“Emozio eta sentipen denak biltzen ditu flamenkoak” »

Urduri bezain gogotsu zegoen Adriana Bilbao Zarraonaindia (Bilbo, 1987) Bilborock aretoan El cuarto escalón aurkeztu aurretik. Izan ere, etxean, familia eta lagunen aurrean egin du bere azken lanaren estreinaldia.

Sevillan bizi da, baina, aurretik, Malagan hasi zuen dantzari profesional gisa bere ibilbidea. Amari zor dio flamenkozale izatea; aitonari Athleticen zale izatea. Telmo Zarraonandia Zarra jokalari mitikoaren biloba da.

Zer esan nahi du zuretzat sorterrian estreinaldia egiteak?

Gauza handia da, ilusio handia egiten dit. Urduri nago, normala den moduan. Erantzukizuna ere handiagoa dela sentitzen dut hemen. Gainera, inguruko batzuek dantzan ikusten nauten lehen aldia ere bada.

Zer da El cuarto escalón?

Kantua, dantza eta jotzea elkartzen dituen ikuskizuna da. Flamenko tradizionala da, hutsa, fusiorik gabea. Bakoitzak bere ukitua, nortasuna ematen dio, eta ez du istorio zehatz bat. Iaz sortu genuen, eta promozio bideo bat ere egin genuen, baina estreinaldi ofiziala Bilbokoa da.

Nondik datorkizu flamenkorako zaletasuna ?

Amarengandik. Hura izan zen umetan sevillanak eta flamenkoa ikastera animatu ninduena. Hasi nintzenean, 9 edo 10 urte nituen, eta ordutik ez naiz gelditu. Ama ere txikitan ibili zen; gero, utzi egin behar izan zuen. Asko gustatzen zaio flamenkoa.

17 urterekin, Bilbo utzi, eta Andaluziara alde egin zenuen. Gogorra izan al zen erabakia hartzea?

Nik argi neukan dantza egin gura nuela eta unibertsitatean ere zerbait ikasi nahi nuela. Ez nekien zer, baina argi neukan unibertsitatera joango nintzela. Familiakoek beti lagundu naute, eta ondo hartu zuten; nire erabakiak ez zituen ezustean harrapatu.

Dantza ikasketak Informazio Zientzien unibertsitate ikasketekin uztartu zenituen.

Bai, halaxe da. Malagako Unibertsitatean egin nuen lau urteko lizentziatura, eta, tarte horretan, Susana Lupiañez Lupi-k erakutsi zizkidan dantzak. Malagan lau urtez egon ostean, Sevillara joan nintzen, eta bertan bizi naiz egun. Sevillan, hainbat eskolatan egon naiz ikasten, Alicia Marquezen gisako profesionalekin, esaterako. Bestalde, iaz Madrilen Arte Eszenikoen masterra egin nuen Juan Carlos Erregea Unibertsitatean.

Flamenkoa ezagutzen ez dutenei zelan azalduko zenieke zer den?

Istorio baten isla da; dantzatzean, kantatzean eta jotzean sentitzen dena. Flamenkoaren hitzek, melodiek betetzen naute, eta horregatik nabil honetan. Sorgindu nauen kultura bat da. Arrazadun artea da, lurrekoa… Asko betetzen nauen zerbait da, euskal kulturak legez. Emozio eta sentipen denak biltzen ditu flamenkoak. Eta dena ez da pena eta mina; jai izaera ere badu. Askok uste dute dena negarra dela, eta ez da horrela. Langile klaseak sortu zuen flamenkoa; nekazariek, meatzariek… Landan, kaleetan eta auzoetan abesten zutenen ondorio da. Askok ez zekiten irakurtzen eta idazten; dena horrela adierazten zuten, kantuz. Hortaz, ahozko transmisioa eta herri nortasuna ditu oinarri flamenkoak.

Sevillan bizi zara orain; aurretik, Malagan egin zenituen lau urte. Handik kanpo dantzatu al zara sekula?

