Bilbobuseko langileek grebara joko dute hilaren 21etik aurrera

Peru Azpillaga Diez

Bilbobuseko langileek abenduan hasitako mobilizazio eta lanuzteei eutsiko diete urtarrilean; gainera, hilaren 21erako akordiorik lortu ezean grebara joko dutela jakinarazi dute. Hala, zaildu egin da beharginen eta autobus zerbitzua kudeatzen duen enpresaren arteko negoziazioa, eta zenbait alderdi eta sindikatuk Bilboko Udalari eskatu diote esku har dezala arazoa konpontzeko. Auzi honetan, ELA, LAB, UGT, CCOO eta USO sindikatuak dira langileen ordezkariak, eta, orain arte, langile guzti-guztiek hartu dute parte egindako mobilizazio eta lanuzteetan.

2017an iraungi zen Beobide enpresak kudeatzen duen autobus zerbitzuaren lan hitzarmena. Geroztik, hainbat saiakera egin dituzte langileek hura berritzeko, baina, oraingoz, antzuak izan dira guztiak. Egungo egoera dela eta, hainbat dira langileen aldarrikapenak: murrizketak etetea, lanean egindako aparteko orduak berreskuratzeko modua hobetzea, behin-behinekotasun egoera amaitzea, edota segurtasuna eta higienea bermatzea.

Lan hitzarmena berritzeko egindako saiakeren artean, bi aurreakordio bota dituzte atzera langileek. Lehenengoa apirilean sinatu zuten UGT eta USO sindikatuek Beobiderekin, baina beharginek ez zuten onartu batzar orokorrean. Bigarren kasuan ere, egoera antzekoa izan zen. Abenduaren amaieran, UGT, CCOO eta USO sindikatuek beste aurreakordio bat sinatu zuten Beobiderekin, baina, oraingoan ere, langileek ez onartzea erabaki zuten, 30 botoren aldearekin. Batez ere, ELA eta LAB sindikatuek kritikatu zuten aurreakordio hura, bertan hitzartutakoa “nahikoa” ez zela argudiatuz, besteak beste ez ziolako heltzen behin-behinekotasunaren arazoari.

Horrekin batera, gogor salatu dute Beobide enpresak negoziaziorako erakutsitako jarrera. Izan ere, langileen eskakizunei entzungor egin eta greba legez kanpokoa dela salatu du enpresak. Langile batzordeak “ulertezintzat” jo du erabakia, eta, besteak beste —Gaizka Miguel ELAko ordezkariaren esanetan—, atentzioa desbideratu eta langile batzordea ahultzeko estrategia bat erabiltzen ari da enpresa: “Jaurlaritzak zehaztutako prozesua bete egin da, hala nola ezarritako gutxieneko zerbitzuak”.

Hori dela eta, ez atzera eta ez aurrera dago orain negoziazioa; azken momentuko aldaketarik egon ezean, langileek hurrengo asteko asteleheneko eta osteguneko lau orduko lanuzteei eutsiko diete, eta, hilaren 21etik aurrera, greba mugagabeari ekingo diote.

Orain arte egindako negoziazio prozesuaren balantzea egin du Fernando Batana LAB sindikatuko ordezkariak. Azaldu duenez, aurkeztutako bi aurreakordioek ez dituzte bete langileek hitzarmen berria onartzeko ezarritako eskakizun “minimoak”.

“Azken bi urteetan, baldintzak okertu egin dira: murrizketak eta behin-behinekotasuna handitu egin dira, eta egoera hori eten nahi dugu”, salatu du. Bizi duten prekaritatea konpondu behar dela adierazi du Batanak. Haren esanetan, azken urteetako krisi egoerari aurre egiteko “arduraz” jokatzeko eskatu zien enpresak, eta, 2012az geroztik, haien soldatak ia ez dira igo. “Egun, esaterako, erosteko ahalmena galdu dugu Bizkaibuseko kideekin konparatuta”. Denbora horretan, gainera, enpresak lau milioi eurotik gorako irabaziak izan dituela jakinarazi du Batanak, eta ohartarazi du horrek isla izan behar duela langileen soldatetan ere.

Udalaren arrastorik ez

Negoziazioak aurrera egin dezan, Bilboko Udalaren parte hartzea “funtsezkoa” dela dio Batanak. “Oraindik ez dute esku hartu negoziazioan, eta haiek dira zerbitzuaren arduradun nagusiak: udalak kalitatezko autobus zerbitzu bat bermatu behar die herritarrei”. Argudiatu duenez, Bilboko Udalak kontratatu du Beobide enpresa autobus zerbitzua kudeatzeko, eta, beraz, bitartekaritza lanak egin beharko lituzke, enpresak jarrera aldatu eta langileen eskakizunak kontuan har ditzan.

Batanaren aburuz, Beobidek langileen greba salatu izanak agerian uzten du ez duela negoziatzeko intentziorik: “Salaketak ez du biderik egingo; baldintza guztiak bete ditugu. Beraz, egoera trakestu baino ez dute egin nahi”. Bai enpresak eta bai udalak langileen eskakizunak “ondo baino hobeto” ezagutzen dituztela dio, eta, hortaz, oraintxe Bilboko Udalak duela egoera desblokeatzeko “giltza”.

Bizkaibusen ere lanuzteak

Durangaldea eta Arratia-Nerbioi eskualdeetako Bizkaibuseko langileak asteartean lotu ziren berriz ere mobilizazioetara, 24 orduko lanuztea eginez. Pesalur enpresa da zerbitzu horien arduraduna, eta, hitzarmena lortu ezean, langileek beste bi lanuzte egingo dituzte hurrengo astean —hilaren 14an eta 17an—, eta 21etik aurrera greba mugagabera joko dute.

Era berean, GAM Txorierri enpresako langileek urtarrilaren 17ko batzarrean erabakiko dute ea grebara joko duten hilaren 21ean eta 28an. GAM Txorierri enpresak Getxo, Mungialdea, Bakio, Sopela eta aireportuko Bizkaibusen zerbitzuak kudeatzen ditu.

Halaber, Ezkerraldeko eta Enkarterriko Bizkaibusen zerbitzuak kudeatzen dituen EMB enpresako langileek akordio bat lortu dute. Hala, herenegun egindako bozketan CCOO eta UGT sindikatuek enpresarekin egindako hitzarmen berria onartu, eta greba bertan behera uztea erabaki zuten. ELA sindikatuak, berriz, gogor kritikatu du erabakia.