Sindikatuek balorazio ona egiten dute BBK-k gizarte ekintzan eskaini izan duen zerbitzuaren inguruan, baina kezka agertu dute azkenaldian arduradunek hartutako erabakien inguruan. Izan ere, ELA sindikatuko Aitor Bikandiren hitzetan, gutxitu egin da azken hogei urteetan aurrezki kutxak berak bere langileekin eskainitako zerbitzua, lankidetza bidez eskainitakoaren mesedetan. Gizarte ekintzarako zenbatekoa, ordea, beti egonkor mantendu da. Alegia, irabazien %30. Eta irabaziok haziz joan dira, gainera. Beraz, diru hori berak bere baliabideak kudeatzeko erabili ordez, hitzarmen bidez lan hori egingo duten elkarte eta fundazioak finantzatzeko erabili du, hein handi batean. “BBK-k dirua eta marka jartzen ditu, eta elkarte horiek beharra”, dio Bikandik.
ELAk aurrezki kutxarena berea den gizarte ekintza handitzeko eta dagoena indartzeko eskatzen du. “Uste dugu hobeto kontrolatzeko modua dela”. Bikandik ohartarazi du diruaren, zerbitzuaren eta langileen egoeraren gaineko kontrola galtzen dela azpikontratazioa egiten denean: “Gu, sindikatu modura, horren aurka gaude nabarmen”.
Horrela jarduteko, kutxaren zuzendaritzak aitzakia hau jarri izan die sindikatuei: orain arte BBK-k betetzen zituen beharrizanei erantzuten hasi zaizkie erakunde publikoak. Haurtzaindegiak, eguneko zentroak eta enparauak jartzen dizkiete adibide gisa, eta Bikandik arrazoi izan dezaketela deritzo. Baina honetaz ere ohartarazi du: “Krisi ekonomikoak erakunde publikoak nola astindu dituen ikusita, agerikoa da aurrerantzean kontrako bidea hartuko dutela. Murrizketak egingo dituzte gizarte zerbitzuetan. Eta guk hor egon beharko dugu gabezia hori konpontzeko”.
ELAk, kutxan ordezkaritza duen sindikatu modura, badu gaitasuna BBK-k berak eskaintzen duen gizarte ekintza kontrolatzeko. Ez, ordea, elkarlanean beste elkarte edo fundazio batzuen bidez egiten duena kontrolatzeko. “Zenbat diru inbertitzen den baino ez dakigu. Ezin dugu jakin zentroak nola kudeatzen diren. Beraz, ezin dugu ziurtatu eskaintzen duten zerbitzua behar besteko kalitatezkoa denik”, azaldu ditu ondorioak Bikandik. Horren erakusgarri, emakumeen arretarako zentroa jarri du: “Hiru urtean bertako langileak lan hitzarmenik gabe daude, eta iaz bi langile kaleratu zituzten”.
Fusio prozesuan, sindikatuek mahai gainean jarri dute gai hori, eztabaidarako. “Azpikontratatutako enpresetan ere BBK-k lan harremanak kontrolpean izan ditzala eskatu dugu”. Ez dute askorik lortu, hala ere. Enpresa horiek euren esparru propioak dituztela jaso dute erantzun gisa.
Sindikatuak plan estrategiko berriaren zain daude, datozen bi urteetako lan ildoak zehaztuko dituena. Dena dela, BBK-ko zuzendaritzak ziurtatu die jarduna ez dela aldatuko, orain arteko bidetik jarraituko dela. Bikandiren hitzetan, aldaketak behar dira: “Plan estrategiko berria behar dugu, dugun egoerari dagokiona eta abaguneari aurre egiteko motorra izango dena”.
Hainbat zerbitzuren aldaketa iragarri die, eta Bikandik dio tartean kendu ere egingo dituztela. Horietan gastatuko ez dena kolaborazioetan gastatuko da. “Hasieran batean, BBK-k bere bitartekoekin egiten zuen dena; gizarte ekintzak langile propioak zituen. Baina, poliki-poliki, azpikontratazioaren aldeko pausoak ematen hasi ziren, eta, martxa honetan, BBK-k berak egiten duena desagertu egingo da”. Are gehiago, Bikandik dio baieztapen hori, bere edo euren susmoa ez ezik, zuzendaritzatik jasotako mezuen oinarrian ere badagoela. “‘Geuk egindako gizarte ekintza ahuleriak jota desagertuko da’, esaten digute. Bada, gu ez gaude hori onartzeko prest!”.
Helburua argi
“Onenak, punta-puntakoak eta eredugarriak”: halakoxeak izan behar dutela dio, “beti izan garen moduan”. Esaterako, adierazi du duela 50 urte BBK-ren gizarte ekintzan martxan jarritakoa dela haur eskoletan gaur egun erabiltzen den eredua, eta adinekoen egoitzetan beste horrenbeste gertatzen dela.
Fusioarekin eredua indartu daitekeela uste dute, baliabide gehiago izango dituztelako. “Mario Fernandezek dioenez, irabaziak hiru urtetan 800 milioi badira, eta horietatik %57 BBK-ra etortzen badira, hori guztia gizarte ekintzan erabili beharko da. Zertarako erabiliko dute bestela? Badaezpada gorde? Bai, baina ez hori guztia. Gizarte ekintzarako diruak gora eta gora egin behar du”.