Bilboko Udalak isunak jarriko ditu espaloian bizikletaz ibiltzeagatik

Peru Azpillaga

Bilboko Udalak orain dela zazpi urte abiatu zuen Bilbobizi, bizikleten mailegu zerbitzu publikoa. Geroztik, haziz joan da egitasmoa. Gero eta erabiltzaile gehiago ditu, eta bizikletak hartzeko geltokiak ere ugaritu egin dira. Hiriak hazten diren heinean, mugikortasuna udal gobernuen kezka nagusietako bat bilakatzen da: toki batetik bestera mugitzeko aukerak eta zerbitzuak, espaloien eta errepideen erabilera, ibilgailuen abiadura eta kutsadura… Hainbat dira biztanleen ongizatea bermatzeko kontuan hartu beharreko baldintzak. Egun, Bartzelona eta Madril moduko metropoliek dituzten mugikortasun arazoak adibide bilakatu dira garapenean dauden Bilbo bezalako hirientzat. Hala, etorkizunean izan ditzaketen arazoak saihesteko, gaurdanik hasi dira lanean. Autoen gehienezko abiadura, esaterako, orduko 30 kilometrokoa da udaz geroztik hiriko kale gehienetan.

Autoen joan-etorria murriztearekin batera, zerbitzu publikoek egiten duten eskaintza indartzea da udalaren helburua. Horretarako, besteak beste, bizikleten mailegu zerbitzua hobetzea erabaki du. Jada martxan zazpi urte zeramatzaten bizikletak kendu, eta bizikleta elektriko berriak erosi ditu udalak. Bilbaobizi izendatu du zerbitzu berria, eta, bizikletak berritu ez ezik, beste berrikuntza batzuk ere izango ditu. Erabiltzaileentzako baldintzak aldatu egin ditu, eta hiriaren mugikortasunaren inguruko arau berriak jarri ditu martxan, oro har, espaloia oinezkoek soilik erabil dezaten. Horren harira, aldundiak aurrekontuetarako egindako proposamenean hamar milioi euro txertatu ditu Bizkaian bidegorriak egiteko.

Berrikuntzak eta isunak

Egun, bizikleta zerbitzuak 31 ainguratze postu ditu, eta 300 bizikleta. 2019rako, ordea, berrogei postu izatea espero du udalak, eta 450 bizikleta. Elektrikoak izan arren, prezioa, oraingoz, gaur egungo bera izango da: urtean hogei euro ordaindu beharko dute hirian erroldatuta daudenek, eta 25 euro gainontzekoek. Horrekin batera, zerbitzuan turistentzako eguneko tiketak txertatzea aurreikusi dute. Alemaniako Nextbike enpresak kudeatzen du 13.000 harpidedun baino gehiago dituen zerbitzu publikoa. Berregokitzapenaren bidez, erabiltzaileen kopurua %30 handitzea espero dute.

“Bizikleta elektrikoekin auzo guztietara heltzea espero dugu. Lehen, auzo garaiak zigortuta zeuden, bizikletaz igo ahal izateko Indurain bezalakoa izan behar zenuelako”, azaldu du Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak. “Aldapak desagertu egingo dira bizikleta berriekin, eta, hala, Bilbo hiri irisgarria bilakatuko da; bizilagunek edonora joateko aukera izango dute”.

Beraz, “jauzi kualitatiboa” egin dutela nabarmendu du zinegotziak; bizikleta Bilboko biztanle guztientzako garraio bihurtzeko urratsa egin dutela: “Herritarrek beste garraio mota bat balitz bezala ulertu behar dute bizikleta”. Zerbitzu berriaren beste berrikuntza bat ordutegia da. Lehen, 06:00etatik 22:00etara soilik har zitezkeen bizikletak maileguan, eta orain, 24 orduz egongo dira erabilgarri. Bizikleta bakoitza ordu baterako har daiteke maileguan. 30 kilo pisatzen dute bizikleta berriek, eta 50 kilometroko autonomia dute. “Modernoenak” dira, Gilen hitzetan; geolokalizadore eta giltzarrapo automatikoa dituzte, eta smartphone-entzako euskarria heldulekuan.

Sistema berriak, ordea, neurri berriak ere ekarri ditu. Gilek aurreratu duenez, “bizikleta eta espaloia bateraezinak dira”. Horregatik, udalak 150 euroko isunak jarriko dizkie espaloian bizikletaz ibiltzen direnei, eta, gainera, urratzaileek ezin izango dute erabili bizikleten mailegu zerbitzua sei hilabetean. Gilen esanetan, txirrindulariak “kontzientziatzea” da helburua; “pedagogia egitea, eta ez jendea zigortzea”.

Hori dela eta, bi asteko kanpaina bat abiatu dute, “herritarrek bizikletak era egokian erabil ditzaten”. Informazio guneak jarriko dituzte, eta horietan, besteak beste, espaloian bizikletaz ibiltzea debekatuta dagoela jakinaraziko zaie erabiltzaileei, bizikletak beste toki batzuetara ezin direla eraman, eskailerak bizikletaz jaistea galarazita dagoela eta animaliak ezin direla bertan garraiatu.

Izan ere, garraio aukerak ugaritzen ari dira hirietan. Azkenaldian patinete elektrikoak ugaritu dira, adibidez, zenbait hiritan arazo bilakatzeraino. Bizikleten antzera, bidegorri edota bide espezifikoen faltan, asko dira patinete elektrikoekin edo bestelako ibilgailuekin espaloian ibiltzen direnak, eta horrek istripuak sor ditzake oinezkoen artean. Kontrara, ibilgailu horiek guztiak errepidera bideratzea ere problematikoa izan daiteke. Ondorioz, eztabaida piztu da Bilboko Udalean, eta zenbait alderdik lehenbailehen neurriak hartzeko eskatu diote udal gobernuari.

Trafiko Zuzendaritza Nagusia ere lege berri bat egiten ari da mugikortasun pertsonalerako ibilgailuen inguruan, eta Gilek adierazi du hori errealitate bilakatu arte itxaron egingo dutela. Bilboko egoera oraingoz kezkagarria ez bada ere, Madrilgo adibideak “kezka” sortzen duela esan du.