Andaluziako herrietan dantzatu naiz, batik bat; Malaga, Sevilla eta Cadiz aldean. Baina, Madrilen masterra egin nuenez, tablao-etan ibili nintzen. Han, jendea ezagutu eta hainbat artistarekin harremanetan jartzeko aukera izan nuen. Euskal Herrian, Iruñean egon nintzen behin tablao batean. Iaz, esaterako, Europako iparraldean egon ginen, Andaluziako ordezkari gisa, turismoa sustatzeko. 2011ko udan, Italiako Santa Fiora nazioarteko musika jaialdira joan nintzen, eta, azaroan, Kazakhstanen dantzatu nintzen, gala pribatu batzuetan.

Hortaz, denetariko publikoa ezagutzen duzu. Ba al dago alderik?

Bai, aldea badago. Kazakhstanen, esaterako, kontu alaiak eskatzen zizkiguten: buleriak, runbak eta tangoak. Hala ere, topikoak eta estereotipoak leku guztietan dituzte. Askok telebista gaineko soineko motaduna duen panpinarekin lotzen dute flamenkoa. Frankismoak kalte handia egin zion flamenkoari. Flamenkoa sevillanak baino askoz gehiago da; haratago doa, sakonagoa, zabalagoa da… Horregatik, beti saiatzen gara estereotipoak apurtzen.

Azken urteotan, ikasten ez ezik erakusten ere bazabiltza. Zelan moldatzen zara irakasle lanetan?

Ondo, atsegin dut eskolak ematea. Flamenkoan hasiberria naizela esan daiteke, baina ahal dudana eta ikasi dudana erakusten dut. Lupik ondo eta asko erakutsi zidan, eta berdin egiten saiatzen naiz. Eskola batzuetan, pausoak bakarrik erakusten dituzte, zergatia azaldu barik; nondik datorren esan gabe. Bestalde, kantua ere oso garrantzitsua dela uste dut. Beraz, informazio teorikoa, teknikoa eta praktikoa ematen diet nire ikasleei.

Etorkizunera begira, zertan eta non ikusten duzu zeure burua?

Auskalo, ni haizeak mugitzen nau. Ez dakit datorren urtean zer egingo dudan. Lanbide hau irregularra da, proiektu batekin pare bat hilabeterako atzerrira joateko aukera sor daiteke edo hainbat hilabetez ezer ez. Argi daukat nagoen lekuan nagoela beti egongo naizela prest ikasteko eta klaseak hartzeko. Bestalde, noizbait neure eskola zabaltzea ere gustatuko litzaidake, eta Bilbon ahalko banu, hobeto.

Bilbotarra eta Zarra futbol jokalari ezagunaren biloba izanda, athleticzale amorratua izatea ez da arraroa. Nola daramazu hori Andaluzian?

Ondo, sekula ez dut arazorik izan; alderantziz, han ere Athletic maite dutela esaten didate. Igandean, poz itzela hartu nuen Atleticori irabazi ziolako. Partida dagoenean, beti janzten dut Athleticeko kamiseta, eta auzokoak barre egiten dit. Batzuek badakite noren biloba naizen, eta hitz ederrak baino ez dizkidate esaten hari buruz. Aitonaz zerbait esaten didaten bakoitzean, irribarre zabala ateratzen zait.

‘JOLLE’-K ZABORRA BAINO EZ DU EKARRI »

Ipar Atlantikoan sortutako ziklogenesi lehergarria euskal kostaldera arte iritsiko zela eta, astelehenean alerta laranja ezarri zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Itsasora irteteko eta itsas bazterretik ibiltzeko debekua ere ezarri zuten. Hai…

Kaleetatik egutegira »

Ohikoa da herriko pertsona historikoei kaleak eta plazak eskaintzea. Mungiak ere horren adibide asko ditu. Udalak urtero banatzen duen egutegia kale izendegi horri eskaintzea erabaki dute. Hala, hilabete bakoitzean pertsonaia eta kalea ezagutzeko aukera egongo da. Gure kaleak du izena, eta euro baten truke eskuratu daiteke Agirre jauregian. Dirua Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Partzuergoak jasoko du, beharrizanean dauden familien artean banatzeko.

