Herritarrak plazan batzeko deia

Uxue Gutierrez Lorenzo

Hitzordua zehaztua dute Iurretako herritarrek: asteartero, 19:00etan, plazan. Hilabeteak daramatzate Iurretako 50 bat lagunek batzarrak egiten, buruari bueltaka. Astero-astero biltzen dira adin ezberdinetako kideak, ezinegon komun batetik abiatuta: “Hainbat pertsonaren artean hasi ginen berbetan, herrian mugimendu sozialaren eta kulturalaren falta sumatzen genuelako. Kezka horren bueltan hasi ginen elkartzen”. Hala azaldu du Markel Onaindia mugimenduko kideak ideiaren jatorria. Eta, kezkatik tiraka, aisiaren inguruan ere hausnartu dute. “Askotan, tabernara joatean datza gure aisia. Ez da bakarrik kritika bat gainontzekoek egiten ez dutenarekiko, autokritika bat ere bada. Gure esku dago herrian bizitza gehiago egotea eta alternatibak sortzea”. Oinarriak finkatuta, izena ere jarri diote mugimenduari: Iurreta Plazaratu.

Izenaren nondik norakoak aipatu ditu Onaindiak:”Bi gauza islatzen ditu izenak guretzat: alde batetik, plaza bera, beti elkargune izan den herriko plaza; eta, bestetik, plazaratzea, herria bera kalera ateratzeko ideia”.

Izan ere, sortu eta ondoren etorri zen izena, Iurretako jaiekin batera. Mugimendua hedatu guran taldea zabaldu eta kezka sozializatzen hasi baitziren orduan. Irailean izan zen hori, eta bestelako dimentsio bat hartu du herri ekinaldiak ordutik. Mahai informatiboen bidez, herritarren ekarpenak jaso eta mugimenduaren berri eman zuten herrian. Horrela, udan hamabost lagun zirenak 50 ziren irail amaieran. Ordutik, kopurua mantendu den arren, jendea aldatuz joan dela ohartarazi du Onaindiak.

Izenari jarraituz, pare bat aldiz hartu dute jada Iurretako enparantza herritarrek, identifikatu duten hutsunearen jakitun. Bi ekintza egin dituzte orain arte. Estreinakoa, abenduaren 2an: bigarren eskuko azoka antolatu zuten. Bertan, Iurretako herritarrek erabiltzen ez zituzten objektu, jantzi eta gailuak hartu, eta plazan jarri zituzten, gainerakoen eskura. Onaindiak ekintza baloratu du: “Oso giro ona egon zen. 25 postu jarri ziren, gehienak herriko jendearenak. Bileretan ikusi genuen berrerabilpenaren inguruan lanketa bat egiteko gogoa zegoela, eta ideia hori irten zen”. Emaitzarekin pozik, hurrengoa pentsatzeari ekin zioten.

Bigarren ekintza urte aldaketarekin batera heldu zen. Urte bukaera aitzakia, herriko plazan ekinaldi bat egin zuten abenduaren 31n. Urtea “agurtu” ez ezik, beste helburu bat ere erantsi zioten jarduerari: “Gogoratu nahi izan dugu orain hamabi urte erre zela abade etxea, justu egun horretan”.

Abade etxe herrikoia

Izan ere, Iurretako abade etxea urte luzez herri mugimenduak erabili izan duela azaldu du Onaindiak, harik eta suak eraikinaren barrena kiskali zuen arte.

Atzera begira jarri, eta azalpena osatu du Onaindiak:”Abade etxea, berez, Bizkaiko Apezpikutzaren jabegokoa da, baina, azken hamarkadetan, herri mugimenduak erabili izan du. Gaztetxe gisa okupatu zen zati bat, dantzarien biltegia ere izan da, eta herriko elkarte batzuen batzargune”.

Julen Kaltzada herriko abade izandakoari aitortzen diote ekintzaileek eraikinaren herri erabilera. Hori dela eta, ekitaldian haren irudia omendu nahi izan zuten. Eraikinaren horman zera idatzi zuten: “Ha etxea ez da nirea herriarena baƱo, ze berak emon daust. Horregatik beti dago zabalik herriak behar dabenean erabili dagian”. Kaltzada zenaren berbak dira, eta eraikina herriarentzat zena laburbiltzen duela uste dute ekintzaileek. “Eraikin hori herri bizitzarako gune inportante bat zen. 2006an, erre egin zen, eta, ordutik, hutsik dago. Bilgune bat zen, eta, erreketaz geroztik, igarri dugu horren falta”, gehitu du Onaindiak.

Indartsu jarraitzen du herri sareak, eta datozen ekintzak prestatzen hasiak dira. Otsailerako, argazki zaharren erakusketa antolatu nahi dute plazan bertan.