Erdi Arotik gaur egunera

Kultur txangoa

Barakaldo

Ezagutu Barakaldo edo Barakaldo herriaren historia alor guztietatik ezagutzeko egitasmoaren barruan, datorren domekarako Barakaldo Erdi Arotik gaur egunera arte historia ibilbidea antolatu du herriko Historia eta Ingurumenaren Interpretaziorako Zentroak (CIHMA).

Domekan, Barakaldo Erdi Arotik gaur egunera arte zelan aldatu den ezagutarazi nahi dute. Horretarako, herrian eta historian esanguratsuak izan diren eraikinetan oinarrituko dira antolatzaileak. 11:00etan hasi eta 13:30era arte iraungo du ibilbideak.

Txu-txu trenean zein oinez egiteko aukera emango dute, gainera. San Bizente auzoan hasi, eta herrigunea zeharkatu ondoren, erreka hegalean bukatuko da.

Herriaren jatorria

Barakaldoren jatorria aztertuko dute parte hartzen dutenek. Horrez gain, Erdi Aroan bertako bizilagunen arteko harremanak zelakoak ziren kontatuko diete antolatzaileek.

Elizatearen garrantziaz ere ariko dira, bidaiari eta merkatariak bertatik pasatzen zirelako. Ondoren, modernizazioa zelan gauzatu zen azalduko diete parte hartzen duten herritarrei. Hain zuzen, burdinaren meatzaritza eta geroago labe garaiak zelan sortu ziren eta zer ekarri zuten azalduko dute. Era horretako historia duen herrian zerbitzuen sektorea nagusi izatera zelan iritsi den azaltzen ere saiatuko di-ra.

Parte hartu gura duenak ize- na eman behar du aurretiaz herritarrentzako arreta zerbitzuan, 94-478 92 00 telefono zenbakira deituta —bertakoek 010 zenbakira dei dezakete—. 2012an egingo diren era horretako ibilaldiak kobratzen hasiko direla jakinarazi dute, gainera, antolatzaileek.

Era horretako hurrengo txangoa datorren martxoan egingo dute. Urtean, baina, Barakaldoren historia ezagutzeko beste modu bateko ibilbideak ere antolatu dituzte; hain zuzen, Lorategi Botanikoa ezagutu, Ezagutu Barakaldo industriala, Agate Deuna eta Larrazabalgo eskolak eta, azkenik, Errekatxo eta Urdantegieta. Irailera bitartean izango da ibilbideotan parte hartzeko aukera.