Egoerak ez du hobera egin

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ez du hobera egin euskal presoen egoerak. Promesak promesa, urrutiko kartzeletan jarraitzen dute, eta 276tik 11 besterik ez dude Euskal Herrian; horietatik bost, Langraitz bideari heldu diotenak dira. Beste bi, Euskal Preso Politikoen Kolektibotik (EPPK) atera, eta egun inongo taldetan ez daudenak. EPPKn jarraitzen duten 266 presoetatik, 105 dira bizkaitarrak, eta horietatik hiru daude Euskal Herrian. Hiruak, oso gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenak: Arabako Zaballa presondegian dute Basauriko Txus Martin; Ibon Iparragirre ondarroarra ere Araban dute, Gasteizen, GIBa oso garatuta duten gaixoentzako Besarkada Etxea zentro berezian; Markina-Xemeingo Jose Ramon Foruria, berriz, etxean dago preso.

Horren gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenentzat espetxea heriotz zigorra izan litekeela ohartarazi dute Jaiki Hadi elkartean batzen diren sendagileek urteetan; kaleratzea dela okertze bide etengabea saihesteko modu bakarra. Euskal Herrian izateak osasun arreta zerbait hobetzea ekar lezakeela esana dute; urrats bat dela, baina ez dela nahikoa.

Gaixo daudenak espetxean mantentzeak dakartzan arriskuen adibideak ez daude urruti: 2018an, bere buruaz beste eginda hil zen Xabier Rey iruindarra Puertoko espetxean. Kartzelan hildako azken bizkaitarra, aurreko urtean zendu zen, 2017ko uztailean, Badajozen: Kepa del Hoyo galdakoztarra bihotzekoak jota zendu zen. Senideek berriki jakin dutenez, hil baino egun batzuk lehenago beste bihotzeko bat izan zuen presoak baina ez zioten behar bezalako diagnostikorik egin. Behar bezalako zaintza eta osasun asistentzia ezak hil zuelakoan, demanda bat aurkeztu berri du Del Hoyoren familiak.

Gaur egun, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 21 presoren egoeragatik alarma piztua du Jaiki Hadik. Horietatik hamabosten izen-abizenak publikoak dira, eta beste seik nahiago dute euren egoera anonimotasunean gorde. Publiko diren horietatik, bost dira bizkaitarrak, eta sendagileak gehien kezkatzen dituzten gaixotasunak dituzte gehienek: buruko gaitz larriak, bihotzekoak eta minbizia.

Espainiako Zigor Kodeak berak jasoa du gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak askatzeko aukera. 91. artikuluan dio horien bizitza “arrisku nabarian” badago epaileek baldintzapean aske utz ditzaketela. Baina urteak dira aukera gauzatzen ez dutela. Azkena, 2012an: Josu Uribetxebarria. Zeukan minbiziak bizi itxaropen urria aurreikusten zion, eta kaleratu egin zuten. Baina hautsak harrotu zituen erabaki hark, eta, ordutik, ez dute beste euskal presorik kaleratu gaixotasunagatik. Are, PPren gobernuak instrukzio bat ezarri zuen 2017an: preso bat kaleratzeko, gehienez bi hilabeteko bizi itxaropena behar luke. Espainiako Gobernuak berriki ezabatu du baldintza hori, eta pertsonaren bizi kalitatea ere kontutan hartzekoa dela zehaztu du. Hala ere, orain arte ez du neurririk hartu bide horretan. Orain arte egin duen aldaketa bakarra, gaixotasun larriak dituzten preso batzuk Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara eramatea izan da.

Eta gero eta handiagoa da gaixo daudenen zerrenda; inoizko handiena. Sekula baino euskal preso gutxiago dauden arren, inoiz baino gaixo gehiago daude. Datu kezkagarria utzi du Jaiki Hadik: 2008an 765 euskal preso zeuden, eta horietatik bederatzi zeuden larriki gaixo. Egun, 276 presoetatik, 21 dira gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak. Arrazoia argia da: urteak aurrera doaz, eta presoen adinak zein espetxean egindako urte andanak gaixotasunak eragiten dituzte.

