Gaizka Garitano: Egoerari buelta emateko prest

P. Azpillaga

Athletic Club taldeak aurtengo denboraldian izandako emaitza kaskarren ondorioz, Josu Urrutiak, Eduardo Berizzo entrenatzailea kanporatzea erabaki du. Ez da erabaki erraza izan, baina zenbakiek argi utzi dute taldea egoera lazgarrian dagoela: Ligako 14 partidatan garaipen bakarra izan du, hots, 106 egun irabazi gabe; azken 36 puntuetatik zortzi eskuratu ditu; eta jaitsiera postuetan dago.

Egoerari buelta emateko esperantzarekin, Gaizka Garitano (Derio, 1975) orain arte bigarren taldeko entrenatzaile izandakoak hartu du taldearen gidaritza. Futbolari ohia da Garitano, Athleticen ere ibilitakoa, eta entrenatzaile modura badu esperientzia. Bere lorpen nagusien artean, Eibar taldea Bigarren B mailatik Lehenengo mailaraino igotzea lortu zuen. Gerora, ordea, Eibar jaitsiera postuetan utzi ostean kanporatua izan zen, eta Valladoliden eta Deportivon ere ez zuen denboraldia amaitzea lortu. Geroztik, Athleticeko bigarren taldeko entrenatzaile izan da, Jose Angel Zigandak utzitako tokia hartuta. Orain, Athleticek azkenaldian bizi izan duen egoera zailenari egin beharko dio aurre, eta pasa den denboralditik beheraka doan futbolarien plantilla altxatzeko erronka izango du.

Astelehenean izango du lehen proba, San Mamesen, Gironaren aurka. Horretarako, etxekoa izatearen abantaila du Garitanok, eta gainera, taldeko jokalari asko aldez aurretik ezagutzen ditu; batez ere, bigarren taldean ibilitakoak. Horrek, hamaikakoa irauli eta aire freskoa sartzeko aukera ematen dio. Ideia argiak dituen pertsona da, eta izaera handikoa; jokalari garaian ere liderra izateko ezaugarriak zituela erakutsi zuena.

Aipatzekoa da ere, bere aita, Angel Garitano Ondarru, Athleticeko bigarren entrenatzaile izan zela, hain zuzen ere, Jose Manuel Esnal Mane-k taldea zuzendu zuenean, 2006an. Garai hura ere zaila izan zen Athleticentzat, eta, denboraldi osoa jaitsiera postuetatik gertu eman ostean, Lehenengo mailan mantentzea lortu zuen Ligako azken jardunaldian Levanteri irabazi ostean ostera, salatua izan den partida hura, iruzurra egin zutelakoan.