“Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu” »

Astelehenean epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, ‘@erreharria’ izenarekin Twitterren zabalduriko mezuengatik. Ez duela inor iraindu dio berak, baina ‘terrorismoa goratzea’ leporatu diote, eta bi urteko kartzela zigor eskaera du aurrean. - Irakurri gehiago...

Itxaronaldia arintzekoak »

1936ko gerra eta euskal kultura. Erregimen frankistak hasieratik egin zuen euskararen eta euskal kulturaren aurka. Espainiaren batasuna «sakratua» zen faxistentzat; eta, hori argudio gisa hartuta, akulturazio prozesua abiatu zuten Bizkaian. - Irakurri gehiago...

Mugikortasuna hobetzeko neurriak iragarri ditu irailerako Bilboko Udalak »

1936ko gerra eta euskal kultura. Erregimen frankistak hasieratik egin zuen euskararen eta euskal kulturaren aurka. Espainiaren batasuna «sakratua» zen faxistentzat; eta, hori argudio gisa hartuta, akulturazio prozesua abiatu zuten Bizkaian. - Irakurri gehiago...

Larrinaga jauregiaren zerbitzu etxea eraisteko plana salatu dute »

1936ko gerra eta euskal kultura. Erregimen frankistak hasieratik egin zuen euskararen eta euskal kulturaren aurka. Espainiaren batasuna «sakratua» zen faxistentzat; eta, hori argudio gisa hartuta, akulturazio prozesua abiatu zuten Bizkaian. - Irakurri gehiago...

Ezberdintasunean hezi »

1936ko gerra eta euskal kultura. Erregimen frankistak hasieratik egin zuen euskararen eta euskal kulturaren aurka. Espainiaren batasuna «sakratua» zen faxistentzat; eta, hori argudio gisa hartuta, akulturazio prozesua abiatu zuten Bizkaian. - Irakurri gehiago...

Itomenetik ihes egiteko bidexkak urratzen »

Gero eta gehiago dira etxean kontsumitzen duten energia berriztagarria izan dadila eskatzen duten herritarrak; gora doa eskaera, eta gora enpresa elektriko erraldoiei aurre egiteko sortzen ari diren kooperatibak. Udalak ere hasi dira ereduz aldatzen, hori sustatzeko sortu den plataformak lagunduta. - Irakurri gehiago...

Plaza utzitakoak, hasiberriak eta trebatuak, taldekako txapelketan »

Natalia Salazar Orbe

Taldekako Bertsolari Txapelketa jarri dute martxan Bizkaian, lehenengoz. Lurraldeko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuarekin abiatu dute. 30 taldek eman dute izena, eta hiru fasetan jokatuko da. Ekainaren 3an egingo dute finala. Ordura arte, plaza aspaldi utzi zuten bertsolariak zein hasiberriak eta eskarmentu handikoak jarriko ditu oholtza gainean Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

Kristina Mardaras eta Moises Enbeita nor baino nor gehiago ariko dira, aspaldi ez bezala, bertsotan. Etxahun Lekue Bizkaiko bertsolari txapelduna ere ariko da 200 bertsolari elkartuko dituen lehiaketa horretan.

Helburu argiak ditu proiektu berri horrek, Bertsozale Elkarteak azaldu duenez: Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria eta, era berean, eskualdeak ere aktibatu eta indartzea. Bizkaiko ekosistema osoa eskualdez eskualde eta etenik gabe elikatzeko helburua dauka. Bertsogintzaren oinarriak motibatu, finkatu eta garatu nahi dituzte.

Oinarrietan eragiteko eginahal horretan, bertso eskolak eta eskualdeak indartu nahi dituzte. Horretarako, gune ludiko bat eskainiko dute. Izan ere, taldekako txapelketa giro informalean eta jai giroan egingo dute. Horixe da asmoa.

Dinamika horri esker, bertsolari hasiberriei plazarako bidea erraztuko diete. Horrez gain, arrazoi askotarikoak direla-eta ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik edo nahirik ez daukatenei beste aukera bat eskainiko die.

Bertsolaritzak barne hartzen duen sare osoa indartzeko bidea ere zabalduko du lehiaketak. Bertsozale elkartearen ustez, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile gehiago sortzea bultzatuko du. Sinetsita daude zaleak aktibatzeko bidea ere irekiko duela. Horrek guzti horrek eskualdeen arteko harremana sendotuko du.