Gehienak, beti bezain urrun

Sakabanaketa eta urruntzea dira presoen egoeraren inguruko beste kezka iturri nagusia. Espainiako Gobernuak gerturatzeak iragarri zituen, baina urruti jarraitzen dute euskal presoek, ehunka kilometrora. Bakanak dira Euskal Herritik gertuagoko presondegietara eraman dituztenak, eta euskal herriratzerik ez dute egin. Frantziako Gobernuak ere, espero baino euskal preso gutxiago gerturatu ditu.

Eta sakabanaketaren arrisku argienak urtearen lehen egunean utzi zuen adibidea: Garikoitz Aspiazu Santutxuko presoaren bikotekideak eta 23 hilabeteko semeak auto istripua izan zuten urtarrilaren 1ean Arlesen (Okzitania), hurkoa bisitatu ondoren. Sorterritik 752 kilometrora dute preso Aspiazu.

Presondegi barruko baldintzek ere bereziki gogorrak izaten jarraitzen dute euskal presoentzat. Presorik arriskutsuenentzat pentsatutako gradurik gogorrenean dituzte gehienak oraindik: lehen gradu murritzailean. Aldaketa eskatu eta bigarren gradu arruntera igarotzeko presoek egindako eskaera gehienak ukatu egin dizkiete, batzuri —batez ere gaixo dauden batzuri eta EPPK utzi duten batzuri— onartu dieten arren. Hortaz, erregimenik gogorrenean jarraitzen dute gehienek. Salbuespeneko politika hori utzi eta bestelako espetxe politika arrunta ezarrita eskubideak bermatu eta kaleratzeak errazteko eskatuko du bihar, Bilbon eta Baionan, Orain Presoak dinamikak.

Bost preso bizkaitar, larri gaixo

Txus Martin: hamasei urte preso
Besteak beste, buruko gaitz oso larri eta garatua du Basauriko presoak, bihotzeko gaixotasun larria, eta giltzurrun arazoak. Eskizofrenia aspalditik du, delirio osagarriekin eta paranoiekin. Antsietate kolpeak. Abenduan kateterismoa egin zioten ustekabean, eta bihotzeko operazio konplexu bat egin behar diotela esan zioten. 57 urte ditu eta hamasei daramatza preso. Urteetako erabateko isolamenduak eragin zion buruko gaitza. Arabako Zaballa espetxean dute.

Ibon Iparragirre: zortzi urte preso
GIBa du, oso garatua, eta hainbat gaitz eragin dizkio horrek; tartean, lesio neurologikoak. 2010ean kartzelaratu zuten. Gero, tarte batean, espetxealdia etxean betetzea baimendu zioten, gaixotasun larri eta sendaezinagatik. Baina 2014an
berriro kartzelaratu zuten. 46 urte dituen ondarroarrak eta zortzi urte daramatza preso. Gasteizko Besarkada Etxea zentroan dute.

Gorka Fraile: 21 urte preso
Mingainean tumore gaiztoa atzeman zioten, kartzinoma epidermoideoa. Operatu egin zuten, minbizia erauzteko. Dueson dute preso 49 urteko durangarra, Badajozetik gerturatu berritan. Ia 21 urte daramatza espetxean.

Joseba Borde: hamabost urte preso
Koloneko tumorea du Ugaoko presoak, eta kimiorik ere ez diote eman oraindik. 60 urte ditu, eta hamabost daramatza espetxean. Galizako Curtis espetxean dute.

Kepa Arronategi: 22 urte preso
Bere egoera publiko egin berri du Eako presoak: antsiazko nahaste depresibo kronikoa du. 53 urte ditu, eta azken 22ak kartzelan egin ditu. Zaragozara gerturatu berri dute.