik zeuden; esaterako, Miarritze, Baiona eta Tafalla.
Orain dela zenbait urte DBHko lehen mailako ikasleek euskara gehiago egiten zutela onartu du Bellosok. Dena den, “unibertsitate garaian berriro heltzen diote euskarari, eta kuadrillan ere euskara apurtxo bat egiten hasten dira”, ikasle ohi askok esan dionez. Ezkerraldean euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekotzat jo du “kontzientzia” izatea, eta nahi hori garatzeko “baliabideak” izatea. “Bizitzak ere beharra erakutsi behar dizu, eta hemen euskararik gabe bizi daiteke arazorik gabe. Gizarteak aldatu beharko du hori. Udalak eta beste erakundeek ere lan handia egin behar dute, baina gizarteak erantzun behar du”. Etorkizunera begira, gazteriak euskara erabiltzeko jauzia emango duela espero du Bellosok. “Itxaropentsu nago”.
Euskaraz, normaltasunez
Duela zazpi bat urte, Sestaon Berbalagun taldea sortu zen, astean behin batu eta euskaraz normaltasunez hitz egiteko. Gero, antzeko taldeak sortu ziren Santurtzin, Barakaldon eta, azkenik, Portugaleten. Gaur egun, Ezkerraldean 450-500 pertsonak parte hartzen dute Berbalagun egitasmoan. AEK-k bere gain hartu du proiektua, eta Aintzane Praderak koordinatzen du Sestaon eta Barakaldon. Azaldu duenez, Berbalagun “ez da bakarrik ikasleek praktikatzeko tresna: euskaldunok gure egunerokoan ere erabiltzeko esparrua izan nahi du, eta, batez ere, euskaldunen artean sareak lortze aldera sortutako egitasmoa”.
Udalerri batzuen eta besteen artean “desberdintasun handiak” daudela azaldu du: “Oraingoz, Santurtziko eta Portugaleteko udalek baino ez dute proiektua babestu. Barakaldon, udalaren jarrera nahiko ezkorra da; proiektua ez dute beharrezkotzat jotzen”. Sestaon, ostera, “hasieran laguntza izan zuen udalaren partetik; gero, udal gobernua aldatu egin zen, eta laguntza desagertu; orain, gobernu berriarekin hitz egiten ari gara laguntza hori eskuratzeko”. Praderak dioenez, adin guztietako jendeak parte hartzen du Berbalagunen, baina “falta dena jende gaztea da; euskaldun osoak ere ez dira animatzen”. Proiektuko kide gehienak emakumeak direla nabarmendu du.
Bestalde, AEKn matrikulatzen diren ikasleen soslaian azken urteetan bilakaera bat izan dela azaldu du Praderak. “Gaur egun, gehienbat, titulua eskuratu behar duen jendea etortzen da gurera”. Haren ustez, “benetako motibazioa” ez izateak eragiten du ikasle horiek “ez inplikatzea” Berbalagunen tankerako proiektu batean.
Etorkizuna, konplexu barik
Praderak argi adierazi du zer beharko litzatekeen jendeak Ezkerraldean euskaraz hitz egiten hasteko: “Geure buruarekin konfiantza handiagoa izan beharko genuke”. Euskaldun berriaren konplexua dei daitekeenak hor dirau, alegia. “Jende askok ez du euskaraz egitea naturaltasunez ikusten. Ulertu behar dugu ez dela gauza arraroa denda batean sartu eta euskaraz egitea”.
Euskarak Ezkerraldean etorkizun “polita” izango duela iragarri du: jendea kaletik euskaraz saiatzen hasia da. “Gero eta gehiago entzuten da. Lehen ezinezkoa zen gurasoak umeekin euskaraz egiten entzutea, eta orain normala da”.
Oskorriren abestian egunero euskaltegira doan langabe barakaldarraren bisabueloak-edo bazekien euskaraz. Agian, berak berreskuratuko zuen hizkuntza familian. Espero izan dezagun ilobak eduki baino lehen kalean normal erabiltzea; ahal bada, lana bilatzeko beharrik gabe.