Jose Etxegarai historialariak osatu ditu biografiak. Musikariak, margolariak, enpresariak eta kirolariak daude tartean. Denen artean ezagunena, zalantzarik barik, Esteban Urkiaga Lauaxeta idazle eta kazetaria da. Laukizen jaio zen, baina Mungiara joan zen umetan, eta han zeukaten baserriaren izena hartu zuen ezizen modura. 1937ko ekainaren 25ean hil zuten frankistek Gasteizko Santa Isabel hilerrian, apirilean Gernika-Lumon atxilotu eta bi hilabetez preso izan ostean. Etxe hura zegoen lekuan dauka kalea gaur egun. Mungiako kale nagusietakoa da, gainera. Bagil edo ekaina eskaini diote.

Athleticen zaleen artean ezaguna da Telmo Zarraonandia Zarra. Asuan (Loiu) jaio zen, 1921ean, eta garai batean futbolari ezagun izan zen. Lutxana eta Mungia arteko trenbideak han zeukan geltokiko nagusia zuen aita. 1936ko gerra ostean, Mungiara joan ziren bizitzera. Zemendi edo azaroan ageri da haren berri.

Bentades ikastetxearen —egun zaharberritzen ari dira—bultzatzaileak ere baditu kalea eta hilabetea: iraila. Laureano Jado Bentades zuen izena ingeniari eta filantropo hark. Mungian jaio zen, 1843an. Ondasun askoren jabe zen, eta, besteak beste, sorterriko ikastetxeaz gain Bilboko Arte Eder Museoaren eta Erandioko Jado ikastetxearen sorreran ere parte hartu zuen.

Aurelio Artetxe Arana enpresaria jorrail edo apirilean agertzen da. Bakion jaio zen, 1908an. Irurak Bat enpresan hasi zen beharrean —kontagailu elektrikoak egiten zituzten han—, ingeniari legez. Gernikako bonbardatzea sufritu zuen, eta jeltzalea zelako, erbesteratu egin behar izan zuen, familiarekin batera. Liejan (Belgika) enpresa elektriko batean behar egin zuen, eta handik Venezuelara joan ziren. Caracasko Euskal Etxearen fundatzaileetako bat izan zen. Euskal Herrira bueltan, Mungiako enpresarik ezagunenetakoa sortu zuen: Artetxe. Gaur egun, Europan, Amerikan eta Asian 2.000 behargin ditu Artetxe Group taldeak; horietatik 700, Mungiako lantegian.

Elizgizonak hainbat dira: Francisco Bilbao Elorriaga misiolari dominikoa —marti edo martxoa—, Florencio Matias Pedro Galarza Belutegi —abuztua— parrokoa eta Jose Zameza Urrutia jesuita —urria—. Emakume bakarra agertzen da, Francisca Zubiaga Eskauriaza. Abendua eskaini diote hari, baita haren neba Eduardo Marcelinori ere. Angel Maria Garavilla margolariak —urtarrila—, Aureliano Galarza Mentxaka abokatuak —zezeil edo otsaila—, Santos Eusebio Intxausti Larrauri musikariak —maiatza— eta Juan Jose Elorduigoitia Elordi filantropoak —uztail edo garagarrila— osatzen dute egutegia.

Durangaldea zortzi pausotan »

Gerediaga elkarteak Merioaren ibilbidea izeneko ibilaldia gidariarekin egiteko bisita berezia antolatu du urtarrilaren 19 eta 20rako. Edonoiz egin daiteke ibilbide hori, baina Durangaldea bizkaitartzeko prozesua hasi zeneko 800. urteurrena gogoratzen ari direla eta, azalpenekin eta autobusez egitea pentsatu dute. 19koa gaztelaniaz izango da, eta 20koa, euskaraz. 09:30ean abiatuko dira, Iurretako plazatik. Gutxi gorabehera, 15:30ean bukatuko dute, Elorrion. 15 euro ordaindu eta izena eman behar da 94-681 80 66 telefono zenbakian.

Iurretako Goiuriatik abiatu eta Elorriora arte, Durangaldea, haren historia eta antolaketa sozio-politikoa ezagutzeko zortzi eremu daude aukeratuta. Leku horietako bakoitzean informazio egitura bana dago, ibilbide osoko eta toki jakin bakoitzeko azalpenak dituela. Euskaraz idatzita daude, eta gaztelerazko zein ingelesezko laburpenak dituzte. QR kode bati esker, www.gerediaga.com webgunean ibilbideak daukan atal berezira jo daiteke, inguru horri buruz gehiago jakiteko. Gerediagako kide Aitziber Atorrasagastiren esanetan, “Durangaldeko ondarea ezagutzeko aukera aparta da”. Nabarmendu du zortzi gune horiek baino gehiago badirela ikustea merezi dutenak.

