Irabazi ala galdu: noren esku?

Peru Azpillaga Diez

Apustu etxeak eta joko aretoak onddoak udazkenik euritsuenetan bezala barreiatu dira azkenaldian Bizkaiko hirietako zein herrietako kaleetan. Gaur egun, nonahi topa daitezke koloreko led argi deigarriz jositako lokalak, edota haien kanpoaldeak jarrera akrobatikoetan dauden kirolariz jantziak dituzten makinen etxeak. Telebista piztea besterik ez dago sona handiko pertsonaiaren baten erronka jasotzeko: “Jokatu, jokatu, jokatu. Irabazi, irabazi, irabazi”. Eta zalantzan dagoenik gelditzen baldin bada, edozein kirol emanaldi ikustean azalduko diote zein erraza den dirutza irabaztea; are gehiago, apusturako dirua oparituko diote erronka onartzen duenari.

“XXI. mendeko heroina da jokoa”. Gorakada nabarmena izan du azken urteetan, batez ere gazteen artean. Euskal Herri osoan hedatu den fenomenoak Bizkaia ere astindu du, eta Bilbon, adibidez, 50etik gora apustu etxe eta joko areto zenbatu dituzte; horiek, tabernetan dauden makinen zenbatekoa kontuan hartu gabe. Hori dela eta, Igor Meltxor kazetariak ez du zalantzarik egiten apustuak drogarekin konparatzeko orduan: “Kaltetuen kopuruak alderatuz gero, hots, heroinarekiko adikzioa zuten pertsonak egun jokoarekin arazoak dituztenekin alderatuta, txiki ere geratzen da konparazioa”.

Meltxorren aburuz, jokoa “negozio biribila” da, eta, gaur egun dirua erraz lortzeko modu gisa saltzen badute ere, gogora ekarri du aspalditik ezaguna den leloa: bankuak beti irabazten du. “Baina ez du soilik irabazten”, erantsi du. “Etekin izugarriak lortzen ditu”. Horregatik, drogaren konparazioari eutsi dio, berriz ere: “Basakeria bat dirudien arren, nik beti esan ohi dut heroinarekin lehenengo txutea dohainik eskaintzen zizutela beti, bazekitelako horren ostean beste asko etorriko zirela; estrategia bera ezkutatzen da jokorako bonuen atzean”. Azpimarratu duenez, apustu etxeak, bonuen bidez, apusturako dirua oparitzen dute jendea mendean hartzeko; “pentsa, 350 euro ere oparitzen dituzte”.

Bi adikzioak bereizten dituen ezaugarrietako bat ere nabarmendu du Meltxorrek. “Bisualki, oso ezberdinak dira; izan ere, jokoak ez du inolako oinaze fisikorik uzten; familian edota lagunartean soilik antzeman daiteke”. Jokoaren hazkundea dela eta, gazteek gaur egun duten arriskuaz mintzatu da Meltxor, eta publizitatearen bidez egiten den “bonbardaketari” egotzi dio errua; “gastatzen duten dirutza ikusi besterik ez dago”.

Azaldu duenez, publizitatearen bidez jokoa normalizatu egin dute, dirua erraz eskuratzeko metodo gisa aurkeztearekin batera. “Arazo bat izan beharrean, ondo ikusita dago gure gizartean. Gazteak sozialki ondo ikusita dagoen mundu batean murgiltzen dira; ezereztu egin dute guztiz jokoa”. Horren ondorioz, makina baino azkarragoak izan daitezkeela pentsarazi egiten diote jendeari. “Estatistikek, ordea, kontrakoa diote: jokatutako %75 baino gehiago galdu egiten da”. Horregatik, jendea oparitu dioten bonuarekin etekin bikoitza edota hirukoitza lor dezakeela pentsatzen hasten bada ere, bere poltsikotik dirua jartzen amaitzen duela argi du Meltxorrek.

Ideia berari eutsi dio Gaizka Suarez Eragin gazte prekarioen asanbladako kideak. Azaldu duenez, bi fenomenori esker egin du gora jokoak. Lehena, digitalizazioa da. Plataforma digitalek “goitik behera” eraldatu dute apustuen mundua, eta gaur egun, sakelako telefono bat edukitzea nahikoa da “nahi adina” jokatzeko. Meltxor ere, kezkatuta mintzatu da: “Partida bakarrean milaka aldagai dituzu, eta dirutza joka dezakezu. Gainera, arazoa ez da etxera heldutakoan amaitzen; sakelakoa eskuan duzun bitartean apustuetan murgilduta egon zaitezke, interesik sortzen ez dizun zerbaitetan jokatuz”.

Suarezek esanetan, jokoaren gorakada eragin duen bigarren ezaugarria onarpen soziala da. Horretan, bat egiten du Meltxorrek aipatutako publizitatearen eraginarekin: “Jokoa prestigiozko jarduera bihurtu dute, eta apustuan dabilen pertsona batek ez du kezkarik sortzen. Are gehiago, apustu egiten duena miretsi egiten da”. Hain zuzen ere, gaur egun, euskal talde nagusiek, apustuen enpresen publizitatea daroate kamisetetan; “ez da kasualitatea; zuriketa hutsa egiten ari dira”.

Jokoaren gorakada argudiatzeko, hainbat datu plazaratu ditu Meltxorrek. Besteak beste, 2012. eta 2017. urteen artean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan jokatutako dirua %125 hazi zela. Enpresen irabaziak %80 handitu ziren, eta 2017aren amaieran 2012an baino sei aldiz lokal gehiago zeuden. Izan ere, gaur egun jokorako lizentzia guztiak banatuta daude ia. Horren adibide dira, esaterako, tabernetan sakabanatuta dauden 2.300 apustu makinak.

