Bilboko euskaltegi guztiek agenda bateratua kaleratu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

AEK eta Bai & By. Labayru, Gabriel Aresti, Bilbo Zaharra. Deustuko Unibertsitateko euskaltegia. Ulibarri. Mikelats eta Juan Mateo Zabala. Mondragon Lingua. Bilbon guztiak, euskara irakastea helburu duten ikastetxeak denak. Bakoitza bere eskaintza, metodologia eta izaera propioarekin, baina guzti-guztiak herritarrak euskalduntzeko helburua duten euskaltegiak.

Urtero-urtero, 8.000 ikasle inguru batzen dira euskaltegi horietara Bilbon. Milaka herritarrek egiten dute euskalduntzeko hautua. Eta milaka euskaldun berri sortzen dira horrela. Zabala da eskaintza. Hamar euskaltegi horiek dozenaka ikastetxe dituzte, eta Bilboko auzo gehien-gehienek dute etxe bateko edo besteko euskaltegiren bat.

Eskola horietako bakoitzak bere izaera propioa du, eta, guztiek helburu bera duten arren, nor bere aldetik aritu ohi da: nork bere kanpaina, eskaintza eta ekitaldiak antolatzen ditu.

‘Bilbon euskara ari du’

Euskaraldiaren olatuak, baina, elkarlana ekarri du. Guztiak batu, eta euskara ikasteko dagoen aukera zabala plazaratu dute euskaltegi guztietako ordezkariek, elkartuta. Oraingoan ez dute eskatu euren eskoletara joateko; Euskaraldiarekin bat egin, bilbotarrak euskara ikastera animatu, eta edozein euskaltegitara joateko deia egin dute.

Zirimiria bezala, euskara pixkanaka hiriburua ere gero eta barrurago bustitzen ari delakoan, multzora batzeko deia egin dute. Bilbon euskara ari du lelotzat hartu, eta euskaltegien aterki handiaren pean biltzeko gonbita egin dute. Lehen aldiz, afixa berean batu dira mota guztietako euskaltegien sinadurak.

Elkarri heldu, eta agenda bateratua egin dute. Euskaltegi guztiek antolatutako ekitaldiak euskarri berean plazaratu dituzte, aurkeztutako horiek lagin bat besterik ez direla ohartarazita. “Baditugu hilabetero egiten ditugun beste hainbat ekintza”.

Baina oraingoa inoiz baino bateratzaileagoa da, eta berritzailea; inoiz egin gabea. Oraingoz, abendura arteko ekitaldiak batu dituzte, aurrera begira elkarlanaren bidea marraztu dezaketenak.