Goiuria

Durangaldeko talaia

Lehenengo geldialdia Iurretako Goiuria auzoan egingo dute. “Eskualdeko espazio geofisikoaz hitz egingo da. Durangaldea haran batean dago, eta hura da osorik behatzeko puntu erreferentziala. Mendateak, ibaia… Dena ikus daiteke handik”, azaldu du Atorrasagastik.

Momoitio

Lehen erakundea: kofradia

Handik, Garaiko Momoitio auzora joango dira. San Joan baselizaren inguruan XI. mendeko nekropolia dago. “Haren inguruko azalpenak emango dira, eta, bide batez, lehen egituraketa politikoaz ere hitz egingo da. Auzoetako lanak egiteko kofradietan antolatu ziren, ermiten inguruan. Momoitioko hau zen horietako bat”.

Garai

Kofradiak batuta, elizatea

Garaiko herrigunera joko dute hurrengo, udaletxera. “Kofradiak txiki geratzean, batu egin ziren egitura, eta handiagoak osatu. Hala sortu ziren elizateak. Lehen, baselizen inguruan elkartzen ziren; gero, parrokietan bilduko dira. Hortik dator elizate izena”, azaldu du. Garaiko udaletxean, udalbatza aretoko eserlekuak ikusiko dituzte, haien bizkarraldean baserrien izenak dituztela. Alkatearen makila ere han dago, XIX. mendeko aginte ikurra. Baita elizateko bandera, 1886koa.

Gerediaga

Eskualdeko parlamentua

Garaitik Abadiñora jaitsiko dira, Gerediagako foru zelaira. Durangaldeko Batzar Nagusien egoitza den baselizan —gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzetako bat—, XVII. mendeko gurutzarria, zin egiteko plaza eta haritza ikusiko dituzte. “Merinaldeko 12 elizateak zeuden Durangaldeko Batzar Nagusi haietan ordezkatuta. Hiribilduak kanpoan geratzen ziren. Durangok, Elorriok eta Otxandiok ez zuten ordezkaririk”.

Astola jauregia

Ordezkariaren egoitza

Durangaldeak Bizkaiarekin bat egin zuenean, jaurerriaren ofizial administratiboa izendatzen zen merinalderako. Merioa zuen izena, eta Astola jauregian egoten zen —gaur egun, mankomunitatearen egoitza da—. “Ohiko bilerak bertan egiten ziren. Auzitegi eta espetxe lanak betetzen zituen. Gaur egun ere ikus daitezke kartzelaren aztarnak”. Zepoa, girgiluak, pisuak eta beste hainbat objektu ere ikusgai direla dio.

Muntsaratz dorretxea

Printzesaren bizilekua

“Diskurtsoan eten bat egingo dugu”, azaldu du hurrengo geldiunea. Muntsaratz dorretxea da; gaur egun, Kalitatea Fundazioaren egoitza dena. 1200. urtera arte Durangaldea Nafarroako erresumaren menpe zegoen. “Eskualdeak Nafarroarekin zuen harremana azaltzen dugu, eta kondaira bat kontatzen dugu: Nafarroako printzesa bat dorretxeko jauntxoarekin ezkondu ei zen”.

San Agustin Etxebarria

Burujabetzaren lekukotzak

Elorrioko San Agustin Etxebarria elizan aurkitu zen Durangaldeko forua. Indarrean egon zen Bizkaiko Jaurerriarekin bat egin eta Bizkaiko forua ezarri zen arte. “Durangaldeko kondeen momiak elizpeko San Martin kaperan daude lurperatuta. Haiek ziren garai hartako eskualdeko agintaritza”. XI. edo XII. mendekoa da eraikina, eta barruan erretaula platereskoa dauka. Horma irudiak eta estilo erromanikoko hainbat harlandu ere baditu.

