“Bizkaia armagintzaren industriaren podiumean dago”

“Bizkaia armagintzaren industriaren podiumean dago”

Zihara Jainaga Larrinaga

Arma industria zibil bihurtzearen aldeko eta gastu militarraren aurkako Bizi martxara deitu dute biharko zenbait kolektibo antimilitarista, ekologista eta internazionalistak. Bilboko Foru Jauregiaren paretik abiatuko dira, 11:00etan, eta geldialdiak egingo dituzte armagintzarekin kolaboratzen duten Bizkaiko zenbait enpresaren egoitzetan. Luis Miguel Garcia (Basauri, 1970) Bizi martxaren antolatzaile eta Kakitzat koordinakunde antimilitaristako kideak adierazi duenez, enpresoi ematen zaien dirua ekoizpen militarra zibil bilakatzeko baliatu behar da. Hala, publikoki eta bizikleta gainean pedalkadaka, politikariak gerra prestatzen ari direla salatuko dute. “Bakea ez da armekin egiten”.

Bihar armagintzaren aurkako hamabosgarren Bizi martxa egingo da. Ekinaldi horren bidez, zer salatzea duzue helburu?

Helburu nagusia da exijitzea arma industria zibil bihur dezatela, eta, era berean, gastu militarra salatzea. Gaur egun dugun egoeran, merkatuko prezioak goraka doaz etengabe, eta herritarrek arazoak dituzte eguneroko gastuetara iristeko, baina gastu militarra izugarri igo da. Badirudi horretarako badagoela dirua; beharrezkoa denarentzat, ostera, ez.

Gaur egun, zein da egoera Bizkaiko armagintza industrialaren sektorean?

Espainiako Estatuko gainontzeko lurraldeekin alderatuta, Bizkaia armagintzaren industriaren podiumean dago. Eusko Jaurlaritzatik eta foru aldundietatik diru asko ematen diete armagintzari loturiko enpresei; hau da, erakundeek inplikazio handia dute. Hain zuzen, diru hori Saudi Arabian erabiltzeko armak egiteko izaten da. Yemenen aurka jotzen dute horrela. Agintariek hainbestetan aipatzen duten bakea ez da armak bidaliz lortzen.

Hain zuzen, moralaren eta etikaren aurkakoa izateaz gain, legez kanpoko jarduera da armagintza? Gizartea konturatzen al da zer daukan inguruan?

Ez, ez da konturatzen. Horretarako, beharrezkoak dira gurea bezalako ekimenak, ohartarazteko beste herrialde batzuetan erabiltzen diren armak gure etxe ondoan egiten ari direla eta, are gehiago, erakunde publikoek diruz laguntzen dituztela. Halaber, intsumisio garaian, gizartea antimilitarista deklaratu zen; horregatik, ez dugu sinisten jendeak egungo egoera onartzen duenik, ezta normala iruditzen zaionik ere.

Bilboko metropolian, arma fabrikarik garrantzitsuenekin kolaboratzen duten enpresa filialak daude. Horietan egingo dituzue bihar geldialdiak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregitik hasiko gara. Han, salatuko dugu erakundeek inplikazioa dutela eta diru laguntzak ematen dituztela. Horren ostean, Barakaldora joango gara, ITP enpresaren Aero lantegira. Armentzako piezak egiten dituzte han; armadako hegazkinetarako, bereziki. Hirugarren geldialdia, Portugaleteko Bizkaia zubia igaro ondoren, Getxon izango da: Senerren. Enpresa berezia da, munduan ezaguna den ingeniaritza indartsua egiten duelako. Israeleko arma enpresa batzuekin duen lotura salatu nahi dugu.

Zenbat euro fakturatu ohi dira urtero industria militarrean?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan guztira, adibidez, 750 milioi euro fakturatzen dira. Horietatik 150 milioi irabaziak direla esaten da. Bestalde, erakundeek ehun milioi ematen dizkiete diru publikotik. Espainiako Defentsa Ministerioaren datuen arabera, 101 dira industria militarrerako ekoizten duten euskal enpresak [Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak]. Espainiako Estatuak, bestalde, %26 igo du aurten gastu militarraren aurrekontua. Hori salatu nahi dugu.

Martxa antolatzen duzuen hamabosgarren aldia da. Egoera aldatu egin al da urteotan?

Erakundeek ez dute mezua hartu, baina herritarrengana iritsi gara neurri batean, eta ikusten dute posible dela arma industria zibilera aldatzea. Bizkaian bada adibide bat: Orbea enpresak, esaterako, bizikletak egin aurretik, pistolak eta errifleak egiten zituen. Bihar, besteak beste, haiek egindako bizikleten gainean adieraziko dugu posible dela armagintza utzi eta industria zibilean jardutea.

Biharko martxan parte hartu ezin dutenek badute beste aukera bat: aurten ere gastu militarraren aurkako eragozpen fiskalaren kanpaina abiatu duzue. Zertan datza?

Hainbat urte igaro dira ekimen hori martxan jarri genuenetik, eta sinbolikotik harago doan zerbait da. Herritarrek, errenta aitorpenean, planto egin diezaiokete armaden finantzaketari eta gastu militarrari, eta bere zergak bestelako gizarte proiektuetara bideratu ditzakete. Hala, diru hori hemen geratuko da, eta ez da gerretan erabiliko.