Marijesi eta abenduen inguruan, Jose Antonio Arana Martija zenak ikertu du gehien. Hainbat herritako letrak eta doinuak aztertu zituen, besteak beste. Bere azterlanean, Balendin Aurre Apraiz poeta ajangiztarraren berbak ere jaso zituen. Aurre Apraizek hau zioen: “Gernikako marijesiak diote batzuek, baina ez dira Gernikakoak bakarrik. Inguruko herrietan ere abesten dira edo abesten ziren, eta hirian barik albo herriren batean sortu eta geroago Gernikara eraman ziren, antza”. Hala justifikatzen zuen inguruetako koplak arkaikoagoak izatea. Arana Martija ez zetorren bat: haren ustetan, ez dago argi zein diren zaharragoak. “Gernikakoak gehiago aldatu dira, besterik ez”.