Feministon Herria izango da Bilbo

Aitziber Laskibar Lizarribar

Emakumeak antolatzen ari dira, gero eta gehiago. Auzoz auzo, herriz herri, feminismoa indar hartzen ari da. Hausnarketetan sakontzen, eta ekiten. Aliantzak sortzen. Herri mailan, herrien artean, eta mundu mailan ere bai. Bilbo da, egunotan, horren adierazgarri. Emakumeen Mundu Martxak XI. Nazioarteko Topaketak egin ditu asteon Bizkaiko hiriburuan, eta munduko 42 herrialdetako 130 emakumetik gora batu dira etorkizun feminista bat marrazteko bidean aurrera egiteko helburuz.

Brasil, Kuba, El Salvador, Kenya, Kurdistan, Katalunia, Mali, Palestina, Galizia, Sahara, Somalia, Tanzania eta Filipinetako ordezkariak aritu dira, besteak beste, hausnarketak partekatzen. Norabidea, leloak erakusten du: Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara.

Euskal Herriko mugimendu feministak duen “indarra” eta Mundu Martxak bertan duen “izaera herritarra” dira nazioarteko topaketak egiteko Bilbo aukeratu izanaren arrazoi, antolatzaileen esanetan. Eta segurtasuna ere bai: “Munduko hainbat txokotatik datozen askotariko emakumeentzat leku seguruagoa da Euskal Herria. Badakigu zenbait herritan nolako jazarpena duten bizitzaren defendatzaileek, lesbianek, emakume borrokalariek”. Euskal Herrian horientzat espazio seguruak sortzeko baldintzak daudelakoan aukeratu dute Bilbo euren herrietan erreferente diren emakume horiek batzeko.

Nazioarteko Ekintzari begira

Bi ildo nagusi izan dituzte nazioarteko topaketek: batetik, egoeraren azterketa egin, eta testuinguru horrek emakumeengan duen eraginari buruz hausnartu dute. Bestetik, aurrera begira jarri, eta mundu mailan egingo den hurrengo ekitaldi feministarik indartsuena prestatzeko lana hartu dute: Nazioarteko V. Ekintza antolatzekoa.

2015ean egin zen azken Nazioarteko Ekintza: munduko hainbat herrialde bezala, Euskal Herri osoa zeharkatu zuen karabana feminista. Hemendik bi urtera, 2020an, egingo da hurrengo ekintza, eta Emakumeen Mundu Martxa hartarako lanean ari da dagoeneko.

Mundu mailako lan ildo eta erronkei buruz aritzearekin batera, etxera begira ere jarri da Euskal Herriko mugimendu feminista, eta, nazioarteko topaketen ingurumaria baliatuta, feministen lana ikusarazteko ekitaldia antolatu du: Feministon Herria. Bihar izango da, egun osoz, Bilboko Areatzan.

“Euskal Herriko mugimendu feministaren alternatiba eta erresistentziak ikusarazteko espazio ireki” gisa aurkeztu dute Feministon Herria: “Txoko guztietako feministen topaleku izatea nahi dugu”. Izan ere, antolatzaileen esanetan, eragile eta talde feministak etengabe ari dira alternatibak eraikitzen euren herri eta hirietan, Emakumeon Mundu Martxak ezarriak dituen lau ekintza eremu nagusietan: sistema arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitateak, eta sarean lan egitea eta aniztasunaren kudeaketa.

Bihar, Bilboko Areatzan

Lan eta esperientzia horiek guztiak plazara aterako dituzte bihar, Alternatiba Feministen Azokan. Euskal Herrian martxan dauden proiektu feministak ikusaraziko dituzte, goizean, Areatzako estalpeetan jarriko den azokan. Emakumeek gauzatutako proiektuak izango dira protagonista, “Euskal Herri feministara bidean, bizitzako hainbat arlotan eraldaketa lanetan ari direnak”; komunikazioan, kirolean, sorkuntzan, elikadura burujabetzan, zaintza lanetan, hezkidetzan, hirigintzan zein formakuntzan, besteak beste.

Halako 30 proiektu baino gehiago aurkeztuko dituzte: Bollopop, Etxalde, Klitto, Emagin, Pikara Magazine, Txakur Gorria, Histeria kolektiboa, Ahizpatasuna, TurtukiƱa, Neska Gazteak, Reas, Mercado de las especias, Skolastika, Oihu-K, Koloretxe, Hiria koklektiboa, Zorutik, Safo eskola, Txika de la cevada, Mujeres tejiendo redes eta Mujeres del mundo, esate baterako. 11:00etatik 15:00etara egongo da zabalik azoka.

Aurrez, 10:00etan, gosari feminista egingo dute. Jarraian, Emakumeon Mundu Martxako kideekin solasaldia; eta, 12:30ean, mahai ingurua: Feministon bakea eraikitzen.

Bazkalaurretik, 14:00etan, Memoria feminista plazara performancea egingo dute, eta 15:00etan, emakumeen bazkaria. Arratsaldean, manifestazioa abiatuko da 17:30ean Arriagatik, eta, 19:30ean hasita, kontzertuak izango dira: Mice, Sustraians, Ni Tuya ni Yuta, eta Gora Etorri.