Giltzak galdu eta eguna izorratu

Igor Elordui Etxebarria

Gogoan dut aspaldiko txiste bat, txiste bat-edo. Honela zen, gutxi gorabehera: gizon batek, kalean, pasieran, ezagun batekin topo egiten du, eta, aurpegiera oso tristea dakarrela begitanduta, ea zerbait gertatzen zaion galdetzen dio. Erantzuna baietz, emaztea hil zaiola eta lur jota dagoela. Eta orduan, gure paseariak: “Hara, ba, bai ondo hasi dugula eguna, zuri emaztea hil, niri giltzak galdu…”.

Txiste bat baino ez da, gustu txarrekoa, bai, baina gizakiok zelakoak garen erakusten duena, nor bere zilborrari begira bizi baikara. Soilik noizean behin altxatzen dugu burua geure zereginetatik, egunerokoan nozitzen ditugun arazo eta kezketatik apur bat gorago behatzeko. Eta, gehienetan, egiten dugu ohiko politikariek eta ohiko hedabideek hala aginduta; zertarako eta telebista-orduak irensteko edota lagunen arteko solasaldiak hornitzeko, batik bat. Ze, badakigu, honezkero, ez dutela egiten asalda gaitezen, delako agintarien kontra egin dezagun, kalera protestatzera atera gaitezen. Ez horixe. Kontrara, esango nuke egiten dutela, hain zuzen ere, hori guzti hori ebitatzeko. Horrexegatik, prestu daude bere ezohikoan edozeini gerta dakiokeen istripu latzen baten berri eman, esaterako, eta hura puzteko. Horrela, lehenengo, morbo gosea ondo asetzeko adina osagai dituen albistearen berri emango digute; geroago, ├▒abardura guztiak azalduko dizkigute, hori morbo hori behar bezala elikatzen joan dadin; azkenik, bukaerako egoera azalduko digute, ahalik eta zehatzena, ahalik eta luzeena. Hots, ipuin bat kontatuko digute, tragedia bat.

Zergatik hori? Bada, izan daiteke, batetik, horrela entretenituta gaudelako tarte handi samar batean eta, modu horretan, sozialki azpimarragarriak diren beste kontu batzuei ez diegulako behar besteko arretarik eskainiko. Adibidez: ustelkeria kasuak, etxegabetu duten adineko bat, indarkeria matxistak eraildako emakumea, gizarte-bazterketa egoeran dagoen ume baten heriotza, itsasoan hil diren migratzaileak… Eta bestetik, ezbeharraren protagonistekiko gure enpatia sustatuz (biktimekiko errukia, agintariekiko atxikimendua, balizko heroiekiko miresmena…) hedabide eta politiko jakin horiek negozio modukoa egingo dutelako.

Gogorra da pentsatzea geure zilbotari kasu egiteari uzten diogun une apur horiek, nolabait, programatuta daudela, bai. Eta oso tristea ohartzea halakoetan inoren gaitzarekin norberarena sendatuko balitz legez jokatzen dugula (Nola kexatuko gara, ba, gu, hori ikusita?).

Izan kontu atsekabea erakutsi duten horrenbeste apurka-apurka ezbeharraz ahazten joan eta, ezelango kontzientziako zor barik, kexu izango direla giltzak galdu dituztela-eta eguna izorratu zaielako. Beraz, hobe genuke gutxiago tristatu eta gehiago asaldatuko bagina, adibidez, egunero geratzen diren istripuengatik.