Kolpe baten itzal amaigabea »

1936ko gerra Bizkaian (I): Izua zabaltzea helburu. Zortzi hamarkada bete dira uztailaren 18an armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Bizkaiko gudarosteak ez zuen altxamenduarekin bat egin, ordea. Lurraldean duela 80 urte bizi izandakoa jasoko du ‘Hitza’-k hilero, lehen ostiraletan. - Irakurri gehiago...

Denboraren arrastoak, agerian »

Natalia Salazar Orbe

XX. mendeko hiri bateko irudi bat; zuri-beltzean. Eta gaur egungo argazki bat, leku berean, koloreetan. Biak tartekatuta. Iraganeko irudia erdian, txertatuta ageri da: urteetan izandako aldaketa urriaren adierazgarri. Hiria Altneuland da, Israelen. Eta denboran eta espazioan bidaiatzen duen argazkilaria, Amit Sha’al. Denboraren joana irudikatzen du. Iragana, oraina eta etorkizuna, hirurak elkartuta gainazal berean. Argazkiak denbora hori islatu, iradoki eta komunikatzeko duen gaitasuna aztertuko du aurten Getxophotok.

Hamargarren urteurrena du jaialdiak. Atzo hasi eta urriaren 2ra bitartean, hogei erakusketa, tailerrak, eskolak, proiekzioak eta bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste.

Erakusketa gehienak kanpoan izango dira. Dena denen esku, aire zabalean. Hori du-eta ezaugarri nagusi jaialdiak. Formatu bitxiak baliatuko dituzte erakusgai dauden artelanak ikusarazteko: edalontzi azpikoak, belaki erraldoiak, fatxada papereztatuak, ikus-entzunezko proiekzioak, biniloak eta erakusleihoak.

Algorta auzoa bilakatu dute irudi bitxi eta erakargarrien topaleku. Hala, herrian barrena ibilbide bat eginez, irudi ikusgarri, hunkigarri eta harrigarriak aurkituko ditu bisitariak iraganetik etorkizunerako bide horretan.

Gherstenen loreak

Artistei dagokienez, ospetsuei zein etorkizun oparoa iragartzen zaien gazteei egin diete lekua. Hainbat ikuspegitatik heldu diote, batzuek eta besteek, Getxo-photok ardatz hartu duen gaiari. Besteak beste, Ori Ghersten Blown Up (Loreen detonazioa) dago ikusgai. Natura hilik islatzen du artistak. Lorak nitrogeno likidoa baliatuta izoztu ostean, leherrarazi egiten ditu. Hainbat kamera erabiltzen ditu prozesu osoa abiadura azkarrean jasotzeko. Emaitza, polita ez eze, beldurgarria ere bada. Loreen iraupen gutxiko edertasun eta zaurgarritasun ezaugarriak utzi ditu agerian.

Chino Otsukak memoriaren, identitatearen, denboraren eta argazkilaritzaren arteko harremana aztertu du. Denboraren makina bat balitz bezala, prozesu digitalak baliatzen ditu bere jatorrizko herrira itzulita, bere historiari erreparatzen dion turista gisa aritzeko. Bide batez, bere iragana berrikusteko modu bat ere bada, haurtzarora bidaiatuz. Errealismo handiko erretratu bikoitzak sortzen ditu Tokioko artistak; sinesgarritasun handikoak. Otsuka heldua eta Otsuka haurra elkarren ondoan aurkezten ditu, antzinako neskatxari mezuren bat bidali nahiko balio legez: “Begira nazazu. Hemen nago”, esan behar diola dirudi argazkiari erreparatuta.

Beste era batera jokatu du denborarekin Irina Weningek Back to The Future bere lanean. Bera ez den argazkilari baten lana eta berea baliatzen ditu azken emaitza lortzeko. Bi argazkik osatzen dute sail horretako obretako bakoitza. Ezkerrekoan, 1970 inguruan ateratako argazki bat dago; eskuinaldean, enkoadraketa eta bestearen xehetasun berberak dituen beste irudi bat ageri da. Denboraren joana agerian uzten du bigarren irudi horrek: protagonistak zaharrago azaltzen dira. Deigarria da oso eszenografia guztien berreraikuntza. Izan ere, batean eta bestean, bietan, berdina da. Pertsonaiak ere berdin jantzita ageri dira. Elementurik hunkigarriena ikus ezin daitekeen denbora da; alegia, argazki baten eta bestearen artean igaro diren 25 urteak: etorkizunerako itzulia.

Oroimenik bako denbora

Erakusketa guztien artean bada barrenak astinduko dituen lagin berezi bat: Paperezko erlojuak marrazki erakusketa. Alzheimerra duten pertsonek memoriaren galerari buruzko tailer batean egindakoak dira. Dementzia eta Alzheimerrari buruzko ikerketen arabera, denboraren nozioa da gaixook galtzen duten lehen gauza. Hala, memoriarik ez duena denboran kokatzen ez dakien gizaki bilakatzen da, lekuan edo izaeran kokatzen ez dakien pertsona bihurtu aurretik.

