Usansoloko ospitalea eta Galdakao trenez lotuko dituzte metrora

Aitziber Laskibar Lizarribar

Galdakao erdiguneak eta Usansoloko ospitaleak izango dute metroarekiko lotura. Ez da izango urtetan aldarrikatu duten Bilboko Metroaren 5. linearen bidez, baina horren alternatiba bat aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, metroaren 5. linea baino “hobea” izango da, gainera. Trenez egingo dute metroarekiko lotura. Egun Euskotrenek dituen azpiegiturak baliatuko dituztela, ez dituztela lan erraldoi berriak alferrik egingo eta merkeagoa izango dela esanaz arrazoitu dituzte onurak. Hain zuzen, garestiegi izateagatik utzi zuten bertan behera metroa luzatzeko proiektua.

Aurrekonturik ez dute aurkeztu bi agintariek, proiektuaren azterketa sakona oraindik egin gabe dagoela argudiatuta. Baina gauzagarritzat jo dute, eta lanak 2021ean hasiko direla iragarri dute. Urte horretan bertan, bai Jaurlaritzaren aurrekontuetan eta bai Bizkaikoetan, azpiegitura horretarako diru sailak gordetzeko konpromisoa hartu dute.

Euskotreneko sarea moldatuz hasiko dituzte lanak 2021ean. Sarea Usansoloko ospitalera luzatuko dute, eta hortik, Galdakaoko erdigunera. Horrek proiektua nabarmen aberastuko duela uste dute Tapiak eta Rementeriak; zerbitzua askoz bizkaitar gehiagorengana zabalduko dela hala. Izan ere, Busturialdetik eta Durangaldetik Bilbora doazen trenei eragingo die aldaketak. Zornotzan batzen dira bi linea horiek, eta bertatik bide berri bat eginda joango da trena Galdakaora, ospitaletik igarota. Azken zati horiek batik bat lurpetik egiteko asmoa iragarri dute. Datozen bi urteetan proiektua zehaztu eta lanak esleituko dituzte, 2021. urtean hasiko dira lanak —aurreikuspenen arabera—, eta hiru edo lau urte geroago lehen fase hori amaituta egotea espero dute.

Ondoren ekingo diote bigarren zatiari, trena Bilboko Metroarekin lotzeko lanei. Etxebarriko Kukullagan metroa Basauriko Sarratura luzatu, eta bertan egingo duten intermodalean gauzatuko da lotura, proiektuaren arabera. Lan horiek beste hiruzpalau urte beharko dituztela eta, 2029 urte ingururako aurreikusten dute zerbitzu osoa martxan egotea.

Behin lanak amaituta, egungo zenbait zerbitzu eta garraio egokitu beharko dituztela badakite Jaurlaritzak eta aldundiak, eta aldatu beharreko horiek datorren urtean egin beharreko azterketan zehaztuko dituztela iragarri dute. Batetik, litekeena da zenbait autobus zerbitzu kendu edo moldatzea. Eta, bestetik, egun Euskotrenek Galdakao kanpoaldetik duen ibilbidea zalantzan geratuko da. Tapiak adierazi duenez, litekeena da ibilbide hori zerbitzurik gabe geratzea; baina merkantzia garraioetarako baliatzeko aukera ere mahai gainean jarri du.

Milaka bizkaitarri garraiatzeko modua aldatuko dien egitasmoa berrikuntza handi gisa aurkeztu dute Jaurlaritzak eta aldundiak. Baina proiektua ez da erabat berria: orain proposatutakoaren zertzelada nagusiak iazko ekainean jarri zituen mahai gainean EH Bilduk. Euskotrenen sarea baliatuta ospitalea eta Galdakao erdigunea lotzea proposatu zuen. Bengoetxe eta Aperribain ere geltokiak aurreikusten zituen koalizioaren orduko txostenak, eta hala egiteko eskatu du orain ere: “Erdigunetik urrunen dauden lekuetan geltokiak bermatu behar dira”. Erabilerarik gabe geratuko litzatekeen Euskotren linearen bidean “superbidegorria” egin dadila ere proposatu du.

Hurrena, Errekaldekoa

Galdakao metroarekin lotzeko proiektua aurkeztean, beste bat ere iragarri du Rementeriak: Bilboko Errekalde ingurua erdigunearekin metroz lotzekoa. “Mahai gainean dugu Bilbo hegoaldeko auzoak Abandoko estaziora iristeko proiektua”.