Denetariko bertsolariak

Berrehundik gora parte hartzaileen artean denetariko bertsolariak izango dira: oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertsoetatik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak eta inoiz parte hartu ez dutenak. Beraz, gauzatu dute aniztasuna lortzeko zuten helburua.

Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza ariko da saioetan. Talde bakoitza, gutxienez, sei lagunek osatu behar dute. Izan ere, bertsotan aritzeaz gain —gutxienez hiruk egin behar dute hori—, gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile lanak ere egin beharko dituzte.

Talde bakoitzak epaile bat izango du kanporaketa bakoitzean. Hala ere, ikus-entzuleen iritzia ere kontuan hartuko da. Beraz, saio bakoitza puntuatzeko orduan bertan lehiatuko diren hiru taldeetako epaileen balorazioa eta ikus-entzuleena hartuko dira kontuan. Saio horietako bakoitza bukatzean, hiru taldeetatik aurrera zeinek egiten duen erabakiko dute, denen artean. Bertsolariek landuko dituzten gaiak ere hiru taldeetako gai-jartzaileen artean pentsatuko dituzte.

Hiru fasetan banatuko dute txapelketa: lehenengoa, bigarrena eta finala. Kanporaketa gehienetan hiru talde ariko dira norgehiagokan. Horietatik bakar bat pasatuko da hurrengo fasera. Bigarren fasera hamar talde pasatuko dira.

Lehenengo fasea apirilaren 3ra bitartean jokatuko da. Egun horretan jakingo da zein taldek osatuko duten bigarren fasea. Fase hori apirilaren 24an hasiko da, eta maiatzaren bukaerara arte iraungo du. Finala ekainaren 3an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera.

Kanporaketetarako antolatzaileek zenbait ariketa proposatu dituzte, baina taldeek posible dute, hala adostuz gero, beste ariketa batzuk egitea. Bertsolari sorta zabala dakar taldekakoak; aukera ugariz inguratuta bertsolaritzako alor guztiak suspertu nahi dituen txapelketa batean.

Parte sentitu zein ez, guztientzako irekia »

Natalia Salazar Orbe

Ez emakume, ez gizon. Binomio zurrun horretatik harago, bien arteko nahasketa eta rolen eta identitateen konbinazio bat dira muxeak. Hirugarren generoa, alegia. Pertsona horietako baten irudia baliatu du aurten Zinegoak jaialdiak bere 14. aldia iragartzeko. Zenbait kulturatan, bost genero ere bereizten dituzte. Eta, Europako zenbait herrialdetan, herritarrak genero neutroko gisa identifikatzea onartu dute. Hala ekarri du gogora Pau Guillen jaialdiko zuzendariak: “Onar dezagun generoei edo genero adierazpenei buruz mintzatzea, denbora luzez izan garenetik harago”.

Asko garatu da jaialdia hamalau urtean. Garapen hori gizartearen pare egin dutela deritzo zuzendariak: “Inguruan daukagun errealitatera egokituz goaz”. Sexu aniztasuna ardatz hartuta, astelehenean abiatuko da jaialdia, eta 101 jarduera hartuko ditu, filmak, dokumentalak eta bestelako ekitaldiak barne.

Gai nagusia hori izango ez badute ere, Ugandan (Afrika) antolatzen duten Queer Kampala IFF jaialdiak protagonismo handia hartuko du. Hari emango diote ohorezko sarietako bat. Afrikan antolatzen den era horretako ekinaldi bakarra da. Gaur egun, Ugandan legez kanpokoa da homosexuala izatea, eta heriotza zigorra ere ezarri nahi dute. “Zinea alde batera utzi gabe, militantzia eta sentsibilizazio elementu handia du. Herrialde horietan halako jaialdi bat egitea mugarria da”.

Sari horren bidez, lan hori babestu eta ikusarazi nahi du Zinegoak jaialdiak. Eta bilbotarrei eta bestelako euskal herritarrei kontatu zer gertatzen ari den beste herrialde batzuetan. “Baita kulturaren alorretik askok zer-nolako lana egiten duten errealitate hori ikusarazteko ere. Kultur jarduera bat baino gehiago da: militantzia kutsu izugarria du, bizitza bera ere arriskuan jartzen baitute antolatzaileek eta egileek”.

Hassam Kamoga jaialdiko zuzendariak hartuko du saria Bilbon. Era horretako jaialdi bat Ugandan egiteak zer dakarren azalduko du. Eta haren lan bat ere emango dute: Outed: the painful reality. Zuzendariaren azken lan horrek Alex Kigoziren bizitza kontatzen du. Ugandako egunkariek homosexuala zela lau haizeetara zabaldu ondoren, hainbat arazori egin behar izan zion aurre. “Ugandan gertatzen ari zena erakusten du filmak. Benetan gertatutakoak jaso ditu”.

