“Gizartean zabalduta dago gaixo psikikoa gaixo arriskutsua dela”

Luis Pachecok hartu berri du 1999an martxan hasi zen Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkartearen presidentetza. Bere aurrekoen lanari jarraipena eman, eta beste helburu bat ezarri dio elkartearen bideari: buruko gaixotasunak dituzten pertsonen inguruan diren estigmak txikitzea.

Buruko gaixotasunak dituztenak erotzat hartzen ditu gizarteak.

Bai, gainera, azkenaldian, uste horiek areagotu baino egin ez dituzten gertakariak jazo dira Bizkaian. Hilabete eskas batean, psikiatra bati eraso zion artatzera zihoan gaixo batek, eta Santutxun eta Sestaon hilketak gertatu ziren. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak protagonista izan diren gertaera horiek alarma piztu dute; gaia pil-pilean dago. Elkartearen arduretako bat uste horiei buelta ematea da, ez baitira inola ere benetakoak. Frogatuta dago buruko eritasuna duten pertsonak ez direla gainontzeko biztanleak baino bortitzagoak. Baina, komunikabideek halako gertakariei ematen dieten garrantziaren eraginez, eta gutxiengo baten jarrera dela eta, gizarteak kolektibo osoa epaitzeko joera duenez, gaixo psikikoa gaixo arriskutsua dela zabalduta dago. Lanean eta harreman sozialetan bazterturik daude, eta, gainera, gizarteak hatzez seinalatzen ditu. Baina ez dira bortitzak, ezta eroak ere. Pentsa, orain gutxi arte psikiatrok ere ero puntu bat genuelako ustea zabaldua zegoen…

Buruko eritasunen inguruko ezjakintasuna al dago?

Bai, noski, eta horrek gaixoa behar bezala laguntzea oztopatzen digu batzuetan. Deprimituta edo triste egotea ez da gauza bera, adibidez. Denok egon gaitezke burumakur momentu jakin batean, baina depresioa hortik haratago doa. Hala ere, gizarteak ez du gaixotasun gisa onartzen, eta inguruko jendeak, askotan, oporretan joan behar duela esaten dio gaixoari, edo kalera irten behar duela. Deprimituta dagoenak agian ez du ohetik altxatzeko gogorik, ezta jatekorik ere, ezta irribarre egitekorik ere. Eta ingurukoek asmo onez emandako aholkuek kalte egin ahal diote, bere buruari halako egoeran egotearen erantzule eginez.

Eta zuen lana halakoetan gaixoari laguntzea da.

Hala da, nahiz eta oraindik gizartean guztiz onartua ez dagoen. Izan ere, historikoki baztertua edo txarto ikusia egon den medikuntzaren adarra da psikiatria; herri sinesmenen arabera, pertsonengan albo ondorioak eragiten zituzten sendagaiak banatzen genituen psikiatrok.

Psikofarmakologiaren historia oso laburra izateak ere eragina izan du horretan, 1950eko hamarkadan hasi baitziren era horretako sendagaiak sortzen. Baina, azken hogei urtean, batez ere, aurrerapen handiak eman dira arlo horretan. Gaur egun, psikiatriarekin kritikoak izan diren adituek ere aitortzen dute psikofarmakologiaren eboluzioa eta garrantzia.

Tratamendu psikofarmatologikoek sortzen dute, beraz, jendearen mesfidantza.

Baina, gaur egun, lehen ez bezala, adituen artean zabalduta dagoen ustea da psikoterapia eta psikofarmakoen bateratzearekin lor daitekeela tratamendu onena. Hala ere, buruko gaixotasunen inguruan dagoen ezjakintasuna dela eta, gaitz horiei aurre egiteko sendagaien aurka dago jende asko oraindik. Baina, buruko gaixotasun larri bat medikazio gabe tratatuz gero, pertsona hondamendira eraman lezake.

Zeintzuk dira eritasun ohikoenak?

Gaixo gehienek ez dute gaixotasun larririk; antsietatea, depresioa eta gisako patologiak dira nagusi. Gero eta tratamendu egokiagoak garatzen ari dira horiek artatzeko, baina batzuetan ez da posible guk nahi besteko zerbitzua eskaintzea, eskaera handia baita.

Osasun zerbitzu publikoak betetzen al du eskari hori?

Bai, nahiz eta asko itxaron behar den eta zerbitzuaren kalitatea ez den nahi bestekoa. Azken urteetan asko hobetu da alde horretatik. Gaur egun, talde psikiatriko osotuak daude Osakidetzan, psikiatraz, psikologoz, erizain espezializatuz zein gizarte laguntzailez osatuak. Gero eta arinago sumatzen dira gaixotasunak, eta, beraz, eraginkorragoak dira tratamenduak. Buruko eritasunen jatorria ez da aurkitu, ordea, eta, beraz, ezta azkeneko konponbidea ere. Baina, sendagaiei esker, paziente gehienek bizitza normal bat izatea lortu da, gizartean integratu ahal izatea.

Generoen artean ba al da ezberdintasunik?

Datu zehatzik ez dago, eta, beraz, zaila da ondorio argiak ateratzea. Oro har, depresioen kasuan, emakumeek gizonek baino laguntza psikiatriko gehiago eskatzen dute. Denetariko arrazoiak izan daitezke tartean: biologikoak, menopausia kasu; edota soziokulturalak. Baina zaila da zehaztea. Izan ere, depresioa ez da gaixotasun gisa onartzen askotan, ahuldadearekin identifikatzen da. Uste okerrak dira horiek, baina gizonezko batzuek laguntza ez eskatzea eragin dezakete. Horrez gain, suizidio saioak hazi egin dira azkenaldian, batez ere gazteen artean, baina genero aldetik ez dut uste ezberdintasun handirik dagoenik.

Krisiak ba al du eraginik?

Bai, buruko gaixotasun larrien kasuan ez, baina gainontzekoetan laguntza psikiatrikoaren eskaera igo egin da. Egia esan, orain bost urte arteko gizarte ongizateak ere igo zuen eskaera, jendeak frustrazioak barneratzeko ahalmen txikiagoa zuelako agian, eta buru osasunaz arduratzen diren zerbitzuetara jotzen zuen, irtenbide eske. Orain, krisialdian, lehen zituen aukera batzuei uko egin behar die gizarteak, eta ez dakit horretarako prest ote gauden. Langabezia tasa izugarri hazi da, adibidez, eta gizartearen ondoez horrek pertsonei ere eragiten die, noski. Normala da lanik ez eta seme-alabak mantendu behar dituen pertsona ondo ez egotea, baina zelan hobetu daiteke haren egoera egokiago: dirua eta etxea emanez, edo laguntza psikologikoaren bidez? Kasu horietan, medikuek egoerari aurre egiten lagundu dezakegu, baina irtenbidea ez daukagu guk.