Ñabardurarik gabe

Ezin ditut Gabonak jasan, hori egia. Lehen lasai esan zitekeen hori, azalpenik eman gabe. Gero, zuzentasun politikoak indarra hartu zuenean, esaldi hori bota eta gainera etortzen zitzaizkizun denak, guaykeria aurpegiratuz. Eta moda hitza ere aipatzen zuten, modan jarri omen zelako Gabonak gorrotagarriak zirela esatea. Eta, horrela, Gabonen aurkarietako batzuk, kritikei aurre egin nahian, euren jarrera azaltzen hasten ziren: esaten zuten, adibidez, Gabonak baino gehiago, kontsumismoa zela gorroto zutena. Edo Gabonetan derrigorrez pozik egon beharraren kontra zeudela, edo urte osoan ikusten ez dituzun senideekin elkartu beharraren kontra, ezinikusiak irribarrearekin estaliz. Eta euren buruak zuritzen hasi ziren, ez zutelako gizartetik baztertuta egon nahi, gizartearen kontra zeudela esan arren. Non egongo gara hobeto, jaten ematen digun aska eder honetan baino? Izan ere, hara zer gertatzen zaien kartzelatik ihes egiten duten askori: nora joan jakin barik, berriro bueltatzen direla kartzelara, burumakur baina aterpearen segurtasunarekin.

Nire inguruan, adibidez, jendeak Gabonak kritikatzeari utzi zion egun batetik bestera, fundamentalista erlijioso sutsuak oldartu zitzaizkielako moralari buruzko lezioak emanez, edo modaren guruak agertu zitzaizkielako inguruan, euren aldareetatik aldarrikatuz zer zegoen in eta zer out. Niri, adibidez, herriko jainkojale batek errepasoa eman nahi izan zidan, eta gutxigatik ez zizkidan ebanjelioak irakurri, baina konformatu zen esanez nirea pose hutsa zela. Ez dakit zer erantzun nion, baina inpresioa daukat, erlijio kontuetan, intolerantziarik handiena beti datorrela fededunaren aldetik. Eta fededunak sumatzen badu gizartearen pisua bere alde dagoela, eta hala da Gabonetan, zoriontasun orokor eta ezin ukatuzko garai honetan, ba orduan akabo.

Ez dadila etorri, beraz, beste fundamentalistarik niregana kontu eske: kontsumismoa gorroto badut, ez da Gabonetako kontsumismoagatik, urte osokoagatik baino. Hipokrisia gorroto badut, Gabonek ez dute zerikusi handirik hor. Nik Gabonak gorroto ditut, xehetasunik gabe, ñabardurarik gabe, baldintzarik gabe. Gorroto ditut zuen superstizioak, gorroto ditut zuen erruduntasunak, ezin ditut jasan zuek beneratzen dituzuen izaki mitologikoak, eta grazia apur bat egiten didan bakarra Ama Birjina haurdun utzi zuen usoa da (zoofiliak beti egin dit grazia handia).

Niri, Gabonen partez, urte amaierak eta hasierak gustatzen zaizkit. Badakizue zer egingo nukeen gustura? Urte hasieran, bizarra erabat egin eta ilea zerora moztu, horixe. Eta itxaron, ilea urtearekin batera hazi dadin, hara zelako tontakeria, baina gustatzen zaidana. Gorputza eta denbora batera doazela sumatzea, ilea urtea bezain zaharra dela konturatzea, eta berriro ilerik ez moztea abenduaren 31ra arte. Erlijio txotxolo samarra izango litzateke, bai. Ez zuena baino askoz gehiago, hala ere.