Zine militantea

Beste ohorezko saria Joao Pedro Rodrigues zuzendari portugaldarrari emango diote. Hark ere “zine konplexuagoa eta militantea du”. O ornitologo haren azken lana emango dute jaialdian. “Egin dituen bost filmetan, sexu orientazioarekin eta identitatearekin lotutako gaiak landu ditu, estereotipoetatik harago. Pertsonak euren kontraesanetan erortzen utzita egin ditu lanok, eta arriskatuta”. Rodrigues bera izango da emanaldian.

Bi astera luzatu dute aurten jaialdia, eta dokumentalei garrantzia berezia eman diete; bereziki, lehenengo astean. Sariak banatzeko orduan ere nabarituko da garrantzi hori: epaimahai berezia izango dute.

Afrikako errealitateak markatuta egongo da lehen astea. Bigarren astean, ordea, fikzioak lekua hartzen duenean, jaialdiak bere esentzia berreskuratuko du: sexu aniztasuna landuko du, modu globalagoan.

Film edo dokumental kuttunenen bat aukeratzeko orduan, zalantzak sortzen zaizkio Guilleni. “Zaila da”. Eta herritarrek katalogoari erreparatzea proposatu du. “Ez da gauza bera zine konplexuagoa gustuko izan dezakeen norbaiti lan bat gomendatzea —O ornitologo, kasurako— edo une atsegin bat igaro, film bat gozatu edo drama batekin negar egin nahi duen bati gomendioa egitea. Biak ala biak dira lan onak, baina, bistakoa denez, ez daude eginda ikus-entzule berarentzat”.

Dena den, badu zirrara berezia eragin dion lanik. Besteak beste, Les vies de Therese. Therese Clerk ikono feministaren bizitza kontatzen du. Bizitzaren azkenera iristen ari den unea kontatzen du lan horrek; hiltzeko unea. “40 urtera arte, era bateko bizimodua zuen. Bat-batean, bizitza erabat aldatu zitzaion, eta feminismoaren defendatzaile sutsu bilakatu zen”. Hala ere, kontakizuna ez dute egin erreferentzia ikonikoari erreparatuta. Alderantziz: bere egunerokotasunetik eratu dute pertsonaia. “Minean, sentimentaltasunean eta antzekoetan erori gabe filmatuta dago. Egoera horretan, Clerken seme-alabak zelan elkartzen diren ikusten da. Jende askorentzako ikono bat den pertsona horri buruz zelan mintzatzen diren ikusten da. Edozein seme-alaba ama bati buruz mintzatuko litzatekeenaren antzera ari dira. Pertsona bere horretan ulertarazten laguntzen du; alegia, pertsona gisa, ez ikono gisa”.

Heriotzari buruz jardutean filma gogorra izan daitekeela aitortu du Guillenek. “Hala ere, oso modu ederrean egiten du. Katalogoan filmak azaltzeko jarri ditugun esaldietan honako hau jarri diogu honi: ‘Irribarre bat irudikatuko zaizu aurpegian, eta malkoak agertuko dira zure begietan'”.

Antzerkia eta Begiradak

Antzerkiak ere tartea izango du proiekzio horien guztien artean. Magda de Santo argentinarraren Inundación taularatuko dute, Histeria Kolektiboarekin batera ekoitzia: “Antzezlan lesbofeminista da. Zer esan nahi du horrek? Ez dago espresuki sormen lesbiko gisa identifikatuta egonik osagai feminista ere baduen antzerkirik”. Bada, horixe bera eramango dute La Fundicion aretora martxoaren 3an eta 4an.

Film laburrak Begirada zikloan bilduko dituzte aurten ere. Lau atal izango ditu: euskal ekoizpenez osatutako zikloa; Berdindurekin batera antolatuta, haurtzaroari eta nerabezaroari buruzkoa; emakumeek zuzendutako lanena; eta genero identitate eta adierazpenari buruzkoa.