Elorrio

Hiribildu eredua

Azken geltokian, hiribilduak ezagutuko dituzte. “Zer ziren? Nola antolatzen ziren? Zer dira sortze gutunak? Galdera horiei erantzungo diegu”. 1356an eman zion Don Tello Bizkaiko jaunak sortze gutuna Elorriori, sakabanatuta zegoen populazioa gune batean elkartu ahal izateko. Atorrasagastik herriko jauregiak eta Argiñetako nekropolia nabarmendu ditu herriko ondarearen barruan.

Dirua bitartekari bihur dadin »

Diruak historikoki izan duen bitartekari funtzioa berreskuratu dezan eta helburu izateari utz diezaion proiektu berri bat martxan jartzeko lanetan ari da Desazkundea kolektiboa Bilbon. Bilbodiru izeneko txartelak aterako dituzte: euro baten truke, bil…

Nesken lehen andereƱoa »

Zumalabe handiki familia bateko kide izan zen. 1630 inguruan jaio zen, Balmasedan. Euskal Herrian mutilak oraindik eskolara joaten ez ziren sasoian, neskentzako eskolak ematen hasi zen. Horrela bada, lehen andereñoa izan zela esan daiteke.

Zumalabe familiaren dorretxean antolatu zuen ikasgela. Oinarrizko gauzak irakasten zizkien: matematika, irakurtzen, idazten… Agiritegietako dokumentuen arabera, eskualdeko tokiko administrazioen diru laguntza jaso zuen 1654an eta 1656an, eskolak finantzatu ahal izateko. Sasoi hartan inauguratu zen Balmasedako Santa Clara komentua, eta 1666an moja sartu zen.

Orain dela ehun urteko ‘photocall’-a »

Gaur egungo bizkaitarrek eta bilbotarrek nekez ezagutzen dituzten arren, garaikideen artean ezagunak ziren. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran bizi izan ziren, eta zer esana eman zuten. Pitolerdo maisuaren, Lodi Errosarioduna deitzen zuten durangarraren, jaiotzez Galiziakoak ziren ahizpa biolin jotzaileen eta beste askoren bizitzaren arrastoari jarraitzeko modua dago, ehun urte igaro direnean. Garai hartako 45 pertsonaiaren erretratuen erakusketa dago Bilboko Euskal Museoan, otsailaren 24ra arte.

Bilduma askoz zabalagoa da. Orotara, 239 lanek osatzen dute, eta Bizkaitar Entzutetsuen Galeria du izena. Lertxundi anaien lana dira guztiak, 1940 eta 1950 artean margotutakoak. Jose Antonio eta Luis Lertxundi Sirotich ziren anaiak. Luis Graficos Lerchundi familia enpresako arduraduna zenez, uste da Jose Antonio izan zela artista. Hala ere, ez dago egiletza ziurtatzerik. Bi anaiek Bizkaiko historia museo ikonografiko bat sustatu nahi izan zuten, pertsonaia horien bitartez orduko historia kontatzeko.

Lehenengoz 1957an aurkeztu zuten bilduma jendaurrean. Bidebarrietako Liburutegian antolatu zuten erakusketa, Bilbon tuberkulosiak jota zeuden gaixoentzat dirua lortzeko. Hamar urte geroago, margolanok salgai jarri zituzten hiriburuko Tavira galerian. Garai hartako alkate Javier Ibarra eta Bergek ikusi zituen, eta, Manuel Basas artxibozainak aholkatuta, lanok eskuratzea erabaki zuen. Hala, udal jabetzako bihurtu ziren. Alabaina, galerian egon ziren bitartean, horietako hamazortzi saldu egin ziren, eta, beraz, gaur egun 221 lan dira. Hasieran, Bidebarrietako Liburutegian gorde zituzten lanok. 1995ean, Euskal Museora eraman zituzten, eta han egon dira gehiago erakutsi gabe.

Pertsona herrikoiak

Bilduma hainbat ataletan egon da katalogatuta: Kalekumeak, Kirolariak, Herrikoiak, Artistak, Idazleak, Ospetsuak, Ongileak, Negozio Gizonak eta Goi Gailurrak. Pertsonaia asko direnez eta, haiekin batera, aipamen biografiko labur bat jarri nahi izan denez, pertsona horien berri txandaka eskaintzea erabaki du museoak. Hori horrela, lehenengo emanaldia, egun ikusgai dagoena, kalekumeei eta pertsona herrikoiei eskainitakoa da.