Pilulak hartzeko ordua, injekzioa jartzekoa, otorduak, nekearen ordua… Denboraren nozioaren galeraren adierazgarri, orduak esferatik kanpo kokatzen dituen erloju baten irudia aukeratu dute. Erloju hori irudikatu zuen adinekoaren buruaren barren-barrenean, ezkutuan, zer gordetzen den ezin jakin azalpenik gabe irudiari txundituta begiratzen dionak.

Bada gizakiak eta naturak aurre egin ezin dioten beste borrokarik ere: denboraren kontrakoa. Anna Katharina Scheidegger suitzarrak borroka horren adibide bisuala aurkeztu du: Suitzako Alpeetako glaziarren urtzea baliatuta islatu du denboraren kontrako borroka hori.

Antzeko bidea jorratu du Mark Formanekek ere. Standard Time bere lanak agerian uzten du denbora kontrolatzeko gizakiak duen obsesioaren aurrean lortu duen gauza bakarra hura neurtzea besterik ez dela izan. Ohalaxka handiak baliatuta, eskuz egindako erloju handi bat erakusten du. 70 beharginek etengabe zelan moldatzen duten jaso du: eguneko 24 orduetako minutu ororen irudiak erakusten ditu.

Emakumearentzako txoko berezi bat ere bada. Getxophotok, Bilboko Euskal Museoarekin elkarlanean, omenaldia egin nahi dio lehen euskal emakume argazkilariari. Eulalia Abaituari (Bilbo, 1853-Bilbo, 1943). XIX. mendearen bukaeran Liverpoolen bizi zen garaia oso garrantzitsua izan zen harentzat. Han ezagutu zuen argazkilaritza, eta lehen hastapenak egin zituen arte horretan. Zenbait aparatu eskuratuta, geroago Bilbora eramango zituen teknika batzuk ikasi zituen. Historialariek lehen euskal emakume argazkilaritzat jo dutenak garai zailak eta aldakorrak bizi izan zituen: gerren arteko garaiak, Bilboren industrializazio prozesua eta landa gizartearen ahultzea. Aldaketa garrantzitsu horien guztien lekukoa izan zen. Bera bizi izan zen eremutik gertukoak jaso zituen bere lanetan: Arratia, Begoña auzoa zein itsasadarra, besteak beste. Haren argazkiek balio etnografiko eta historiko handia dute. Horrez gain, hark utzitakoak aldaketa eta nahasmendu handiko garai haiei buruzko agiri garrantzitsuak dira.

Jaialdiak erakusgai jarri dituen argazki guztiak hiru orduko ibilbidean ikus daitezke. Bisita gidatuetan izena emateko aukera ere badago. Ibilbidea bere kabuz egin nahi duenak argibide ugari aurkituko du erakusketei buruz prestatu duten mapa deskargatuta. Aitzakiarik ez dago, beraz, teknika, baliabide, teknologia, ikuspuntu eta adierazmen ugariz betetako artelanei erreparatzeko tarterik ez hartzeko.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

getxophoto.com

Sexu erasoek ez dute izan etenik »

Natalia Salazar Orbe
Zenbaki hotzak ez ezik, indarkeria matxista eta sexu erasoei buruzko kontaketa eta salaketa latz eta gordinak ere utzi dituzte udako azken bi hilek. Erasoei aurre egiteko indarrak herritarren erantzun irmoa ere atera du kalera. Eta…

Parte hartzaileak, herrikoiak, askotarikoak eta arrakastatsuak »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Zenbaki handiak utzi ditu Bilboko Aste Nagusiak: 800 ekitaldi baino gehiago, itzelezko parte hartzea, eta tenperatura ere itzela; bai eguraldiaren beroa, eta bai giroarena. Antolatzaileak gustura agertu dira bederatzi egun …

Maitasun egarria ase guran »

Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko txakurtegi gehienetan, animaliak hil egiten dituzte oraindik; triste samarra da hori”. Adierazpen gordina egin du Sonia Brena SOS Bilbao animalien babeserako lagunarteko presidenteak. Besteak beste, Bilboko, Basauriko eta …

Pinza eremurako kultur espazio bat proposatu dute, Uribarri biziberritzeko »

Natalia Salazar Orbe
Galtzagorri taldeak Bilboko Udalaren esku jarri du Uribarri auzoko gazteen aisialdirako aukera gabeziari erantzun bat eman eta Pinza deritzon eremuko segurtasun arazoa konpontzeko aukera eskaintzen duen proposamena. Auzoan bertan d…

Zabaldu da euskaltegietan matrikulazioak egiteko epea »

Aitziber Laskibar Lizarribar

Irailarekin batera, hasi da ikasturte berriari begira jartzeko garaia, eta, euskara ikasi nahi duenak orain du lan horri eusteko abagunea. Euskaltegiek aurki abiatuko dute 2016-2017ko ikasturtea. Eta hasiak dira matrikulazioak jasotzen. Atzo zabaldu zuten izena emateko epea, eta irailarekin batera amaituko dute.