Martxoaren 5era arte iraungo du jaialdiak, eta helburu argia du: “Apurka gizartean zenbait gauza barneratuz joan daitezen nahi dugu. Sexu aniztasunari buruz askorik ez dakiten ikusleentzat pentsatuta daude zenbait film. Eskoletan urte askoan eman diguten sexu hezkuntza ugalketara mugatuta egon da. Gaur egun, zenbait aldaera sartu dituzte. Hasi dira azaltzen zer den orientazioa, identitatea… Eta, apurka, gizartea barneratuz doa. Gure lanak asko ezagutzen ez dituzten horiei zein arlo honetan militanteak direnei jarri nahi diegu arreta”.

Duela hamalau urte baino ezagutza handiagoa dago. Ezagutza hori zabaldu ahala, kultur eragileek ere horretara egokitu beharko lukete. “Eta, apurka, gauza gero eta konplexuagoak landu beharko genituzke, errealitatean ere hala dira eta. Eta ahalik eta jende gehienarengana iristen saiatu”. Horretarako aukera zabaltzear da.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.zinegoak.com

Bizkaia ezagutzeko aplikazioa »

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bizkaiko lurraldearen hiru dimentsioko maketa bat dute Bilboko Euskal Museoaren hirugarren solairuan. Azken urteetan, asko dira 18×11 metroko neurria duen mapa hori ikustera joan diren herritarrak, eta, duen harrera ikusita, beste…

Larrialdi zerbitzuak, kolokan »

Nerea Bedialauneta Alkorta

Larrialdiak-Eulen Aldi Baterako Enpresa Elkarteak kudeatzen dituen Bizkaiko 25 anbulantzien langileen lan baldintzak “tamalgarriak” direla ohartarazi dute beharginek eurek. Duten egoera “jasanezina” salatu dute. Orain, itxaropenerako leiho bat zabaldu zaie. Datorren hilean enpresaz aldatuta, baldintzek hobera egin dezaketela sinetsita daude. Hala ere, hainbat arlo konpondu gabe dituzte.

Larrialdiak-Eulen ABEE-k 2015eko irailean hartu zuen zerbitzuaren ardura, eta, geroztik, prekaritatea areagotu egin da. “Ondo geunden, baina kaos egoera batean gaude orain. Lehengo egoera bestelakoa zen. Hainbat urte egin ditugu DYAn, Gurutze Gorrian eta Ambuiberican, eta horrelako arazorik ez dugu sekula eduki”. Hala azaldu dute langileek.

Enpresak ez ditu betetzen kontratuan azaldutako hainbat baldintza; besteak beste, ez dira bermatzen atseden hartzeko legeak ezartzen dituen gutxieneko baldintzak. Langileetako askok, 12 orduko lanaldia amaitu eta gero, beharrean jarraitu behar izaten dute. Enpresak erreleborik ez duela aurkitzen eta zerbitzua ematea nahitaezkoa dela argudiatuta, ordezkoren bat bidali arte lanpostuan egotera behartuta egoten dira. Batzuetan, langileek 24 orduko lan txandak egin behar izaten dituzte jarraian. Horrek eragina du langileen osasunean eta atsedenaldian. Eta, azkenean, nola ez, zerbitzu guztian. “Ez dago inorentzako segurtasun bermerik. Ez anbulantzia gidatzen doanarentzat, ez barruan doanarentzat. Batzuetan, anbulantzia gidari batzuk 36 orduz jarraian egon dira lanean. Baldintza horietan lanean jarraitzea ezinezkoa da”.

Behin-behinekoak, txarrago

Praktiketako kontratua edo behin-behineko kontratua dutenen egoera are kaskarragoa da. “Ez dute koadrante finkorik, eta edonoiz jaso dezakete txanda betetzeko deia”.

Egoera horretan dauden langileetako batzuek, esaterako, 30 egunean bi egun besterik ez dute atseden hartzeko —berez, lau egun jarraian lan egin, eta hurrengo bostak atseden hartu behar dituzte—. “Ezetz esan eta lanetik botako gaituzten beldur garenez, egoera aprobetxatzen dute. Aurreko batean, lanean nengoela lo hartzen hasi nintzen. Ezin nien begiei irekita eutsi ere”, azaldu du praktiketako langile batek. Are gehiago: haietako asko, praktika epea amaitu ostean ere, praktika kontratuarekin ari dira lanean.

Soldatak ere ez dituzte askotan garaiz kobratzen. Urtarrileko nominak, esaterako, oso atzeratuta jaso dituzte: hilaren erdian. “Diru sarrera egin digute; baina, nominarik ez digutenez eman, ez dakigu zer kobratu dugun ere. Berandutze hau arazo teknikoengatik izan dela erantzun digute; antza denez, nomina programa berritu dutelako”.

