Lander Unzueta Lekerikabeaskoa
Kaioek euskaraz ohiukatzen duten munduko toki bakarra Izaro irla dela esaten dute. Urdaibai biosferako erreserba barruan kokatua, Bermeo, Mundaka eta Elantxoberekin harreman estua duen uhartea da Izaro. Kostaren aurrean dagoen irla txiki honen inguruko historiak, erlijioak eta mitologiak gaur egun ere pertsona asko erakartzen eta horiengan eraginen bat egiten jarraitzen du.
Horietako bat Txuspo Poyo zine zuzendari altsasuarra izan da. 1991. urtean ezagutu zuen irla, eta ordudanik berarekin eta adierazten duenarekin liluraturik egon da. 2012an hasi zen Poyo Izaroren inguruko lana sortzen. Urteak joan ahala, proiektua garatuz eta aldatuz joan da. Irlarekin hasitako lanak bere jatorria, iragana eta etorkizuna bildu ditu, Izaro izenak berak denboran zehar hartu dituen esanahi eta erabilpenetan murgilduz.
Modu horretara jaio da Izaro izeneko dokumentala. Orain dela bost urte hasitako proiektuari aurten eman dio bukaera Poyok, era ezin hobean aurkeztuz: joan den irailean egindako Donostiako 66. Zinemaldian. Zuzendariak azaldu duenez, dokumental bezala aurkeztu du, baina saiakera bezala hartzen du berak: “Urteak pasa ahala material ugari batzen eta asimilatzen aritu naiz. Hori landuz sortu dut dokumental hau. Hala ere, dokumental bezala definitu beharrean, saiakera bat dela esango nuke, ideien nahasketa bat”.
Izarotik jaioa
Bost urte luzetan zehar Poyok buruan zeukana etengabe aldatzen joan da, “su geldoan prestatzen”. Izaro irla saiakeraren iturria dela esan daiteke, baina protagonista bera, irlaren izena da. Horrela izanik, proiekzioan Izarorekin harremana duten edozein motatako ideiak ikus ditzakegu: pertsonak, Bermeoko abesbatza, itsasontziak edota Izaro Films zine ekoizlea, besteak beste. “Bakoitzak bere ideia eta kontzeptu propioa dauka Izaroren inguruan. Irlaz gain, hainbat Izaro daude munduan. Izen propioa da, bai emakumeena eta baita gizonena ere, baina ez da hor gelditzen. Taldeak, elkarteak, zinema ekoizleak, itsasontziak… asko dira Bermeoko irlaren izena bereganatu dutenak”, azpimarratu du Poyok.
Beraz, uhartea bera den iturri horretatik abiatuta, Izarok adierazten duen “memoria, identitate eta ondarearekin” egin du lan zuzendariak, ezertara mugatu gabe.
Hasieratik igartzen da hori: dokumentalaren lehen segundoetan printzipioz harreman askorik ez daukaten elementu desberdinak ikusiko ditugu-eta: Madrilgo Windsor eraikina, Seychelleetako hondartzak, baleen gorpuak, hezurdurak edota maketak, eta baita uhartearen aurrean urtero Madalen Egunean bermeotarrek egiten duten teilaren jaurtiketa ere. Izan ere, 2014. urtean Bermeoko alkateak “honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” esaten zuen bitartean itsasora jaurtitzen zuen teila Poyok berak sortutakoa izan zen. Halere, hasiera batean elkarren artean deskonektaturik daudela diruditen leku edota kontzeptu horiek jatorri berbera partekatzen dutela ikusten joango gara.
Zuzendariaren hitzetan, dokumentalak hiru ardatz nagusi ditu: Izaro uhartea bera, Seychelle uharteetako itsasoetatik nabigatzen ari den Izaro itsasontzia, eta bere zintak uhartearen irudiarekin hasten zituen Izaro Films ekoizlea. Ardatz horietatik abiatuta, Izaro izenaren iragana eta orainaldia ezagutzera ematen ditu zuzendariak, eta aldi berean, zuhaitz bateko adarrak izan balira moduan, beste hainbat istorio labur kontatzeko aprobetxatzen du sortzaileak.
Poyok azaldu duenez, ez du gidoi batekin lan egiten, eta Zinemaldira eramandako zintan azaldutakoa urteak pasatu ahala azaldutako eta aurkitutako ideien batuketa da. “Finkatzen doala, ideiak forma hartzen doazela, hasten zara buru-belarri proiektuarekin. Askotan dokumentala bertan behera geldituta geratu da, baina beti bueltatu naiz ideia berriekin”, azaldu du.
Soinu banda bermeotarra
Dokumentalaren sortze ibilbidean, esan bezalaxe, Izarorekin nolabaiteko harremana, hurbilekoa ala urrunekoa, duten edozein motatako kontzeptu, ideia, pertsona edota elkarteek parte hartu dute. Horren beste adibide bat: Bermeoko Izaro abesbatzagaz batera egin zuen lan Poyok.
2013. urtean hurbildu zitzaien saiakeraren zuzendaria Alex Mendizabal musikagileagaz batera. Hortik aurrera, “inprobisazio lan bat” sortu zuten, Mendizabalek gidatuta. Azaldu dutenez, sortutako soinu banda benetan berezia izan da, ez da-eta ohiko abestiez osatzen: talde bermeotarrak baleen oihuak gogora ekartzen dituen zarataz osatutako soinuak erabili zituen Poyoren dokumentalaren soinu banda girotzeko.
Biotz Fradua abesbatzako zuzendariaren hitzetan, “ohore handia” izan da Bermeorekin eta abesbatzarekin hain harreman estua eta zuzena duen proiektuaren parte izatea. “Ez genuen espero Zinemaldia bezalako jaialdi garrantzitsu batean azaltzea”, dio Fraduak.
Hala ere, Izaro eta bere oinordekoen ibilbidea ez da Zinemaldian soilik geratuko. Dokumentalaren zuzendariak nabarmendu duenez, Izaro filma ikusteko aukera ederra edukiko dute gaurtik hasita Bilbon egiten duten Zinebi jaialdira hurbiltzen direnek.
Zehazki, azaroaren 13an, asteartearekin, emango dute dokumentala Bilboko Kale Nagusian dagoen BBK aretoan. Sarrera doakoa izango dela argitu du zuzendariak, era horretara hala nahi duen guztiari ezagutzen ez dituen Izaro horien berri eman ahal izateko.