Maderas de Lekeitio enpresak lana erregulatzeko txostena aurkeztu du, eta hilaren bukaeran jarduera gelditzeko baimena eman dio Eusko Jaurlaritzak. Horren ondorioz, enpresako 21 beharginek lanik gabe hasi beharko dute urtea. Garai batean, aitzitik, 140 langile ere izan zituen lantokiak. Enpresa hori itxita, sakonagoa bilakatu da Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zurgintzaren sektorearen krisia. Hala, azken hamarkadetan bi eskualde horietako ekonomiaren motor garrantzitsuenetako bat izandako jardueraren gainbehera bete-betean egiaztatu da.
Maderas de Lekeitioko langile batzordean ordezkaritza duen sindikatu bakarrak, LABek, adierazi du Bizkaiko egur sektorean moldaketa “sakona” egin beharko litzatekeela. Sindikatuaren iritziz, “aspalditik” hartuta egon beharko lukete neurri horiek. “Azken garai honetan ikusten ari ginen sektoreko hainbat enpresa ixten ari zirela, saltzea gero eta zailagoa zela, lana erregulatzeko txostenak nonahi genituela, ez zela erraza egurra lortzea gure eguneroko jardunak jarrai zezan”. LABen ustez, deskribatutako egoeraren “errua” ez da langileena: “Ikusi besterik ez dago egur enpresen Bizkaiko hitzarmena ez dela berritu 2003tik”.
Pinu publikoak, “usteltzen”
Horrez gain, sindikatuak salatu du “aldundiak eta hainbat udalek kudeatzen duten” pinuen egurra “erdi usteltzen” dagoela Bizkaiko basoetan; hau da, pinudien jabe diren erakunde publikoek ez dutela merkaturatu saltzeko moduan dagoen egurra. LABek emandako datuen arabera, pinu publikoek 30.000 hektarea betetzen dituzte Bizkaian, eta beste 70.000 hektarea inguru jabe pribatuen eskuetan daude. Pinuek emandako egurra merkatuan egongo balitz, sektorea “arnasberritu” egingo litzateke, sindikatuaren irudiko. Egoera horren inguruko galdera bat ere plazaratu du sindikatuak: “Zergatik ez dira hasi egur horren zertarakoaz eta kudeaketaz hausnartzen?” Erakundeei “gezurtiak” izatea leporatu die sindikatuak. “Neurri zuzentzaileak har ditzakete, baina ez dituzte hartzen”. Egoera horren atzetik “arrazoi ilunak” ikusten ditu LABek. Salatu egin dute egoera: “Enpresaren jabeak bankuekin hipotekatuta dagoen 22 hektareako lursaila dauka lan egiteko, baita makineria ere, eta Maderas de Lekeitio itxi egingo dute”.
Gogoetaren beharra
LABeko kide Jon Iñaki Alkortak egurraren sektorean “hausnarketa orokor bat” egin beharra nabarmendu du. “Hausnarketa serio bat egingo balitz, eragile sozial, politiko eta sindikal guztiek parte hartuta, plantea genezakeen sektoreak zer behar duen, pinuak bota ditzakegun, eta zer-nolako kostuekin”. Beraz, zalantzan jarri du pinudiek gaur egunean betetzen duten funtzioa. “Basogintza bera berritzeko politikei buruz ere ez da hitz egiten. Zertarako behar ditugu 100.000 hektarea pinu?”.
Ekonomia hazten ari zenean sektorea moldatzeko bideen inguruko gogoeta egin behar izan zutela onartu du. Bestalde, Marokora egurra esportatzen hastea konponbide bat izan daiteke, Alkortaren iritziz. Prezioak behera egin arren, egurrak merkatuan egon beharko luke, haren ustez, kontrako erabakiak “espekulazioa” elikatzen duelako. Aurrera begira, gogoeta egiteko eskatu du, Bizkaian “zer basogintza mota behar den” zehazteko. “Erantzukizun publikoak ere hor daude”.