Markesen jauregia, herriaren esku

Markesen jauregia, herriaren esku

Natalia Salazar Orbe

Ezezaguna bezain ikusgarria da askorentzat. Leioan, eraikinari izena ematen dion Artatzako hareatzan kokatuta, jauregi dotoreak zaintzen ditu inguruetako lurrak. Aldapa baten gainean, leku pribilegiatuan, 300.000 metro koadroko eremua hartzen du Artatza jauregiak. Victor Chavarri Trianoko markesa eta Maria Josefa Poveda Etxague senar-emazteentzat eraiki zuen Manuel Maria de Smith arkitektoak.

1918an inauguratu zuten jauregia. Haren kanpoko lorategiek zein horma barruetako gela eta areto deigarriek politikako zein gizarteko pertsona ospetsuen bisitak hartu zituzten garai hartan. Hala erakusten dute jauregiko liburuan jasotako hainbat eta hainbat sinadurak.

Sasoi hartan, ekonomiaren hazkundea gertatu zen lurraldean. Artearen pizkundean ere eragina izan zuen egoera ekonomiko hark. Horren adierazgarri, Smithek bere lanik onena egin zuen eraikin hartan, aditu askoren ustean. Ana Ingalaterrakoa erreginaren estiloari heldu zion. Harria eta adreilu gorria baliatu zituen eraikuntzarako. Hara joaten denari Ingalaterrako landa zabalean ari dela irudituko zaio: etxe zabal baina ez oso garaia, gorrixka, eta, aurrealdean, barne hausnarketetan galtzeko moduko lorategiaren lasaitasuna.

Goi mailako herritarren bizi eta topalekuak kuartel eginbeharra ere hartu zuen garai batean. 1936ko gerran, betebehar horretarako erabili zuten zenbait gudari batailoik. Gaur egun film bateko irudiak irudi litezke gudarien joan etorriak han barruan: beirategi koloretsuetatik eguzkiaren zein ilargiaren izpiek eraikineko eskailerak zein arkuek hasiera ematen zieten pasaguneetan barrena, gerra estrategiak aztertzen.

1936ko gerrako garai hura kenduta, Poveda eta Chavarri familiaren ohiko egoitza izan zen jauregia. Eurak bizi izan ziren bitartean behintzat. Izan ere, haien oinordekoek uda sasoian jo zuten Artatzako jauregira, 1979ra arte. Eta hamar urte geroago, Eusko Jaurlaritzari saldu zioten, eta horrek Leioako Udalaren esku utzi berri du, jauregian gizarte eta kultur jarduerak egiteko asmoz.

Erabilera ezbaian

Arkitektura eta historiari lotuta ondare gisa duen garrantzia azpimarratu dute behin baino gehiagotan erakundeek. Polemikak ere sortu izan dira eta: bisita ofizialik ia ez duela hartzen eta gastu handiegia eragiten duela salatu izan dute PPk eta UPDk. Sal zezala ere eskatu zion UPDk Jaurlaritzari Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduren eta EAJren botoek atzera bota zuten proposamena. EH Bildukoak ondare publikoa pribatizatzearen aurka azaldu ziren. EAJkoek gogora ekarri zuten eraikin babestua dela eta ezin daitekeela egokitu edozein erabilera izango duen eraikin bihurtzeko.

Orain, leioaztarren eskura dago; haren dorre, ezkutuko txoko, beirategi gardenek zein koloretsuek herriko gizarte eta kultur jarduerak hartzeko zain.