LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiaren datorren urterako aurrekontuak auzitan jarri ditu. Besteak beste, murrizketak eta kaleratzeak aurreikusten dituela eta, Batzar Nagusiek —EAJ eta PPren aldeko bozarekin— atzo onartutako proiektua jendaurrean salatu nahi izan du asteon.
Proiektu horrek gastu publiko eta soziala jaistea jasotzen duela dio LAB sindikatuak. Besteak beste, foru aldundiak berak kudeatzeko aurrekontua 2011koa baino ehun milioi euro txikiagoa izango dela nabarmendu dute. “Udalei eman beharreko ekarpena gutxitzeaz gain, kulturan, ingurumenaren babesean, nekazaritzako azpiegituretan… murrizketak egongo dira”. Sindikatuak onartzen du Gizarte Ekintza Sailak igoera izango duela —aurten baino %0,33 gehiago—, baina neurri berean gizarte sustapena %0,31 jaitsiko dela ohartarazten du. “Gizarte bazterketaren kontrako borrokarentzako diru sailak ere jaitsi dira, noiz eta krisi egoera larrian gauden garai honetan”, diote sindikatuko kideek.
Hala, LABen irudiko, aurrekontu hauek “zerbitzu publikoaren kalitatearen kontra” doaz. Gainera, zerbitzuok “pribatizatzen” ari direla ohartarazi dute. Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, zerbitzu publikoak sostengatzeko aurrekontua gutxitzearekin batera, aldundian gutxienez hutsik geratuko diren 67 plaza amortizatuko dituzte. Era berean, ordezkapenak ordaintzeko diru saila ere %34 gutxituko da. “Horrek larri okertuko du herritarrei eman beharreko zerbitzua”.
Enpresa pribatuek egingo duten lan publikorako diru partidak, berriz, igo egin dira, LABen esanetan —20 milioi gehiago; 2011rekin alderatuta, %7,50eko gorakada—. Sindikatuaren arabera, pribatizazioek %11 egingo dute gora datorren urtean.
Foru Aldundiak “krisiaren kaltea langileek ordaintzea” nahi duela salatu dute, eta oraingoan administrazioko beharginei egokituko zaiela. Salaketa hori azaltzeko honako datu hauek eman dituzte: langileria gastuak %3,75 gutxitu nahi ditu aldundiak. Aldiz, LABen esanetan, 59 kargu publiko eta konfiantzazko kargu daude, eta horien gastua, urtean, foru diputatuenekin batera, 5,3 milioi eurokoa da. “Ez dira lotsatzen murrizketak iragartzen dituztenean, nahiz eta EAJko Euzkadi Buru Batzarreko idazkariaren soldata —diputazioan inolako lanik egin gabe— herritar guztion artean ordaintzen dugun?”.
Krisiaz eta murrizketez hitz egiten den bitartean, “beharrezkoak eta premiazkoak ez diren gastuetarako dirutza itzela erabiltzea” ere leporatzen dio aldundiari sindikatu abertzaleak. Bizcaytik fundazioa, Athletic, Bizkaia Bilbao Basquet, San Mames Barria, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta enparauak aipatu dituzte horren adibide gisara.
Konponbidea, zerga politikan
LAB sindikatuak zerga presioa aldatzeko ere eskatu du, gaur egungoa “atzerakoia” iruditzen zaiolako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %31koa dela, eta Europako Batasuneko batez bestekoa %41ekoa dela diote. “Aldeak urtean 5.200 milioi euro ez biltzea esan nahi du”.
Gainera, PFEZari dagokionez, biltzen denaren %90 beharginen lansarietatik datorrela ohartarazi dute. “Langileok enpresariek eta profesionalek aitortzen duten baino %62 gehiago aitortzen ari gara”. LABen arabera, gehien irabazten dutenei zerga tasak “jaitsi dizkiete etengabe”, eta kapitaleko diru sarrerak %20ko tasa finkoa dute, eta lan errentek baino gutxiago ordaintzen dute.
Ondarearen gaineko zerga urteetan bertan behera utzita egon dela gogorarazi dute, halaber. Sozietateen gaineko zergari dagokionez, tasa %12,7koa dela nabarmendu dute, eta Europako Batasuneko batez bestekoa, berriz, %22koa dela. Zerga politika aldatzeak murrizketak eragotz ditzakeela dio LABek.