Krisian hedatutako gaitza

Onddoen moduan, jokoaren hazkundea ez da ezerezetik jaio. Izan ere, aipatutako ezaugarriez gain, apustuek, berariazko klima topatu baitute hazi ahal izateko. Azken urteetan sortu diren baldintza sozioekonomikoak eta “etorkizunik gabeko” testuingurua izan dira apustuen gorakadaren haztegia. Hala uste du, gutxienez, Suarezek.

Haren esanetan, jokoaren sektoreak krisi ekonomikoaren ondorioz sortutako egoera sozioekonomikoa baliatu egin du, “prekarizazio eta txirotasun basatitik” irteteko alternatibatzat azalduz bere burua: “Batez ere gazteriarengan sortu diren baldintzek ireki dizkiote ateak jokoari. Etorkizun falta eta desafekzioa dira nagusi gazteen artean. Hots, egoerari konponbiderik ezin aurkitu zaiolako pentsamendua zabaldu da, eta, hor, jokoak pagotxa topatu du: dirua erraz egiteko alternatiba direla aldarrikatzen dute”.

Suarezek aztertu duenez, kontsumoaren beherakadaren ondorioz, apustu etxeak “miseriatik” ateratzeko aukera gisa azaldu dira langile klasearen aurrean. Horregatik, Eragin-ekoek ideia argi bat plazaratu nahi dute: “Lanean lapurtzen ez dizutena jokoaren bidez ostu egiten dizute; hau da, egoera prekario batean bizitzeaz gain, irabazten duzun apurra jokoan galtzen duzu, zure bizi baldintzak hobetzeko aukera gisa saltzen dizutelako”.

Horretan, ├▒abardura bat egin du Meltxorrek. “Oro har, Espainian adibidez, jokoa inongo mugarik gabe barreiatu da langile auzoetan zehar, eta kalte handia egiten ari da”. Euskal Herrian, ordea, egoera bestelakoa dela uste du: “hemen, arazo bikoitza dugu”. Adierazi duenez, Euskal Herrian jokoa berdin hazi da langabezia tasa handia duten auzoetan zein bizi baldintza hobeak dituzten eremuetan. “Pobrea are pobreago bihurtzen ari da Ezkerraldean, baina bizi baldintza hobeak dituzten Gipuzkoako zenbait herritan ere arazo bera dute”.

Hori ikusirik, Eragin-ek gaiari heltzea eta salaketa dinamika bat abiatzea erabaki zuen, uste duelako gazteriak gaur egun duen egoera prekarioarekin “estuki lotuta” dagoela jokoaren hazkundea. “Mekanismo alienatzailea izateaz gain, gazteak beren bizitzak hipotekatzera behartzen dituzte apustuek”, Suarezen arabera. “Gaur egun, mila arrazoi daude altxatu eta borroka egiteko, eta, alde horretatik, jokoak paralisi egoera bat sustatzen du”.

Neurri zehatzen esperoan

Bilboko Udalean ere izan ziren Eragin-eko kideak azken udalbatzan, eta mozio bat aurkeztu zuten. “Mozioa egin genuen uste genuelako bazela garaia eztabaida publikoa eta sentsibilizazioa erabaki politikoen bidez laguntzeko; baina ez zen hala izan”, azaldu du Suarezek. EH Bilduren eta Udalberriren babesa izan zuten arren, ez zuten halakorik lortu udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren aldetik. “Mozioa aurkeztu genuenean, itxuraz, nolabaiteko ulerkera azaldu zuten jendaurrean, eta, mozioari zuzenean ezezkoa eman ordez, zuzenketa guztiz anbiguo eta nahiko lotsagabea egin zuten, eskumenak dituztenei neurriak eskatuko zizkietela esanez”.

Suarezen hitzetan, udalak “alde batera” begiratu du, eta ardura beste bati pasatu dio, udalak berak baduelako gaitasuna apustuen inguruan hainbat neurri hartzeko: “Adibidez, publizitatearen gaia. Gaur egun, bilbobusak ikusten ditugu kasinoen iragarkiekin”. Gainera, salatu dute “bezero sare bat” dagoela horren guztiaren atzean. “Ez dituzte neurriak hartzen jokoak diru mordoa mugitzen duelako eta haiek ere hortik etekina ateratzen dutelako”. “Hain zuzen ere, politika ekonomiko eta enplegu politika prekarizatzaileak sustatzen dituzten pertsona berberak zergatik ari dira apustu etxeak babesten?” galdetu du.

“Estatuak diru asko jasotzen du jokoari esker, eta, horregatik, mugak baino gehiago, erraztasunak jartzen dizkio, enpresak beste herrialde batzuetara joan ez daitezen”, gehitu du Meltxorrek. Legez, “hutsune” bat dagoela dio, eta “denetarik” egiten utzi zaiela: “Gaur egun, apustu etxeak ditugu ikastetxeen alboan, eta adingabeak ere erraz ibiltzen dira apustuak egiten”. Hala ere, Meltxorren ustez, jokoa osasunerako “gaitz gisa” hartzen den arte, ez dira helduko neurri benetan eraginkorrak: “Politikariek kezka azaltzen dute, baina jada banatu dira lizentzia guztiak”. Uste du neurri asko har daitezkeela egoera horri aurre egiteko, baina, horren ordez, “adabakiak” baino ez dituztela jartzen.