Gaur egun, askok ezagutzen du Txomin Barullo konpartsa, baina seguruenera gehienek ez dute jakingo izena nondik datorkion. Hona Marian Alvarez Euskal Museoko koordinatzaileak emandako azalpena: “Jose Domingo Sagarminaga zuen izena, eta burtsan lan egiteaz gain, Bilbon egiten ziren jai guztiak antolatzeaz arduratzen zen: Bilboko jaiak, operak, prozesioak, zezenketak… Zalaparta denetan zebilen; hortik datorkio Txomin Barullo izena”.

Salustiano Oriberen izena, ordez, ez da lar ezaguna. Baina bai haren asmakuntzetako bat: Licor del Polo haginetako pasta ezaguna. “Logroñon jaio eta Madrilen ikasi ondoren, Bilbora etorri zen bizitzera, eta Askao kalean farmazia bat jarri zuen. Jende askok ezagutuko du negozioa, 1983ko uholdeak gertatu ziren arte bertan egon baitzen. Oso polita zen, nazariar estilokoa. Laborategia Deustuan zuen. Bitxikeria bat kontatzen dute, ez dakigu egia izango ote den. Diotenez, Licor del Polo produktua jendartean ezagutarazteko asmoz, Gineako beltz bat haginetatik eskegi zuen, pasta erabiltzeagatik hortz gogor eta osasuntsuak zituela frogatzeko”, azaldu du Alvarezek.

Perez azalpen emailea, berriz, sevillarra zen sortzez. “Garai hartan, filmak mutuak ziren, eta hark irudiak azaltzen zituen. Diotenez, emanaldi bakoitzean istorio ezberdina kontatzeko adinako irudimena zuen. Beraz, film berbera birritan ikusi arren, bi ikustearen parekoa zen harekin”. Horrek egin zuen ezagun, Alvarezek gogora ekarri duenez. Zinemak soinua hartu zuenean bukatu zitzaion ogibidea.

Pertsonaia horiei buruzko informazio gehiena garai hartan idatzi ziren bibliografietatik atera dute: Emiliano Arriaga, Jose Arrieta, Indalecio Prieto, eta Julian Alegriaren obretatik, besteak beste. Hala ere, badira oso informazio gutxi duten bost pertsonaia: Julian Kortadi, Julian Gisbert, Adonis Pocheville, Jose Maria Basterra eta Martin Zubiaur. Bisitariei dei egin die museoak, zerbait jakinez gero kontatzeko. Beste horrenbeste falta diren lau lanen berri dakien edonori ere. Izan ere, bilduma osatzen zuten bost lan desagertu egin ziren: Lorito, Jodra, Begoñako santua, Ochandiano Chimbo, Santiaguito eta Jaungoikoa izenekoak falta dira. Azken hori esku pribatuetan topatu dute, eta lanaren jabeek erakusketan jartzeko utzi diote behin-behinean museoari.

Eskaera, Bizkaibuseko 150 matxura konpontzeko »

BILBO. TCSAk Bizkaibusen 38 linea kudeatzen ditu, eta urtero 7,5 milioi bidaiari garraiatzen ditu. Beharginek salatu dute autobusak gaizki daudela, “ez delako egiten mantentze lanik”. 150 matxura konpontzeko eskatu dute.

Gorakada, 25 urtez »

ErakusketaLeioaGorakada antzerki konpainiaren 25 urteko ibilbidea jasotzen duen erakusketa dago Leioako Erakusketa Gelan. Eskularru txotxongiloak eta aktoreak abiapuntutzat hartuta, hainbat teknika, estilo eta eszenaratze garatu ditu konpainiak urte h…

88.750 »

Ezkerraldean bosgarren edukiontzia jartzeko inbertsioa. Hondakin organikoentzako edukiontzia hiruhileko honetan ezarriko dute Ezkerraldean. Esleipena 56.749 eurokoa da, eta kontzientziazio kanpainan 31.700 euro erabiliko dute.