Politikak moldatu du berbaren esangura

Ezin da lehengo diputazioa eta gaur egunekoa alderatu. Gaur egungo aginte publikoa ordukoa baino zabalagoa da. Adibidez, gaur XIX. mendean baino esku hatze zabalagoa dago. Baina orduan gobernuek muga gutxiago zeuzkaten. Gainera, garai hartan estatuek eragiteko bitarteko gutxiago zituzten, eta, ondorioz, tokiko gobernuek aginte handiagoa”. Edozelan ere, diputazio kontzeptua ez dela aldatu nabarmendu du Joseba Agirreazkuenagak, EHUko Historia katedradunak: “Lehen eta orain, gobernu esan nahi du”. Hainbat historialarik Bizkaiko Foru Aldundiaren Historia. 1500-2014 ikerketa lana osatu dute, diputazioaren beraren enkarguz. Agirreazkuenaga ibili da koordinatzaile. Liburu dendetan dago salgai. Internetez ere kontsultatu daiteke, bizkaikohistoria.org orrian. “Produktu multimedia da. Eguneratzen jarraitzeko aukera izango dugu”.

Herrialde historikoaren sorrera azalduz hasi dute lana. Kartografiari eta administrazioaren egoitzei ere erreparatu diete. Baina bereziki XVI. mendetik gaur egunera arte diputazioak izan duen bilakaera aztertu dute. Hori da lanaren mamia. “Lege Zaharrean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Jaurerriko Gobernu Unibertsala delakoa aukeratzen zuten. Ordezkaritza aukeratzen denean, gobernu izateko aukeratzen da. Hori da diputazioa. Hau da, diputatu egiten duzu, ordezkari bihurtu”. Dioenez, XVII. mendean indarra hartu zuten. “Eta egun ere Bizkaiko gobernua da”.

Ereduen arteko talka

Liburuaren erdia inguru XIX. mendera arteko garaiak betetzen du. Beste erdia azken bi mendeei dagokie. “Izan ere, duela berrrehun urte kinka larria sortu zen: gobernu horrek aginteak hartuko zituen edo galdu egingo zituen”. Bi konstituzioren arteko talka izan zela dio. “Espainian konstituzioa onartu zen, eta XVIII. mendetik bazegoen Bizkaiko foru konstituzioa”. Baina baita diputazio eredu biren artekoa: foru diputazioa eta probintzia diputazioa. “Espainian diputazio probintzialak sortu ziren. Baina Bizkaikoak, aginte administratiboaz gain, aginte politikoa ere bazuen. Diputazioek zer aginte maila behar zuten zegoen jokoan”.

Norgehiagoka hori Espainiako Konstituzioak irabazi zuen. “1877an Bizkaiko Batzar Nagusiek erabaki zuten aurreko urteko uztailaren 21ean Espainiako Gorteek onartutako legea Bizkaian ez zela aintzat hartuko. Orduan, Canovas presidenteak Batzar Nagusiak desegin zituen. Haiek aukeratzen zuten diputazio forala ere desagertu zen, eta probintziala sortu”. Hala ere, aldaketa ez zen erabatekoa izan. “Espainiako kontzertuan —hortik dator kontzertu ekonomikoa izena— erabat txertatu gabe zegoen diputazio berria hainbat arlotan: fiskala, juridikoa eta administratiboa. Horregatik, 1878an diputazio probintzial berri horri zortzi urterako trantsizio prozesu bat aitortu zioten: zergak biltzeko aukera izango zuen, eta kupoa ordaintzeko”. Baina epea bete zenean, txertatze prozesua egiteke zegoen. Hala, kontzertu ekonomikoaren sistema sortu zen. “Arlo administratiboan eta fiskalean soilik; politikoan, ez”. Giro horretan sortu zen autogobernu politikoaren aldarrikapena, eta lehen autonomia estatutuen proiektuak.

Dena den, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, diputazioa erabateko gobernua zela dio. Debekatuta zeukaten enpresa publikoak sortzea, baina Bizkaiko Diputazioak egin zuen bitartekari bidez. “Trianoko trenbidea diru iturri izango zela ikusi zuten, eta, bitartekari batzuk izendatuta, zortzi kilometroko ibilbidea eraiki zuten. Gerora Madrilen gobernu aldaketa sakona egon zen, eta diputazioei eragile ekonomiko izateko gaitasuna aitortu zitzaien. Orduan, bere izenean ipini zuen enpresa, eta publiko bihurtu. Gobernu moduan pentsatzen zuten arlo ekonomikoan ere”.

Gehiago oraindik, hezkuntza arloan, ez zituen eskumenak erabili zituen 1918an. Auzo eskolak sortu zituen, landa inguruan hezkuntza elebiduna zabaltzeko. “Bere kabuz, bere aurrekontuen gain egin zuen. Ez zuen eskumenik, baina bai dirua. Eskolak eraiki, maisu-maistrak kontratatu eta hezkuntza elebiduna eskaini zuen, Primo de Riveraren diktadurak debekatu arte”. Beste horrenbeste egin zuen gizarte arloan, etxebizitza publikoak eraikiz, eta antzeko programa batzuekaz.

Diputazioaren aginteak 1937an jaso zuen kolperik latzena, ekain bukaeran frankistak Bilbora iristean. “Karlistek eta frankistek agintea hartu zutenean, kontzertu ekonomiko bidezko agintea kendu zuten. Bizkaiko Diputazioak eskumen guztiak galdu zituen”. Liburuan kapitulu berezi bat eskaini diote diputazioko langileen artean egin zen garbiketari. “Denak kaleratu zituzten. Haien ibilbidea aztertu ostean, ontzat jo zituztenak berriz kontratatu zituzten. Besteak, baztertu egin zituzten, eta asko, fusilatu ere bai”.

Diktadura bukatutakoan itzuli ziren foru aldundiak. “1981ean berreskuratu zen kontzertu ekonomikoa. Lehen agintaldian hauteskundeetan lortutako batzarkideen ordekaritza proportzionalak osatu zuen diputazioa. Gero, legea aldatu zen. Bigarren agintalditik batzar nagusiek diputatu nagusia aukeratzen dute, eta hark osatzen du gobernua”. Eusko Jaurilaritzagaz eskumen lehia sortu zela dio. Hori konpontzeko sortu zen Lurralde Historikoen Legea. “Foru garaian ere bazegoen bilkura bat, konferentzia deiturikoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako ordezkariak biltzen ziren. Eusko Jaurlaritza hori baino gehiago da; parlamentuak aukeratzen du”.