Arrantza XX. mendean

Bisita gidatuak

Santurtzi

Bilboaldeko eta Ezkerraldeko lantegi handiak datozkio burura edonori Bizkaia suspertu zuen industria aipatzean. Itsasoan ere lan handia egindakoak dira, baina, bizkaitarrak. Arrantzaleen beharra ez ahazteko eta zer-nolakoa den ikusteko aukera dago asteburu honetan Santurtzin. Agurtza XX. mendearen erdialdeko atunontzian bisita gidatuak antolatu ditu bertako udalak.

Bihar eta etzi dago bisita horiek egiteko aukera. Doan izango dira. Berez, gazteleraz prestatuta daude. Euskaraz egiteko —edo ingelesez edo frantsesez—, aurretik hitzartutako taldeak osatu behar dira. Izena emateko, Santurtziko turismo bulegora deitu edo posta elektronikoa bidali behar da: 94-48 39 94 telefono zenbakian edo turismo@santurtzi.net helbidean.

Arrantzaleen lan baldintza gogorrak ezagutzeko aukera izango dute Agurtza ikustera doazenek. Zer-nolako arrantza teknikak eta nabigazioa erabiltzen zituzten kontatuko dute bisita horietan.

Agurtza mende hasierara arte itsasoan ibilitakoa da. Aurten zaharberritu egin dute, eta egokitu, bisitariek arrantzaleen bizitza eta arrantza bera itsaso zabalean zelakoa zen ikus dezaten.

Lekeitioko Murelaga ontzioletan egin zuten Agurtza atunontzia. Kostaldetik atera eta Kantauri itsasoan hogei urtean ibili da.

Arrantzaleen bizitzari buruz hitz egitean, emakumeek egin zuten lana ere ez dute alde batera utzi: arraina lehorreratzen laguntzen aritzen zirenak, sardina saltzaileak eta sareginak gogoan izango dituzte Agurtza-n.

Itsasontzi barruko gelak ere erakutsiko dizkiete bisitariei, baita arrantzaleen logelak izandakoak ere. Oso leku txikia zuten arrantzaleek logeletan, eta oso ohe estuetan egiten zuten lo.

Bestalde, itsasontziaren bizkarrean arrainak gordetzen zituzteneko hozkailuak daude. Ahalik eta arrain gehien gordetzeko bata bestearen ondoan ondo sartuta gordetzen zituzten, portura itzuli arte fresko-fresko iraun zezaten.

BISITAK

Bihar. 11:00etan, 12:30ean eta 18:00etan.

Etzi, domeka. 11:00etan eta 12:30ean.