Hamaika Botxo eguna antolatu dute bestelako Bilbo bat aldarrikatzeko

Hamaika Botxo eguna antolatu dute bestelako Bilbo bat aldarrikatzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilbo “Europako hiriburu bihurtzeko proiektu batean murgilduta” ikusten dute Piztu Bilbo mugimenduan biltzen diren eragileek. Azken urteetan hiriburuari “erakusleiho izaera” ematen ari zaiola uste dute, eta hori Bilboko bizilagunen egunerokotasunean eragiten ari dela. Turista taldeen pilaketek portalera ezin heltzea eragiten dietela salatu dute; AirBnB eta antzeko pisu turistikoen ondorioz alokairuak nabarmen garestitu direla, eta, horregatik, herritar askok euren auzoak utzi behar izan dituztela; etengabe biderkatzen ari diren frankizia eta multinazionalak bertako denda txikiak itxiarazten ari direla. Aldaketaren adibide gisa aipatu dituzte egoera horiek, gertatzen ari denaz ohartarazteko: “Hiri eredu honek dituen kalterik adierazgarrienen artean, herritarron pobretzea eta prekaritate gero eta handiagoa azpimarratu behar dira”.

“Benetan nahi al dugu ogia nork saltzen digun ezagutzen ez dugun hiri bat? Benetan nahi al dugu etorkinen harrerari uko egiten dion hiri bat? Benetan nahi dugu etxeetako eskaileraburuetan ezezagunak areagotzen ari diren hiri eredu bat? Benetan nahi dugu bizitzeko ezinezkoa bihurtzen ari den hiri bat?”. Piztu Bilbo plataforman biltzen direnek argi dute ezetz: “Pertsona guztiek beren tokia topatzeko aukera duten hiri bat nahi dugu”.

Baina azkenaldiko “makroproiektu eta makroebentoak” auzoen egunerokotasuna “mehatxatzen” ari direla iruditzen zaie. Haiei, auzoei ematen ez zaien dirutza ematen ari zaiela, gainera. Aurki izango den MTV jaialdia egiteko, adibidez, hiru milioi euro baino gehiago xahutuko direla ohartarazi dute.

Herri plataformako kideek ez dute eredu hori nahi. Bestelako Bilbo bat posible dela uste dute, eta horren aldeko apustua egin dute: “Herri mugimendua horri aurre egiteko antolatu da”. Eta egun osoko jarduna antolatu dute urriaren 13rako: Hamaika Botxo eguna.

Ezartzen ari den hiri ereduaren “moldeetatik kanpo” geratzen diren kolektibo eta pertsonen “espresio eguna” izan nahi du Hamaika Botxo egunak, eta horien arteko saretzeari bide egingo diona. Bilboko kolektibo, auzo elkarte, asanblada eta abarren ikuspuntuak partekatu, eta, aurrera begira, sinergiak sortzeko baliatu nahi dute.

Hartarako, “Bilbo herrikoiaren espresio anitzen gunea” prestatuko du Bilbo Piztuk Uribitarte pasealekuan. Kolektiboei euren proiektuak aurkezteko lekua egingo zaie, eta, elkarlanean, alternatibak bilatzen saiatuko dira. Parte-hartze espazioak izango dituzte hartarako: mahai inguruetarako gunea, haur zein nagusientzako tailerrentzako eremua, eta liburu eta diskoen aurkezpenerako espazioa, esaterako. Kolektiboen materialen azoka ere izango da, liburu azoka, hainbat proiekturen informazio guneak, eta munduko janarien azoka. Agertoki bat ere egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta Bilboko zein munduko musika eta antzerki taldeak izango direla bertan.

Bidea egiten hastea da asmoa, beraz, eta, hartarako, Bilbo Piztuk eragile zein banako guztiei egin die dei ekitaldiz josia egongo den egunean parte hartzeko.