Bilboko kultur eskaintza biltzen duen agenda kaleratu du udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Ez dago urtean egun bakar bat Bilbon era bateko edo besteko jarduera bat eskaintzen ez dena; hasi abangoardistenetatik eta usadiozkoenetara, era guztietako ikusleentzat”. Hala dio Bilboko Udalak. Are, aspaldion “boom kulturala” dagoela ziurtatu du; hirian egindako jarduera kopurua nabarmen hazi dela. Denetariko ekitaldiak, askotariko lekuetan. Horien artean garrantzitsuentzat jo dituen jardunak agenda batean bildu ditu udalak, “herritarrek eta turistek Bilboko Wow ekitaldietako bat ere gal ez dezaten”. Izen horixe eman dio pop itxuraz jantzi duen agendari: Wow. Herritarrak, egunerokoan “crash egin” eta “zirrara ezberdinez osatutako urtea bizitzera” gonbidatu ditu: “Gure hiriko kultura eskaintza erraldoia ordenatzen eta laburbiltzen saiatu gara bederatzi ataletan, zu etxetik irtenarazteko eta, plas!, Bilbo hiri handiaz gozatzeko”. Urte osoan egingo diren 120 ekitaldi baino gehiago jaso ditu, bederatzi gaitan banatuta; udalak antolatu edo lagundutako jaialdi, kultur eta aisialdi programak, bai eta erakunde pribatu batzuek sustatutakoak ere.

ARTE ESZENIKOAK

Emozio eztanda bat alde guztietarantz izena eman dion atalean, ohiko antzoki eta aretoetan izaten diren jardun motak azaltzen ditu agendak: Arriaga antzokia, Euskalduna jauregia, Campos antzokia, BBK aretoa… Baita horren klasikoak ez diren guneetakoak ere: Pabiloi 6, Zirkozaurre, Fundicion, Bilbo Eszena, Harrobia, Zawp… Jaialdi nagusiak noiz izaten diren ere zehazten du: Kalealdia, BAD, ACT, Nazioarteko Txotxongilo Lehiaketa…

MUSEOAK

Aho bete hortz utziko zaituen eskaintza artistikoa izendatu dute. Arte Ederren Museoak, Guggenheimek, Berreginen Museoak, Itsas Adarra itsas museoak, Euskal Museoak, Arkeologia museoak eta bestek jasotzen dituzten eskaintza motei buruzko informazioa plazaratu du.

ARTE BISUALAK

Kutsu abangoardista eta garaikidea duten hainbat programa biltzen ditu: otsailean egingo den Art & Fashion moda-diseinu lehiaketa; maiatzean izango den Bilbo Art District arteen astea; ekainean Bilbo Zaharra eta San Frantzisko inguruan egingo den adierazpen artistiko herritarren BLV-Art programa eta argazkigintza dokumentalaren Basquedok jaialdia; eta azaroan, arte esperimentalen Mem jaialdia, besteak beste.

Zenbait guneri ere egin diote tarte: Bilboarteri, Open espazioari, Azkuna zentroari eta Rekalde aretoari.

LETRAK

Literatur jaialdiak, liburu azokak eta literatur lehiaketak biltzen ditu Tok, tok… jakituriari irekitako ate bat atalak: martxoan egingo den Poesiaren Astea; apirileko Letren jaialdia; maiatzeko Zientzia azoka; ekainean izaten den Klasikoen Irakurketa Jarraitua; iraileko Ja, umorezko literatura eta artearen jaialdia; azaroko Urbanbat jaialdia; abenduan egingo den BALA arte liburu azoka. Bilboko liburutegien zein mediateken zerrenda ere jasotzen du, bakoitzaren ezaugarriak zehaztuta.

IKUS-ENTZUNEZKOAK

Edozein generotako zinemari buruzko ekipamendu, programa eta jaialdien berri biltzen du, hogeitik gora: Gizazinea eta Zinegoak izango dira otsailean; Sail In Festival, martxoan; Animakom, apirilean; Fant, maiatzean; Caostica, ekainean; Anime, irailean; Film Sozialak, Bilbo Seriesland, Zinemakumeak gara eta Zinetxiki, urrian; Zinebi, Hmeless eta Zinexit, azaroan; eta Mendi Film eta Tracking Bilbo, abenduan.

MUSIKA

Sinfonia eztanda bat zure belarrientzat atalean, musika egutegi orokorra, eta urte osorako genero guztietako kontzertuak programatu dituzten hainbat gune eta elkarte jaso ditu. Hala nola Bilborock, Kafe Antzokia, Elkarte Filarmonikoa, Bilboko Koru Elkartea, BilboMusika, Bilbaina Jazz Club, udal musika banda eta txistulari banda. Jaialdiei dagokienez, aipamen gutxi batzuk egin ditu: BBK Live, musika sakro jaialdia, Musika-Musica, Bilboloop.

EUSKAL ONDAREA

Bertoko folklorea, usadioak eta ondarea ezagutzera emateko ekimenak biltzen ditu Ezagutu historiaren atzeko historia atalak. Hainbat, oso errotuta daudenak: martxoan hasiko den Loraldia, Aste Santuko jaiegunetan egiten den Basque Fest, eta maiatzeko Udaberriko bertso saioak. Maiatzean, ekainean, uztailean eta irailean auzoetan gordeta dauden historiak ezagutzeko egingo diren ibilbideak ere bildu ditu, eta urte osoan egiten den Dantza Plazetan.

JAI HERRIKOIAK

Gabonen, inauterien zein Aste Nagusiaren berri ematen du Kolore leherketa bat herritar guztiek gozatzeko atalak. Jai herrikoien gunea dela badio ere, ez dakar auzoetako jaien berri. Bai, ordea, ekainean izango den Gau Zuria eta azaroan egingo den Fair Saturday.

AUZOAK

Udalak auzoetan garatuko dituen programak jasotzen ditu: besteak beste, Barruti Eszenikoaren barruan egiten diren antzerki eta dantza zirkuitua, umorezko antzerkiarena, Eszena Kalera, magia topaketak, Clown Zorrotza eta Zirkualde; eta Musika Barrutiaren baitan egingo diren ikastaro eta zikloak, Distrito Jazz, Barrutiak Kantari eta Musikauzo.