Erralde Durangoko hiltegia luze gabe itxi dezakete. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikorako zuzendari Mercedes Estebanez Carrillok Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteari telefono bidez jakinarazi dionez, hiltegia ixteko prozedura urtarrilaren 14an hasteko asmoa daukate.
Erralde osatzen duten kideek, baina, ez dute amore emateko asmorik, eta euren esku dagoen guztia egingo dutela jakinarazi du Ansotegik, ixtea saiheste aldera. Izan ere, aurretik ere azaldu dutenez, “lehenengo sektorearentzat izugarrizko kolpea izango litzateke Bizkaian hiltegi bat bera ere zabalik ez geratzea”.
Horri dagokionez, Ansotegik adierazi du zalantzak dituela Jaurlaritza jakitun ote den erabaki horrek izan ditzakeen ondorioez. “Abeltzain askori —txikiak eta ertainak, batez ere— ez dakit errentagarri aterako zaien animaliak hiltzera urrutira eraman behar izatea. Izan ere, lehenago ere oso kaltetuta zegoen sektore bat da hau. Beraz, kontuan hartzen baduzu ganadua urrunago eramateko garraio kostuak handiagoak izango direla, abeltzainek denbora gehiago beharko dutela bidaia horiek egiteko… Errentagarritasuna eta lehiakortasuna galduko lituzkete”, esan du Ansotegik. “Datu objektiboak eskuan”, jarraitu du, “Erralde garai batean itxi zutenean ganaduburuek asko egin zuten behera”.
Helegitea jartzeko asmoa
Hori guztia dela eta, pauso batzuk adosten ari dira Erralde osatzen duten kideak, eta zein neurri hartuko dituzten ere pentsatzen hasi dira. Horrez gain, Osasun Saileko Osasun Publikorako Zuzendaritzak egindako hiltegia ixteko prozedura proposamena eskura iristen zaienean errekurtsoa jartzeko asmoa dutela iragarri du Ansotegik. Izan ere, neurria “bidegabea” dela deritzote.
Gogora ekarri duenez, gainera, “neurri eta zuzenketa batzuen bitartez badago aukera Erraldek bere jarduerarekin jarraitzeko”. Hain zuzen, hori eskatu diote Osasun Sailari. Hala ere, hiltegiak aldatu edo zuzendu beharreko atalak proposatu beharrean “prozeduraren hasiera” iragarri dietela salatu dute.
Berrizko lanekin, aurrera
Durangoko hiltegiarekin gertatzen dena gertatzen dela ere, Berrizko instalazio berriak martxan jartzeko lanean buru-belarri jarraituko dutela jakinarazi du Ansotegik. “Hiltegi berriaren eraikuntza gaur egun martxan dagoen jarduera honekiko independentea da”, esan du. Bata bestearekiko independentea bai, baina Berrizkoa bukatu eta martxan jartzeko modua izan arte Durangokoa ez ixtea lortu gura dute.
Bizkaiko EHNEk ere antzeko irakurketa egin du afera horri buruz. Itxiera eguna Berrizko instalazio berriak zabaldu arte atzeratzea lortzeko ahal duen esfortzu guztia egingo duela jakinarazi du baserritarren sindikatuak. Mobilizazioak egiteko asmoa ere iragarri du, gainera.
Hiltegi eredu horren kontra
Haratago ere joan da, gainera, sindikatua. Hain zuzen, Durangoko hiltegia ixteko saioaren atzean “interes politiko eta ekonomikoak” daudela salatu du. Horren guztiaren helburu bakarra Erraldek ordezkatzen duen hiltegi eredua desagerraraztea dela deritzo: “Bertoko okela sakrifikatu, berton merkaturatzeko. Negozioa egin gura dute prezio baxuan okela inportatu eta gero hemen garesti salduta”.
Horrez gain, hiltegia ixteko asmoak zabaldu zirenean Eusko Jaurlaritzak erabakia Europako Batasunarena zela sinetsarazi gura izan zuela ekarri du gogora Bizkaiko EHNEk. Bruselak, baina, hori horrela ez dela jakinarazi duela gogorarazi dute bai sindikatuak baita Erraldeko presidenteak berak ere. Ansotegik eman ditu azalpenak: “Bruselakoek esan ziguten haiek legedia betetzeko presioa egin egin zutela baina eskumena Jaurlaritzarena zela”. Bizkaiko EHNEren ustez, beraz, hiltegia ixteko aitzakiek “ez dute inolako zentzurik”.
Horrez gain, batzuek eta besteek deritzote argi geratu behar duela Durangoko hiltegiak ez duela izan osasunarekin lotutako inolako arazorik zabalik ez jarraitzeko. Are gehiago, azaldu dutenez, Erraldekoek eskatu arren zabalik jarraitzeko euren instalazioetan zer-nolako aldaketak egin behar dituzten azaltzeko, Osasun Sailak ez du erantzun.