Bilboko Udalak bat egin du euskararen aldeko apustuarekin, eta, euskaltegien sarearekin elkarlanean, kanpaina bat abiatu du. Helburua argia da: herritarrak euskara ikastera bultzatzea eta horiei euskaraz bizitzeko baliabideak erraztea. Eskaintzaren hartzaileengana hobekien heldu nahian, gaztelerazko leloa aukeratu dute matrikulazio kanpainarako: El euskera para todas las personas y para todos los días.

Horretarako, Bilbotarrek ondo ikusteko moduko lekuetan jarriko dituzte iragarkiak: hamar Bilbobusetan, 24 publizitate zutabetan, bost udal erlojutan eta San Mames barruko zein kanpoko pantailetan. Irratietan ere zabalduko dute mezua.

Euskararen normalizazioan euskaltegiek sekulako garrantzia dutela nabarmendu dute udal ordezkariek kanpaina aurkeztean. Garrantzi horren jakitun, herritarren eta euskaltegien arteko zubi lana egin nahi dutela adierazi dute, eta, horretarako, publizitate kanpaina egitearekin batera, diru laguntzak emango dituztela. “Euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei” emango dizkiete laguntza horiek: gurasoei, eta aisialdiko begiraleei. Baliabide ekonomikorik ez duten eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ere jaso ahalko dituzte laguntza horiek. Euskarari etorkizuna ziurtatzeko helburuz, 164.600 euroko diru saila baliatuko du hiriburuko udalak diru laguntza horietarako.

Euskaltegi sare zabala du Bilbok; hamazortzi euskaltegi ditu: hiru Deustu aldean, bat Uribarrin, bat Txurdinagan, bat Santutxun, bi Zazpikaleetan, zazpi Abando inguruan, bi Errekalden eta bat Zorrotzan. Horietako edozeinetan izena emateko deia egin dute bai udalak, bai euskaltegien sareko ordezkariek. Ikastaroak behar eta jakintza maila guztietara egokitzen direla gogoratu dute, ordutegi zabalak izaten dituztela, ikastaro trinkoak egiteko aukera zein barnetegietan euskaraz bizitzekoa ere izaten dela, eta on line ikasteko eskaintza ere badela. Edozein formula aukeratuta, euskaraz bizitzeko bidean urratsa egiteko dei egin diete herritarrei.

8.458 lagunek eman zuten izena aurreko ikasturtean Bilboko euskaltegietan, eta kopurua berdindu edo hobetzea du helburu kanpainak; eta, aurrera begira, euskara “euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila”.

Gainontzeko herrietan ere zabaldu da euskara ikasteko eskoletan izen emateko epea, eta hainbat udalek sustatuko dute hautua. Zaldibarren, esaterako, matrikulazio epea hilaren 23ra arte luzatuko dela jakinarazi du udalak, AEKren euskaltegian behar guztietarako ikastaroak eta berbalagun saioak izaten direla, eta ikasturtea baldintza batzuk beteta amaitzen dutenek, berriz, diru laguntzak jasoko dituztela.

Durangoko udal euskaltegian irailaren 26ra arte izango da izena emateko aukera. Ikastaro presentzialak eta on line bidezkoak eskainiko dira, eta ikasteko diru laguntzak emango ditu udalak.

Sopelako Udalak, berriz, Emaiozu Bizia kanpaina abiatu du, euskaraz hezteak haurrei dakarzkien onuren inguruko kontzientzia zabaltzeko guraso izan berri direnen artean.

Nahi orotarako aukera mordoa »

Hirigunea, historiaz betetako monumentuak, itsasoa, mendia, arkitektura berritzailea zein giro aparta; denetarik eskaintzen dio Bizkaiak bisitariari. Gernikako Arbola, kostalde osoan zehar barreiatutako hondartzak edota paisaia bera ditu elementu erakargarri. - Irakurri gehiago...

Oinezkoak eta bizikletak izango dira nagusi Zorrotzaurreko ibaiertzean »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Aurrera doa Zorrotzaurrerako proiektua; zehazten eta beharrezko tramiteak gainditzen ari da. Aste honetan, irla eta ingurua urbanizatzeko aurkeztu duen proiektuaren lehen zatia onartu du Bilboko udal gobernuak, eta 2017ko u…

Herri galdeketa egingo dute Basaurin erdigunea nola berritu erabakitzeko »

Aitziber Laskibar Lizarribar
Basauriko Udalak hitza emango die herritarrei; hitza, eta erabakia. EAJ eta EH Bildu udal taldeek egindako akordioari esker, hiriko erdigunea nola aldatu erabakitzeko gaitasuna emango die basauriarrei. Hirigintza Biziberrit…