Euskal Herriko larre eta basoak bizitoki aproposak dira zenbait animaliarentzat. Maiz egoten da aukera behiak, zaldiak eta ardiak hango eta hemengo zelaietan belarra jaten ikusteko, baina abere horien bizilekua ondo egokituta egon behar da, buruhausteak sor baitaitezke bestela. Hori gertatu da azken urteetan Meatzaldeko hainbat udalerritan: ganadua kontrolik gabe dabil herriko errepideetan barrena, auto, kamioi eta gainerako ibilgailuen artean, eta istripuak eragiten dituzte.
Bilduko zinegotziek adierazi dutenez, bideetan dabiltzan animaliek ezbehar gehiago sortu dituzte eskualdeko hiru herritan, gainerakoetan baino: Abanton, Trapagaranen eta Ortuellan. Errepideei erreparatuz gero, hauek dira arriskutsuenak gidarientzat: Zugaztieta eta Triano lotzen dituena (BI-2757); Zugaztieta eta Losinas artekoa (BI-3755); eta Trapagarango Larreineta mendatea. Koalizioko ordezkarientzat, arazoa kezkagarria da; izan ere, Karrantza eta Artzentalesen, askoz abere gehiago badaude ere, ez dira hainbestetan azaltzen herriko kale eta errepideetan. Ondorioz, ganaduaren eraginez sortutako ezbehar gutxiago gertatzen dira bi herri horietan.
Orats Arana Trapagarango Bilduko zinegotziaren ustez, arazoa aspalditik dator, baina azken urteetan areagotu egin da; Bizkaiko Foru Aldundiak inguru horretan egin dituen azpiegiturak dira eragile nagusiak. Orain dela urte batzuetako datuekin konparatuz gero, larreen kopuruak nabarmen egin du behera egitasmo horien eraginez.”Kontua da aldundiak lan handiak egin dituela. Adibidez, golf zelai bat egin zuten orain dela urte batzuk. Ondorioz, zelaiak gutxitu egin dira, eta animaliek askoz arazo gehiago dituzte jan ahal izateko”, adierazi du Bilduko ordezkariak.
Gainera, proiektu hura bizilagunen iritzia kontuan hartu gabe egin zuten. “Golf zelaia egitea auzokoekin hitz egin gabe hartutako erabaki bat da, eta guk nahi dugu garapena herritarren nahiei lotua egotea”, erantsi du zinegotziak.
Golf zelaia da arazoaren iturri nagusia, baina ez da auzi honetan eragina duen bakarra. Azkenaldian egin den basogintza politikak buruhauste bat baino gehiago ekarri dizkio bertako abeltzaintzari; izan ere, basoko jarduerak Meatzaldeko mendi aldean zegoen dibertsifikazioa desagerrarazi du. Horren ordainetan, inoiz baino larre gutxiago daude mendialdean, eta abereek beherako bidea hartu dute, herrirako bidea.
Aranak badaki hiru herri horien egoera zaila dela, baina abeltzainekin eta auzo elkartekoekin bilerak egiteko prest dago, irtenbide bat bilatu eta arazoa arintze aldera. Batzar horien helburua egoera aztertu eta eztabaidatzea izango da, gero erabaki eraginkor batez aurre egiteko. “Guk proposatzen dugu inplikatuta gauden talde guztiak biltzea, eta erabakiak guztion artean hartzea. Auzia ahalik eta arinen konpontzea da gure xedea”, mintzatu da Bilduko ordezkaria.
Urrats horiek egin eta gero, azken pausoa baino ez da faltako: hitzartutako irtenbidea Bizkaiko Foru Aldundira eramatea. “Arazoa konpontzeko, aldundira eraman behar da azken erabakia, erakunde horrek soilik baitu hau konpontzeko eskumena”.
Herritarren kezka
Meatzaldeko bizilagunak “kezkatuta eta nazkatuta” daude azkenaldiko egoerarekin. Oinez doazela animaliak bide erdian ikustea ez da atsegina, baina okerragoa da auto edo kamioiarekin joan eta aberea parez pare aurkitzea. Hori dela eta, herritar bat baino gehiago joan da, izututa, hiru herriotako udaletxeetara.
Oraindik okerragoa izaten da gauean, euria ari duenean eta behe lainoa dagoenean; izan ere, baldintza horietan, gidariak ikusteko zailtasun handiagoa izaten du, eta istripu bat izateko aukera areagotu egiten da. Horregatik, herritarrek gero eta beldur handiagoa dute autoa hartzeko; batez ere, negua iristen denean.
Oraingoz, Bizkaiko eskualde horretako bizilagunek ez dute ezbehar larririk izan. Hala ere, Aranak adierazi du auzotar batek susto handia hartu zuela duela bi hilabete inguru, zaldi bat irten baitzitzaion errepide erdira: “Gauez, etxera bueltan autoz zihoala, zaldi bat bidea zeharkatzen hasi zen, eta, saihestu ezinik, bete-betean jo zuen animalia”. Gaineratu duenez, bizilagun horrek ez zuen zauririk izan, baina ikara ezin kendurik ibili zen hainbat egunetan. Horregatik, Aranak uste du arazoa konpondu egin behar dela ezbehar larriren bat gertatu aurretik, eta eztabaidarako deia egin du.