Behin-behinekoa

Nerea Ibarzabal

Trukean zerbait lortu arte maite zaituen ohe-kidea bezala, konpromisoz jasaten zaituen aitaginarreba bezala, zu kontratatzeko inongo asmorik izan ez eta hala ere lan-elkarrizketa egiten dizun nagusia bezala, bakarrik eguraldiari buruz berba eginez gero —bestelako gai bat ere ukitu barik— ondo konpontzen zaren bizilaguna bezala, faltsukeria berarekin, gure jendarte maiteak “onarpen probisionala” eskaintzen die zenbait herritarri. Behin-behineko kidetasuna, zuzentasun politikoak behartuta egiten den gutxieneko keinu hori. Adibidez, Errege eguneko kabalgatetan pertsona zuriak aurpegia beltzez margotuta ateratzeari utzi, eta benetan azala beltza duten pertsonei erregez mozorrotzeko aukera ematea da herri askotan egin dena, eta gehiengoak onartu zuela zirudiena —kabalgaten zentzua bera eta errege eguna ospatzen duten errepublikazaleen kontraesanak beste baterako utziko ditugu—.

Ai, baina zer gertatzen da “bizi osorako behin-behineko onarpen fasean” mantentzen dugun horrek gustuko ez dugun zerbait egiten badu? Hortxe erortzen zaizkigu guri ere aurpegiko margoak. IKUSTEN?! Ez da “herritar batek hau egin du”, baizik eta “IKUSTEN?!”. “Ikusten zer esaten nizuen?” “Ikusten zelan ez diren parte onekoak?” —pluralera igarotzen gara automatikoki—. “Ikusten zelan ez genion eman behar konfiantza dosi txiki hura ere?” Eta lehen publikoki aitortzeak lotsa ematen zigun sentimendu hori mahai gainera ateratzen dugu berriro, zakil bat bailitzan, garailearen irribarrearekin. “Esan nizuen”.

Andoaingo Baltasarren ateraldia brillantea iruditu zitzaidan, adar-jotze zoragarri bat. Afrikar bat udaletxeko balkoian ohitura kristau zahar bati mingaina ateratzen eta umeei esandako gezurra agerian geratu zitzaien gurasoak dardarka jartzen. Magia edo fantasia deituko diogu, baina gezur bat ere bada azken finean, eta ezin ditugu denak derrigortu gezur horretan parte hartzera eta oroz gaindi errespetatzera. Geroago jakin nuen hizkuntza ez menderatzearen ondorioz izandako txarto-ulertu bat izan zela Baltasarrena, eta ikusi nuen barkamena eskatzen agertzen zen bideoa ere. Lehenago irakurri nituen, ordea, sare sozialetan hainbatek berari buruz jarritako astakeriak. Aurpegia Twitterren urdinez margotzen duen jende zuria, beste behin.

Hor ikusi nuen batzuek ez diotela inoiz barkatuko, ez diotelako inoiz barkatu hona etorri izana bera ere. Bere existentzia da batzuentzat barkaezina dena, eta berea bezala beste hainbat kolektibo gutxiturena. Baten akatsa denen akatsa dela esango dute, merezi ez dugun lekuan gaudelako, dagokigun lekura itzuli behar dugulako behingoz, Afrikara, sukaldera, zubipera, popatik hartzera. Behin-behineko onarpen fasean gaudelako, eta barkamenaren eta bigarren aukeren pribilegioa ez delako guretzat.