Goiz nator, ohi dudan eran, eguna estreinatuz, kale biluziak zapalduz, abendu hasierako egun ilunen arrastoan, datorrenari urratsak lapurtuz bezala.
Kafea, txokolatezko napolitana bat eta egunkaria, inork ezagutzen ez nauen kafetegi neutro batean; letrak eta gosari garratz-gozoa, inor ezagutzen ez dudan txoko anonimo batean.
Goiz nator baina hasiz doa eguna, nagi bezain baketsu, nork bere hautazko adjektiboaren erritmora, tik-tak, tik-tak edo di-da, di-da.
Irratira osteratxoa, azokako kaleetan buelta pare bat, laster da hemen ilustratzailea, laster dira hemen, Markinako lagunak eta arduradunak: Peru-Abarka album-lehiaketa, beste urtebetez, behintzat, aurrera doa, berbak eta irudiak elkartuz, kronika partikularrak eskarmentu konpartituen eremu bilakatuz, behin edo behingo plaza zabalean.
Goiz nator, egunerokoen making off-a atsegin dudalako eta barruan sartu naiz.
Zenbat liburu, zenbat disko, zenbat joko, molde eta kolore azokako kaleetan… Aizu, baina, non hasten da hau guztia?
Zail samarra dirudi, baina, agian ez da hain gaitza lehen aztarnara iristea. Bulkada bat, bor-bor bat, egonezin bat, premia kilikagarri bat, janak ase ezin duen gosea, urak ase ezin duen egarri mugagabea… Ez al da halako zerbait sortze-prozesua martxan jartzen duen motorra?
Izaki sentikorrak garen neurrian, berezkoa zaigu esateko premia, batzuetan errekaren aurka igeri egiteko, besteetan uraren kide bihurtzeko. Egia da ez dugula denok joko bera hautatzen; ez forma bera, ez intentsitate bera, ez erritmo berbera. Badira esateko premia horrekin lekuak asmatzen dituztenak, edo kantuak edo poemak edo pelikula mugikorrak zein geldiak.
Gehiago nahi dut eta bila noa dirudi esan nahiko lukeela konbentzioak apur bat hankaz gora jarri eta unea birsortzen ari denak; gehiago nahi dut edo, behintzat, beste era batean esan; neure eran, geure eran.
Duela gutxi ipini ziguten leku bat halakoak kontatzeko Durangoko azokan: Ahotsenea, ahotsen etxea. Bertara bazoaz, esan, kantatu, xuxurlatu edo ezina hankaz gora jartzeko aukera daukazu, ordu erdian. Leku horretan, garen pusketekin nahi adina puzzle osa dezakezu hogeita hamar minutuan.
Ez da perfektua, baina hobetuz doa, urtetik urtera, eta bertan batzen dira hitza, musika, irudia, doinua, hotsa, hatsa, begirada, eskua, oihua eta zarata. Bertan batzen dira, baita ere, zerbait esan nahi duena eta zerbait entzun nahi duena; zerbait erakutsi nahi duena eta zerbait ikusi nahi duena.
Ez da perfektua, baina osatzen doa, tiki-taka, urtetik urtera.
Ahotsenea, ahotsen etxea.
Ahotsenea, aditzen etxe aurrea.