Minutu lar

Alertan gagoz barriro. Pirinioetako egutegi ederra ekarri dogu Durangotik. Beharbada, hortxe idatzi beharko ditugu alerta egunak, askotxu dira eta. Atara doguz lorak balkoitik, autoak kostaldetik kendu, guardasolak gorde, eta aholkuak zabaldu. Alertan gagoz entzuten da nongura. Alerta gorria ezarri ei dabe haize indartsuakaitik. Zer ete dator, pentsatuko dau batek baino gehiagok…

Gaurkoa eguraldi kontuetan oso nahastaua izango da; gauza asko gertatuko da eta giro ez oso atsegina sortuko dabe. Alde batetik, haizea; egunaren hasieran hego-mendebaldetik joko dau, oso gogor gainera, gero ipar-mendebaldera aldatu eta ahulago ibiliko da, baina kostaldean oraindik zakarra izaten jarraituko dau.

Bestetik, euria; tarteka eten barik eta ugari egingo dau, iparraldean batez be, eta kostaldean ekaitzak be jo leike. Gorengo tenperaturek gora egingo dabe, baina arratsaldetik aurrera tenperaturak behera egingo dau nabarmen eta egunaren amaieran edur mailea 1000 metrora parauko da.

Itsasoan Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, 8ko indarragaz; goizean ipar-mendebaldera aldatuko da eta 7-8ko indarra hartuko dau. Itsaskia edo itsaski handia eragingo dau hasieran, goizetik aurrera itsaso oso zakarra edo itsaso handia. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 6 metroko olatuak altxatuko ditu, egunaren amaieran 4,5 metrokoak.

Lerroak eta lerroak eguraldiaren iragarpena egiteko, minutu lar eguraldia gora, eguraldia behera, itzelezko argibideak hodeiez eta haizeez, herritarren argazkiak erakusten ditue gero, ez dakigu noiz arteko iragarpenak azaldu…

Oraingoan informatuta gagoz! Ez daukagu ezer eguraldi gizon eta andreen aurka baina lehen minutu bakarrean adierazi eitekeana orain hamar minutuan be labur geratzen ei da. Egunean zehar gitxienez hamar bider jasoten dogu eguraldiaren inguruko informazinoa eta pentsau geinke informazino horrek betetzen dauan denporea izan leitekeela egokia beste eduki mota batzuekaz hornitzea, edo?

Bai, egia da, batzuk perretxikotan urten gurean eta besteak eski lekuetara noiz joango.

Ados egongo zarie baina, zera dinogunean, “igogailuko alkarrizketek” kaleak ezeze tabernak be harrapatu ditue. Eta zer esango deutsuet hedabideez! Lehen soloa lantzeko eta baserriko bizitza aurrera atara ahal izateko ezinbestekoa zan eguraldia. Zer esan handia eukan gizakiaren bizitzetan. Baina orain?!

Gaur ilundian zerura begiratu eta hurrengo egunean zelako eguraldia egingo dauan badinozu igarlea zarela pentsau leikie ingurukoek. Halakorik!

Etxean entzuna da gizon batek eguraldiaren barri emoten ebala bere herrian, auzorik auzo ibilten zan antza. Hurrengo egunean badirudi, igarri eban lekuetara baino ez zala itzultzen! Hortxe erremedioa.

Zuhur ibili, ez oso aspaldi itzel modan egozan kaleko alkarrizketetan birik baten itauntzen eben ia zein liburu irakurten zagozan, zein dan zeure gustukoena edo zein erregalauko zeunken.

Ia orain modea barriro ez datorren… esango leuke batek baino gehiagok… Ze, eguraldiaren inguruko iragarpena gehien jota askok irakurten dauana!

Gaur hodeiak.