Nominetan ez ezik, aparteko orduen ordainketetan ere atzerapen nabarmenak pairatu dituzte. “Jaiegunak eta gaueko lanaren plusa ere ez dira behar bezala ordaintzen ari. Horiek ere berandu ari dira ordaintzen. Aparteko orduen kasuan, bestalde, batzuei milaka euro zor dizkiete. Eta horiek kobratzeko era bakarra salaketa jarri eta auzitara joatea da”.

Lan baldintzak oso txarrak izateaz gain, ohartarazi dute anbulantzia oso zaharretan ari direla lanean. Bizkaiko toki askotan, esaterako, bederatzi urteko erreserba anbulantzia zaharkitu batekin ibili dira larrialdi zerbitzua ematen. “Erreserbako anbulantzia asko egoera tamalgarrian daude. Lehengo legediaren arabera, zortzi urte baino gehiagoko anbulantziak kendu egin behar ziren, baina legea orain bestelakoa da”.

Material falta nabarmena

Ondarroan, esate baterako, erreserbako anbulantziarekin ari dira egun zerbitzua ematen. “Lehenik eta behin, oso anbulantzia handia ekarri zieten, baina ibilgailu hori ez da Ondarroako toki askotan sartzen. Hainbat protesta egin, eta, erabiltzaileek salaketa bat jarri ostean, beste anbulantzia txikiago bat ekartzea lortu zuten. Hori ere ez zen herriko toki askotan sartzen, ordea, eta, hainbat eskabide egin ostean, herriko toki gehienetan sartu ahal izateko moduko anbulantzia ekarri zieten”.

Ekarritako anbulantzia berriak, ostera, hainbat arazo tekniko eduki ditu. Horrenbestez, erreserbako anbulantzia erabili behar dute. Horrek ere nahikoa arazo eman ditu. Hainbat astez berogailurik gabe egon dira, esaterako. “Aurreko batean, gaixo bat etxeko manta eta guzti atera behar izan zuten, ez hozteko”.

Askotan, pazienteak artatzeko materiala ere faltan izaten dute. “Anbulantzia batean oxigenoa hil edo bizikoa da, eta askotan batere barik egoten gara. Aurreko batean, esaterako, anbulantzia zerbitzuz kanpo jarri behar izan zuten, oxigenorik ez zutelako”. Antzeko arrazoiengatik, anbulantzia asko zerbitzurik eman ezinda egon dira azken hileotan. “Lehen halakorik ez zen gertatzen. Gorabehera horiek gure lana oztopatu besterik ez dute egiten”.

Zornotzara, derrigorrean

Anbulantziekin edo materialarekin edozein gorabehera dutenean, berriz, Zornotzako egoitza nagusira joan behar izaten dute, eta, han dauden denboran, ezin izaten dituzte larrialdiak artatu. Nola edo hala konpondu behar izaten dute. Izan ere, enpresak debekatu egin die momentu horretan larrialdiak koordinatzen dituen zerbitzuari operatibo ez daudela jakinaraztea. “Koordinazio zentrotik non gauden galdezka deitzen digutenean, askotan, gezurra esan behar izaten dugu”.

Lanean pairatzen dituzten baldintzak erabat kaskarrak direla salatzeko, hainbat protesta egin dituzte azken asteotan. Aurreko hilean, esaterako, bi manifestazio egin zituzten Bilboko kaleetan. Otsailaren 6an, bestalde, greban hastekoak ziren, baina, lortutako akordio bati esker, protesta horiek bertan behera geratu ziren. Akordioa zentzu batean soilik lortu dela argitu dute: “Beste hainbat eskaerak bere horretan jarraitzen dute”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren utzikeria ere salatu dute: “Funtsezko zerbitzua ematen dugula jakinda, ez dugu ulertzen Jaurlaritzak zelan onartzen dituen horren lan baldintza prekarioak. Era berean, ulertezina da enpresak hainbat kexa jaso arren beste esleipen batzuk ere enpresa hari zelan eman dizkioten”.

Egoera zailean dauden arren, aurrera begira itxaropentsu daude. Eskaintzen duten oinarrizko zerbitzuaren ardura datozen asteetan beste enpresa bati esleituko diotela espero dute. “Anbu-iberica ez da egon konforme esleipena egin zuten moduarekin, eta, orain, epaiketa irabazi du”. Beraz, datorren hilean enpresaz aldatuko dituztela uste dute. Hala ere, otsaileko nomina kobratuko ez duten beldur dira.