Sormena, loretan

Natalia Salazar Orbe

Big Banga balitz legez, artearen eta kulturaren unibertso oso bat loratu da Bilbon. Unibertso hori hedatuz doa etengabe. Baina beharrezkoa da haren berri ematea; ezagutaraztea eta partekatzea. Loraldiak eginbehar horri heldu zion duela bost urte, eta aurten ere lan horri ekin dio. Asteartean abiatu zuten jaialdia, Sentikariz blai! leloari jarraituta. 22 egunez kultur eztanda erraldoitik sortutako lanak erakutsiko dituzte: diziplina artistiko guztiek bat egingo dute. Horrez gain, bost ekoizpen berri eta estreinaldiak ere iragarri dituzte. Bilbo kulturaren hiriburu bilakatuko dute dozena bat gunek; euskal sortzaileen plaza.

Udaberria aurreratu du Loraldiak. Berrehun euskal sortzaile inguru ariko dira jaialdiak irauten duen egunetan. Beste urte batez, ohiko asmoei helduta abiatu da: “Euskal sortzaileak eta sorkuntza nabarmentzea; publiko berrietara heltzea; eta memoria sakontzea, iturri zaharren erreferenteetatik abiatuta proposamen berritzaileak plazaratzeko”. Halaxe azaldu dute antolatzaileek. Historia hurbilean hainbat sortzailek egindako lanari balioa emango diote, aintzat hartu; eta lekua egin eta bidea zabalduko diete sortzaile berriei. Hala, euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan. Aurten, nabarmentzekoa da Joseba Sarrionandiari eta Joxan Artzeri egin dieten lekua.

Oihal luze eta zabal bat balitz legez harilkatuko dute jaialdia. Joan den asteartean, Iñigo Aranbarri idazleak Sarrionandiaren literaturaren ezaugarriak azaldu zituen hitzaldi batean. Gaur taularatuko duten Kalaportu ikuskizuna hobeto ulertzeko gakoak eman zituen.

Hainbat artistak kantu bihurtu dituzte Joseba Sarrionandiaren 145 olerki, eta gehien musikatu den euskal idazle bilakatu da hala. Gaurko ikuskizunean, Sarrionandiaren testuekin sortutako kantuen bilduma plazaratuko dute. Hamaika abeslari eta bi idazle elkartuko dituzte oholtzetan. Bat egingo dute, besteak beste, Uxue Alberdik, Ines Osinagak, Eñaut Elorrietak eta Audience taldeak.

‘Biz Hitza’-ren estreinaldia

Euskal sortzaileak eta ekoizpenak sustatzeaz gain, produkzio propioak ere sortzen ditu jaialdiak, gero Euskal Herrian zehar bidea egin dezaten. Antzerki, dantza, musika, literatura, zinema, arte eta bertsolaritza diziplinetako adierazpenik berritzaileenak zabalduko dituzte.

Biz Hitza jaialdian estreinatuko diren proiektuetako bat da. Bihar aurkeztuko du Aukeran dantza konpainiak. Duela bi urte ere Maurizia ikuskizunaren lehenengo emanaldia Loraldian egin zuten. Biz Hitza-k Loraldiak hartu duen bideari jarraitu dio, eta historian atzera begira jarri da etorkizunari heltzeko. Hain zuzen, euskararen bilakaera kontatuko du dantzaren bidez. Munduko hizkuntza guztien historia unibertsala du abiapuntu, baina euskara batuaren istorio partikularrari heldu dio.

Kulturak gogor egin behar du haize kontra: sortzaileentzat zaila da euren lanak gauzatu eta ikus-entzuleengana iritsaraztea. Babes gehiago behar dute. Baina are garai txarragoak izan ditu kulturak, urte asko ez direla. Zailtasunen eta arriskuen gainetik euskal kulturari bidea egiten lagundu zion liburu denda bati omenaldia egiteko baliatuko dute aurten Loraldia. Antolatzaileek eurek nabarmendu dutenez, “1973an, garai latz eta ilunetan, Verdes liburu dendak ate bat zabaldu zion euskal kulturari. Javi Escuderok eta Asun Zuloagak liburuz inguraturik oasi erakargarri bat eratu zuten Bilboko Zazpikaleetako bihotzean. Berehala, liburu denda hori elkargune ezinbesteko bihurtu zen euskal kulturgileentzat”. Ekitaldian, Verdes liburu dendako hainbat lagun elkartuko dira, eta omenaldia egingo diete. “Euskaltzaleok zorretan gaude; eskertu egin behar diegu eman ziguten guztia”.

Zinemari dagokionez, bi dokumental aurkeztuko dituzte: apirilean proiektatuko dituzte Iratxe Fresnedaren Cold Lands – Lurralde Hotzak eta Beñat Gerekaren Basotik itsasora. Puri-purian dagoen gai bati heldu dio Gerekak. Gurs errefuxiatuen gune eta kontzentrazio esparruan du abiapuntua. Handik abiatu, eta gaur egun Mediterraneora iristen diren errefuxiatuen errealitatera eramango du ikus-entzulea.

Lanetako askok kultura, historia eta irakurketa kritikoa uztartuko dituzte. Mundubira. Elkano, Primus lana da horren adibideetako bat. Patxo Telleria gidoigile eta aktoreak munduari bira lehenengoz eman zion Juan Sebastian Elkanoren mitoa eramango du agertokietara, baina haren irudi konkistatzailea ezkutatu gabe. Telleriak asteon azaldu duenez, “ahalik eta modurik zintzoenean kontatzen dut zer gertatu zen; eta, bestalde, ikuspuntu kritikotik ere azaltzen dut. Finean, Espainiako inperioaren ekintza izan zen Elkanorena, eta hori ere azaltzen da”.